NAIZ

Animalien sufrimendurik gabeko jaiak «posible eta beharrezkoak» direla aldarrikatu dute Bilbon

Bilboko jaiak animalirik gabe izatea eskatzeko manifestazioa egin dute larunbat honetan, Animalistak kolektibo antiespezistak deituta. Diotenez, galera ekonomikoez gain, «animalia sufritzen ikustea helburu» duten jai batzuk sostengatze «kostu etikoa» dauka.

Udalaren jarrera ere salatu dute animalistek.
Udalaren jarrera ere salatu dute animalistek. (@RAntiespecistas)

‘La última embestida’ izenarekin (‘Azken erasoa’) eta Animalistak Bilboko kolektibo antiespezistak deituta, jai herrikoiak animalirik gabe izatea «posible eta beharrezkoa» dela aldarrikatzeko manifestazioa egin dute larunbat honetan Plaza Eliptikoan hasita eta Arriagan amaituta.

Mobilizaziorako deialdia egin zutenean adierazi zutenez, Vista Alegre Zezen-Plazan bederatzi eguneko zezenketak egin ziren, plazaren erdia baino gehiago hutsik zegoela. Gainera, bertaratu ziren askok Udalak doan utzitako sarreren bidez joan ziren. Beraz, plazan bestelako ekitaldiak egingo ez balira «galera handiak» izango lituzkeela uste dute.

2019an, Udalak hamabost urterako lizitazio bat sinatu zuen BMF ekitaldi-enpresarekin eta Chopera de toros ganadutegiarekin. Kolektiboaren arabera, azken horiek, Last Tour eta Get In-ekin batera, ikuskizun hori errentagarri bihurtzeko ardura hartu dute, «nahiz eta gero eta jende gutxiago doan plazara zezenketak ikustera».

Hortaz, «onartezina» ikusten dute beste urte batez Bilboko Udalak «gure herrian berriro ere odoletan bustitako jaiak ematea». Diotenez, ez bakarrik horrek dakartzan galera ekonomikoengatik, baizik eta, batez ere, «animalia sufritzen eta hiltzen ikustea helburu duen ikuskizun bat babesteak dakarren kostu etikoagatik».