Jon Ormazabal

Victor Estebanek badu bere agurra atzeratzeko motibo berri bat

Printzipioz abuztuaren 10ean du bere azken partida jokatzeko asmoa, Ezkarain, herriko festetan, baina Sollube taldeko kide bezala, Bizkaia Torneoko finala jokatzea dagokio, abuztuaren 22an, Kolitzari Abadiñon irabazita.

Victorrek ez du bere partida irabazterik izan baina finalean behar luke.
Victorrek ez du bere partida irabazterik izan baina finalean behar luke. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lehen ere jasoa da Victor Esteban bere herritar eta lankideen agur hunkigarririk, 2020ko urrian ekitaldi beroa izan zen Ezkarain, Baikoko grebaren baitan, pilotariak enpresan jarraituko ez zuela jakin zuenean. Zorionez, agur hura ez zen betirako izan eta aurrelariak pilota profesionalean jarraitzen du eta orain badu, abuztuaren 10erako, San Lorenzo festetako egun handirako prestatzen ari diren ekitaldia atzeratzeko motiborik. Izan ere, Aspek Bizkaia torneoko Sollube taldean iragarri zuen Ezcaraikoa eta talde horrek, Victorrek bere partida jokatu aurretik gainera, abuztuaren 22an Bilbon jokatuko den finalerako txartela eskuratu du Abadiñon.

Une oso gozoan den Zabalaren aurka sufritzea egokitu bazaio ere –18-6 galdu du– ez litzateke polita kantxan irabatzitako aukera honi uko egin beharra, baina etxean eta herriko egun handian agur esateak ere ederra behar du eta ikusteke dago zer gertatuko den.

Txapelketa polita bezain aldrebesa da Bizkaia Torneo hau, asteburu berean lau kanporaketa jokatu eta gero, finala bi hilabete beranduago jokatuko delako, Kolitza taldeko pilotakideek 24 ordu baino gutxiagoan bi partida jokatu behar izan dituzten bitartean. Eta bezperan Mallabian banakako bi partidak irabazita aurrera egin ostean, gaur handik oso gertu lehen bi partidak galduta, agur esan diote txapelketari.

Tanto bakarraz

Lau eta erdiko partidan Iker Salaberriak puntu bikaina lortu du, 273 pilotakada gurutzatu dituzten partidan Peio Etxeberriari 18-17 gailenduta. Goizuetarrak bizi erabili du pilota, hasieratik saiatu da tantoa azkar bilatzen 8 tanto egin ditu airez– eta denbora guztian aurretik joan da markagailuan, bezperan jokatuta zen aurkari baten aurka. Eta igarri dio ultzamarrak bezperako nekeari eta atsedenalditik bueltan Salaberriak partida oso bera aldera eramana zuela zirudien 17-13 aurreratu denean. Zenotzekoak, ordea, ez du amore eman eta, sakea lagun, partida hamazazpina berdintzea lortu du. Hala ere, azken tantoan goizuetarrak gantxo bikain bati esker lortu du bere taldearentzat lehen puntua.

Binakakoan, Altuna-Martijak 22-16 irabazi diete Ezkurdia-Rezustari partida polit eta gogorrean. Buruz Buruko finala galdu osteko lehen partida zuen gaurkoa amezketarrak eta oporretatik jokoz itzuli dela erakutsi du, denera 14 tanto egin baititu, hauetariko 9 airez, eta lau huts baino ez ditu egin. Bezperan bezala, Joseba Ezkurdiak ere partida ona osatu du, baina erditik aurrera nekea ere nabaritu du.

Bi atzelariek partida oso segurua egin dute, baina azkenerako Altuna eta Martija nagusitasunez gaildendu dira.