Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Irulegiko «potentzial handiko gune» batean, inoizko kanpaina luzeena egingo du Aranzadik

Aranzadi Zientzia Elkarteak Irulegiko aztarnategian uda honetan egingo duen kanpaina aurkeztu du. 100 metro karratuko «potentzial handiko gune bat» da eta hiru hilabetez izanen dira bertan, ia 100 Historia eta Arkeologia ikaslerekin batera.

Aranzadi elkarteko kideak, Irulegiko mendia atzean dutela.
Aranzadi elkarteko kideak, Irulegiko mendia atzean dutela. (Iñigo URIZ)

Irulegiko aztarnategian datozen hiru hilabeteetan egingo duen arkeologia kanpaina aurkeztu du Aranzadik, iazko azaroan Irulegiko Eskua aurkitu eta aurkeztu osteko lehena. Inoiz bertan egin duten indusketa kanpaina luzeena izango da eta jendetsuena, ia 100 ikaslek lagunduta ariko dira-eta.

Agerraldia aztarnategian iragarrita baldin bazegoen ere, eguraldiaren ondorioz Ilundainen egin dute Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek. «Horrelakoa da gure lana, beti zeruari begira, nekazariak bezala», adierazi du Irulegiko aztarnategiko zuzendari den Mattin Aiestaranek. Baina dagoeneko berreskuratu dituzte hainbat pieza, astebete baitaramate lanean, eta gaur goizean hauek garbitzeko lanetan ari ziren Gongora jauregian, aztarnategian aritzeko baldintza onenak ez ziren-eta. Irailaren 17ra arte luzatuko da kanpaina.

Hiru hilabete hauetan helburu konkretu batzuk zehaztu ditu Aiestaranek: orain arte ezezaguna zen 100 metro inguruko eremu bat industea. «Orain arte egon garen tokiari jarraiki, orain arte ireki ditugun bi etxebizitza eta kale horri jarraiki, beste aldeko auzoa ikertzen ahaleginduko gara. Badakigu egindako miaketa geofisikoei esker potentzial handia duen gunea izanen dela», azaldu du.

Funtsean, eraikin oso bat induskatu eta Irulegiren eskua agertu zen herriaren okupazio faseen ikerketan sakontzea da kanpaina honen jomuga. «Badakigu Burdin Aroan gutxienez kronologia desberdinetako hiru herri gainjarriak daudela» eta hauek industen jarraitzea «funtsezkoa da duela 2.000 urteko baskoien gizartea hobeto ulertzeko».

Bertan emaitza «onak» aurkitzea aurreikusten dutela adierazi du, aztarnategia «sekulakoa» dela argudiatuta. «Baditugun galdera arkeologikoei erantzutea. Batetik badugulako asmo hori, lehenagotik datorren ibilbide zientifiko eta tekniko horri jarraipena ematea, eta urtero sortzen doazen galderei erantzunak ematea», zehaztu du indusketaren zuzendariak.

Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo teknikariek Historia eta Arkeologiako ia 100 ikasleren laguntza izango dute. Bertan hauei formakuntza bat eskainiko zaie, bai praktikoa, bai teorikoa. Ikerlari gazte hauek babesteko crowdfunding kanpaina bat abiatu dute. Azaldu dutenez, laguntza hori hainbat aztarnategitarako bisitekin sarituko dute, horien artean Irulegikoa.

Eskua, Nafarroako museora

Aiestaran hainbat ikertzailek lagunduta egon da gaurko agerraldian; nafar Gobernuko arkeologia teknikaria den Jesus Garcia Gazolaz eta Aranguren bailarako alkate den Manuel Romero ere bertan izan dira. Irulegiko aztarnategia kultura ondasun deklaratu dutela nabarmendu du Gazolazek, «aztarnategia babesteko» helburuarekin. «Lursailei eman dakizkiekeen erabilerek aztarnategia babestu, aztertu eta ezagutaraziko dutela bermatzen du».

Era berean, jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuaren arkeologia funtsetan zainduta dagoen Irulegiko Eskuaren zaharberritze prozesua osatzen ari dira, eta «epe laburrean» Nafarroako museoan erakusteko helburua daukate.

Bisita jasangarriak

Bere aldetik, Romerok onartu du Eskuaren aurkikuntzak Udalak aurreikusita ez zuen «ikusmin handia» sortu duela. «Azpiegiturarik gabe harrapatu gintuen jendeak Irulegi, Aranguren ibarra eta Irulegiko Eskuari dagokiona bisitatu ahal izateko».

Hau iraultzeko asmoz, jakinarazi du gaur agerraldia egin duten soroa «aparkaleku berde» bihurutuko dela uztailaren erdirako. Lan hauek Kongresuan, EH Bilduren ekimenez, onartutako 300.000 euroko partida bati esker egingo dira.

«Eskua herritar guztiek bisitatu ahal izatea» nahi du Arangurengo alkateak, «pertsonak eroso senti daitezela». Hori bai, «herriek aurretik zuten bizitza aldatu gabe», nabarmendu nahi izan du, turismo «jasangarri» baten aldeko apustua eginez.