Jon Ormazabal-Zuriñe Iglesias

Iñaki Osa Goikoetxeak bere 27 urteko ibilbide arrakastatsuari amaiera ematea erabaki du

«Nik utziko dut zesta, ez zestak ni», hori nabarmendu du Goikoetxeak Zumaian egin duen prentsaurrekoan. 16 urterekin egin zuen profesionaletako debuta Milanen. Denera hamahiru buruz buruko txapel eskuratu ditu eta beste zortzi binakako. Winter Serieseko txapelketa amaituta hartuko du erretiroa.

Iñaki Osa, agurra iragartzeko agerraldian.
Iñaki Osa, agurra iragartzeko agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zesta punta Euskal Herrian aspaldiko bere unerik onenetako bat bizitzen ari denean, kirol honetako erreferentzia nagusietako batek, nagusia ez bada, bere 27 urteko ibilbide arrakastatsua amaitutzat ematera erabaki du 43 urte betetzear dela. Herrian bertan, Zumaian, eman du erabakiaren berri Iñaki Osa Goikoetxeak.

«Nik utziko dut zesta, ez zestak ni», hori adierazi du Goikoetxeak kazetariek galdetu diotenean zergatik utziko dion zestan jokatzeari. Hilabeteak zeramatzan pentsatzen erretiroa hartu ala ez, eta, haren ustez, momentu «polita» da hori egiteko.

«Fisikoki ondo sentitu naiz orain arte, baina azkenean profesionala izatea eta norberak erabakitzea noiz nahi duen bukatzea, uste dut hori baino altxor hoberik ez dagoela. Urteak aurrera doaz eta ez dakizu zer egunetan hartu erretiroa, baina uste dut inportantea dela goi mailan lagatzea pilotan jokatzen», nabarmendu du zumaiarrak.

Jende asko hurbildu da Zumaiako Foronda jauregira; kazetariez gain, Goikoetxearen senideak, eta hainbat pilotari izan dira bertan. Zumaiarrak hitza hartu duenean, begiek dir-dir egiten zioten, hunkituta zegoen senaile. Winter Serieseko txapelketa izango da jokatuko duen azkena. 2024ko otsailean bukatuko da. Ondoren, aurreratu duenez, Eraman enpresako kirol arduradun bezala hasiko da lanean. Beraz, zestaren mundutik ez da aldenduko.

Egin duen ibilbideaz ere mintzatu da zumaiarra eta adierazi «pribilegiatu bat» dela, «urte guzti hauetan jokatu izanaz». Oro har, aurrelariak nabarmendu du «oso pozik» dagoela osatu duen ibilbideaz, beti saiatu delako ehuneko ehuna ematen, eta bere asmoa izan delako «ikusleek ondo pasatzea».

Profesionaletan debuta Milanen egin zuen, 16 urte zituela, eta urtebete beranduago eman zuen Amerikako Estatu Batuetarako jauzia, Newporten lehenengo, Floridan gero eta amaitzeko Miamin beste 13 denboraldi osatu zituen. Haren hitzetan, Miamin egin ditu bere kirol ibilbideko urterik «onenak», eta han «gozatu» du gehien: «Miamin pilotari onenak zeuden, eta han jokatzea emozionantea izan zen».

Gorputz sendokoa, indarra, abiadura eta, batez ere, talentua izan dira zumaiarraren dohainik garrantzitsuenak. Palmaresari dagokionean, beste inork lortu ez dituen zenbakiak batu ditu Goikoetxeak, hamahiru aldiz lortu baitu buruz buruko txapela eta beste zortzitan binakakoa. AEBtan ere bost aldiz eskuratu zuen kinieletako koroa hirukoitza famatua.

Beti lehiakor

Joan-etorri askoren ostean, 36 urterekin Euskal Herrian geratzea erabaki zuen, «herrian hasi eta bukatu» nahi zuelako bere kirol ibilbidea. «Pozgarria da Zumaian jokatzea; familia, lagunak eta jende ezagun asko dago hemen, espero dut jende asko etortzea eta nirekin batera disfrutatzea».

Azken urteetan buruz buruko txapelketan parte hartzeari uko egina bazion ere, orain arte lehiatzen jarraitu du eta maila oso onean, gainera. Urrutiegira joan gabe, azken asteburu honetan Donostiako Grand Slamaren txapela jantzi zuen Gorka Sorozabalekin batera, Erik Mendizabal-Del Riori bi setetan gailendu ostean.

Larunbat honetan jokatuko ditu Master Serieseko finalerdiak, Zumaian, Manzirekin batera, Johan eta Del Rioren aurka. Ondoren, beste hainbat frontoitan jokatuko du: Donibane Lohizunen, Pauen, Gernikan, Biarritzen, Hondarribian, Durangon, Madrilen, eta azkenik, bere ibilbidea bukatuko du Winter Series txapelketa jokatzen. Azken partida horiei begira duen helburuaz galdetuta, adierazi du ez duela «azken urteetan irabazteko edo galtzeko izan duen presiorik edukiko», eta disfrutatzen eta bere bertsiorik onena ematen saiatuko dela.

Kirol lorpenez harago, antzinako kirol honi haize berriak ekarri dizkionetako bat izan da, duela urte batzuk Red Bull etxearekin sinatutako akordioarekin. Besteak beste, Guiness errekor bat ere hautsi zuen, pilota 313 kilometro/orduko abiaduran jaurtita. Horretarako, enpresa austriarraren boterea baliatu zuen, karbonozko saski bat fabrikatuz.

Hala ere, berak zestari egin dion ekarpenaz galdetuta, umiltasun osoz erantzun du hori jendeak esan behar duela, eta bera beti saiatu dela «kantxa barruan ahalik hoberen egiten» eta eman dizkioten aukerak aprobetxatzen.