EH Bilduk aurkeztu ditu Gasteizen Arabako Senatu eta Kongresurako zerrendak. «Datorren uztailaren 23an Arabak eta Euskal Herriak asko dute jokoan, izan ere, Estatu mailan ez dago Gobernu aurrerakoi posiblerik EH Bilduren babesik gabe. Eta gu gara Estatu mailan ere ezkerreko politikak gauzatzeko berme bakarra. Are gehiago, EH Bildu da arabarron interesak lehenetsi eta defendatuko dituen indar bakarra, bestelako interes partidistak alde batera utziz», nabarmendu du Josu Estarrona Senaturako zerrenda buruak.
Estarrona Kongresurako zerrenda burua den Iñaki Ruiz de Pinedorekin batera agertu da komunikabideen aurrean. Honen esanetan, «ilusioz eta konbentzimenduz helduko diogu uztailaren 23ko erronkari. Izan ere abantaila bi ditugu: batetik, esaten duguna egiten dugula demostratu dugula azken lau urteotan eta bestetik, EH Bilduk lortu dituen akordioei esker arabarrok eta orohar herritar guztiak hobeto bizi garela eta eskubide gehiago ditugula».
«Adibide asko daude. Hor ditugu pentsioen igoera, etxebizitzaren legeari esker lortu diren alokairuak mugatzea edota kaleratzeak baldintzatzea. Hor dago ere bai memoria historikoaren legea, azken finean, beste batzuek orain bertan behera utzi nahi dituen lege eta akordio horiek guztiak», gaineratu du, eta azpimarratu du «agerikoa» dela EH Bildu dela «Euskal Herrian eta bere herritarren beharrizan eta interesen defentsan ari den indar politikoa, indar politiko bakarra».
«Inboluzioaren aurrean», datozen lau urteotan EH Bildu herritarren eskubide sozial eta politikoen defentsan arituko dela azpimarratu du.
Senatari bat lortzea, «historikoa»
Bestetik, Estarronak argi utzi du EH Bildurentzako uztailaren 23ko hauteskundeak ez direla «beste hitzordu bat edo beste partida bat, baizik eta pasa den maiatzaren 28ko bigarren buelta bat».
«Orduan esaten genuen EH Bildu gora doan indar politiko bat dela. Zergatik? Entzuten dugulako eta interes partidistatik haratago herritarren kezkei zein arazoei erantzunak eta soluzioak ematen dizkiegulako. Inoizko emaitzarik onenak atera ditugu», esan du, Araban udal hauteskundeetan EH Bildu lehen indarra izan zela nabarmenduz.
«Gau magikoa iragarri genuen eta bete egin genuen. Orain gau magiko hori errepikatzera goaz. Izan ere, lehen aldiz ezker subiranistak senatari bat izan dezake Arabatik. Hori ere historikoa da eta arabarron esku dago», adierazi du.