NAIZ

Isun handiarekin zigortu dute Hazparnen gaztetxea aldarrikatzeko eginiko okupazio ekintza

2021ko irailaren 4an Davidenia okupatu zuten gazteen sostenguz Hazparnen eginiko manifestazioa.
2021ko irailaren 4an Davidenia okupatu zuten gazteen sostenguz Hazparnen eginiko manifestazioa. (Patxi BELTZAIZ)

Baionako Auzitegiak ostegun honetan jakitera eman du iragan maiatzean eginiko auziari buruzko erabakia, eta Hazparneko gazte asanbladako kide bati 600 euroko isuna ezartzeaz gain –400 ordaintzeko beharrik gabe– bertze 6.100 euroko zigorra agindu dio, kalte-ordain gisa eta defentsa gastuak estaltzeko.

2021eko agorrilean Hazparneko erdialdean hutsik zen etxea okupatu zuten gaztetxea aldarrikatzeko. Ekintza horretan parte hartzea egotzita, gazte bat epaitu zuten iragan maiatzaren 25an Baionan.

Lapurdiko hiriburuko auzitegiak gaztea erruduntzat jo eta zigor ekonomiko astuna ezarri dio ostegun honetan. Fiskalak 600 euroko isuna eskatu zuen, horietarik 300 ordaintzeko beharrik gabe. Alta, jujeak zigor handiagoa eman dio gazteari, ‘Mediabask’ hedabideak zehaztu duenez.

27 urteko neska erruduntzat jo ondoren, epaileak 600 euroko isuna ezarri dio aurrena. Horietatik 400 ez ditu ordaindu beharko berriro ere deliturik egoten ez badu.

Horrez gain, beste hainbat zigor ekonomiko gaineratu ditu epaileak: 1.400 euro prozedura administratiboa ordaintzeko, 1.578 euro hutsik zen etxean sorturiko «kalte materialengatik», 2.000 euro etxeko jabeari eragindako «kalte moralengatik» eta, azkenik, 1.200 euro abokatuaren eta auziaren gastuak estaltzeko.

Gazte asanbladak lehenagotik azaldu zuenez, jujeak bere kidea errunduntzat joz gero, gertatu den bezala, «era kolektiboan» erantzunen diote zigorrari.

Gauzak horrela, zigorra jaso duen neska gazteak ez du helegiterik ezarriko.

Molina abokatuaren haserrea

«Guztiz haserre nago, finean diruaren afera bilakatu baita auzia, eta hori oso tristea da», deitoratu du gaztearen defentsa eraman duen Yolanda Molina abokatuak.

Gaztetxeak, berriz, elkartasun elkarretaratzea deitu du, ostegun honetan, 19.30ean, Hazparneko plazan auziaren emaitza salatzeko.

Oroitzearren, Tattola Gaztetxeak 2020ko urtarrilean bere ateak itxi ondoren, gaztetxe berria lortzeko kanpaina abian eman zuen gazte asanbleak.

Gauzak ez aurrera ez atzera zirenez, 2021ko agorrilaren 21ean hamar urte baino lehenago hutsik zeraman Davidenia etxea okupatu zuten.

Etxean konponketak egin eta hainbat kultur ekimen antolatu zituzten gazteek beraien aldarrikapenak aitzinerako xedez.

Hirugarren adineko egoitzan dagoen etxearen jabeak salaketa ezarri ondoren, Prefeturak kanporatze agindua eman zuen.

2021eko irailaren 13an Davidenea etxea hustera heldu ziren, goizean goiz, jendarmeak. Bertan ziren gazteak kanporatu eta horietako bi polizia-etxera deituak izan ziren arratsaldean bertan. Herrian manifestazio jendetsua egin zuten Prefekturak agindutako operazioa salatzeko.

Operazio horren ondorioz heldu zen iragan maiatzean Baionan egin zen auzia.

Gaztetxe berria izanen da Hazparnen

Paradoxikoki, gaztetxe berria sortzeko prozedura azkartzeko balio izan zuen okupazioak.

Hala, hemendik hilabete batzutara, Herriko Etxearekin hala adostuta egoitza berria eskuratuko dute Hazparneko gazteek.

Garaian ezinezkoa zena, egia bilakatuko da laster. Hazparnen 500 bat etxe hutsik badirela oroitarazi dute gazteek, egoitza lortzeko auzia etxebizitza eskubidearekin lotuz.

Alta, Baionako epaitegiak Hazparneko gaztetxearen gaineko gatazkari irtenbidea emateko baliagarria demostratu zen okupazio sinboliko batean parte hartu zuen gazte bat zigortu.