NAIZ

Maddalen Iriarte: «Ez gara sartuko EAJk eta PSEk PP zuritzeko egindako negoziaketetan»

EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkideak astearte honetan akreditatu dira, eta Gipuzkoa alderdi subiranistak lideratu behar duela berretsi du Maddalen Iriartek. Politikan «eskrupuluak izatea» garrantzitsua dela esan du, eta ez dela EAJ-PSE-PP negoziaketetan sartuko.

EH Bilduko batzarkideak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, akreditatu ondoren.
EH Bilduko batzarkideak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, akreditatu ondoren. (Maialen Andres | FOKU)

Astearte goizean jaso dute EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideek batzarkide egiaztagiria, eta Maddalen Iriarte ahaldun nagusigaiak adierazi du EH Bildu ez dela sartuko «EAJk eta PSEk PP zuritzeko egindako negoziaketetan». Lehendakaritzarako eta lehendakariordetzarako beren burua bozkatuko dutela esan du, «herritarrek lurralde honetako lehen indar bilakatu dutelako EH Bildu», eta idazkarien hautaketarako Elkarrekin Podemoseko hautagaia babestuko dutela. Ekainaren 23an, ostiral honetan, 10.00etan abiatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusiak hautatzeko plenoa.

Akreditazioaren ondorengo adierazpenetan Iriartek azaldu du alderdi subiranistak ez duela «inongo akordiorik» onartu beharrik Batzar Nagusietako lehendakaritzaren inguruan, «EH Bilduk irabazi baititu hauteskundeak». EAJ eta PSEri erreferentzia eginez, «politikan eskrupuluren bat izatea garrantzitsua» dela adierazi du, eta herritarrek politika egiteko modu batzuk jada agortutzat jo dituztela gaineratu.

«Berehala eta martxan erantzun beharreko trantsizioak, premiaz erantzun beharreko gaiak, eta etorkizuna prestatzeko ezinbestekoak» ahalik eta azkarren abiatu behar direla mahaigaineratu du Iriartek. Transtizio ekosoziala eta energetikoa aipatu ditu lehendabizi, «industrian, azpiegituretan, mugikortasunean edota lehen sektorean duten eraginagatik».

Erronka demografikoari lotuta, «zahartzen ari den gizarte honetan zaintzen eraldaketa eskatzen da», eta era berean gazteei «irtenbideak ematea» garrantzitsua dela azpimarratu du. Hizkuntza eta kultura ere bultzatu beharreko gaiak direla esan du, eta emakume eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak gainditu behar direla aldarrikatu du jarraian: «Politika paliatiboetatik, politika feministetara jauzia ematea lehentasunezkoa da».

Amaitzeko, erronka horiei erantzuteko «fiskalitate berri bat» beharrezkoa dela azaldu du Iriartek, justuagoa eta progresiboagoa.