Egitasmoaren sustatzaileek gogora ekarri dute 1722an, eraiki zenean, Donostiako Parte Zaharraren erdian dagoen plazari Plaza Berria izena jarri zitzaiola, «baina politikaren beroaldiak 1820ean Cadizko Konstituzioaren omenez ‘Plaza de la Constitución’ izena jartzera bultzatu» zituela garaiko agintariak. Hala ere, herritarrek Plaza Berria izena erabiltzen jarraitu zutela nabarmendu dute eta belaunaldiz belaunaldi izendapen horri «eutsi» egin zaiola. «Horregatik, 1897an Udal Batzarrak erabaki bitxia hartu zuen: plazaren izena gazteleraz ‘Plaza de la Constitución’ izango zela eta, euskaraz, Plaza Berria», ekarri dute gogora.
1936an frankistek aldatu zioten izena, ‘Plaza del 18 de julio’ izendapena ezarriz –euskarazko aldaerarik gabe–, baina hiritarrek ‘La Custi’ erabiltzen jarraitu zuten. 1979an atzera egin eta Konstituzioaren izendapenak berreskuratu zituen –‘Plaza de la Constitución’ eta, euskaraz, Konstituzio Plaza–, «ez dakigularik ze Konstituziori dagokion, 1812koa edo 1978koa», jarri dute azpimarra, eta berretsi dute euren iritziz Parte Zaharraren bihotzean dagoenarentzat Plaza Berria dela «izen egokia, tradiziozkoa eta inor baztertzen ez duena».
Donostiarrek ezarritako izendapena
Hala, ekimena izenpetu duten elkarte, eragile eta pertsonek Plaza Berria izendapena –eta gazteleraz Plaza Nueva– erabiliko dutela zehaztu dute, «plazari donostiarrek eman zioten izena behin betiko berreskuratuz».
Era berean, egitasmoarekin bat egiten duten donostiarrei era berean joka dezatela eskatu diete eta baita eragile eta komunikabideei ere, «gure erabilera errespetuz har dezaten» eskatu baitiete.
Sinatzaileen artean daude Jule Goikoetxea, Joseba Tapia, Mari Luz Esteban, Donostiako Piratak, Urko, Oihana Maritorena, Fito Rodriguez, Xabier Peñalver, Parte Zaharrean Bizi, Mikel Legorburu, Mariasun Landa, AEK, Arrano Kultur Elkartea, Jose Iggazio Ansorena, Ramon Agirre... eta kultura eta gizarte arloko beste hainbat elkarte, eragile eta norbanako.