NAIZ

Dimisioa eman du Bermeoko EH Bilduko alkateak, alkohol tasa gainditu eta berehala

Ordu txikietan jasandako auto istripu baten ostean alkohol tasa gainditu duelako dimisioa eman du Bermeo alkateak. Ordu batzuk lehenago hartua zuen kargua Asier Larraurik, EH Bilduko zerrendaburuak. Segituan hartu du erabakia eta berehala onartu du ezkerreko indar independentistak.

Asier Larrauri, kanpainako kartel batean.
Asier Larrauri, kanpainako kartel batean. (EH Bildu Bermeo)

Asier Larrauri ez da Bermeoko alkatea izango. Kargua utzi du igande honetan, bezperan osoko bilkuran hautatua izan ostean, alkoholemia kontrol batean positiboa eman ondoren.

Ordu txikietan gertatu da dimisioa eragin duen pasartea. Solluben auto istripua izan du Larraurik, zenbait hedabideren arabera bere kotxea errepidetik aterata, eta Ertzaintza bertaratu denean alkohol proba egin eta tasa gainditu du alkate hautatutakoak.

Dimisioa oso ordu gutxitan gertatu da, 18.00ak aldera jakinarazi baitu EH Bildu Bizkaiak, bere sare sozialen bitartez. Larraurik berak sinatutako gutun baten bidez heldu da. Eta segituan onartu du indar politiko honen zuzendaritzak.

Barkamen eske

Gutunean zera adierazten du Asier Larraurik, gertatutakoa labur azaldu ondoren: «Sinetsita nago kargu publikoek portaera eredugarria izan behar dutela eta, hori gertatzen ez denean, pauso bat albora egitea erabaki dut. Gaur bertan, nire dimisio eskaera onartzeko eskatuko diot EH Bilduko zuzendaritza politikoari».

«Aldi berean, EH Bildun eta nire pertsonan konfidantza jarri zuten bermeotar guztiei barkamena eskatu nahi diet, eman zidaten ardurak eskatzen duen portaera eredugarria ez izateagatik», erantsi du.

«Talde bikaina dauka Bermeoko EH Bilduk eta ziur nago hurrengo urteotako bidea emankorra eta zoragarria izango dela», adierazi du gutun honetan.

EH Bilduk ere, azkar

Bizkaiko EH Bilduk segituan onartu du dimisioa: «Ezker subiranista zerbaitegatik nabarmentzen bada, bere sinesgarritasunagatik eta herriarekiko eta euskal herritarrekiko konpromisoagatik da, eta horrek behartu egiten ditu bere kargu publiko guztiak horren arabera jokatzera, hau da, jokabide eredugarria eta gardena izan behar dute derrigorrean».

«Horregatik guztiagatik, Bizkaiko EH Bilduren Mahai Politikoak onartu egin du Asier Larraurik aurkeztutako dimisioa. Era berean, eskerrak eman nahi dizkio dimititu duen Bermeoko alkateari bere udalerriaren eta ezker subiranistaren alde egindako lanagatik», adierazi du.