NAIZ

Abortu eskubidea AEBn, larriagotzeko bidean den distopia bat

AEBetako Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubidea indargabetu zuen duela urtebete, baina errepublikanoek are urrunago joan nahi dute eta, besteak beste, antisorgailuak, abortu-pilula eta haurdunaldia eteteko estatu batetik besterako bidaiak debekatu nahi dituzte.

Abortuaren aldeko mobilizazioa, Ipar Carolinan
Abortuaren aldeko mobilizazioa, Ipar Carolinan (Bob Karp | Europa Press)

AEBetako Auzitegi Gorenak abortu-eskubidea indargabetu zuenetik urtebete igaro denean, kontserbadoreek emakumeen ugalketa-eskubideak ahalik eta gehien murrizteko neurriak aurkeztu dituzte. Oraingoan, errepublikanoek gobernatzen duten zenbait estatutan abortu-pilularen erabilera debekatzeko legeak aurkeztu dituzte.

Gaur egun, herrialdeko 20 estatutan guztiz edo neurri batean abortua debekatuta dago; horien artean, Texas, Ipar Carolina, Florida, Kentucky edo Georgia. Berriz, 25 estatutan oraindik emakumeek legez abortatu dezakete; besteak beste, Michigan, New York, Washington edo Coloradon. Hori dela eta, abortatu nahi duten emakumeei legala den estatuetara bidaiatzea debekatzeko lege proposamenak aurkeztu dituzte.

Horren aurrean, emakumeen ugalketa-eskubideak urratzen dituzten erabaki hauek gizartearen haserrea ekarri dute; gero eta herritar gehiago abortu seguru eta legezko baten alde mobilizatu da AEBetako kaleetan. Hala ere, zenbait estatutan neurriak aurrera atera dira; adibidez, Ipar Carolinan uztailak 1etik aurrera abortatzeko denbora muga 12 asteetara murriztuko dute; lehen 20 astera arte abortatu zezaketen.

Lege horrek emakumeengan «ondorio oso larriak» ekarriko dituela adierazi du Amber Gavinek, A Woman's Choice erakundeko lehendakariordeak, azken finean abortatzeko denbora izatea guztiz beharrezkoa baita. Gainera, lege berri horrekin abortatzea erabakitzen duten emakumeek nahitaez ospitalean «hitzaldi informatibo» bat jaso beharko dute abortatu baino 72 ordu lehenago.

Data berean, Wyomingen abortu-pilula debekatzeko legea indarrean ere jarriko zen, baina zenbait elkarteek legea atzera botatzea lortu dute. Oraingoan, abortuaren debekua ere atzera botatzeari ekingo diote. Horren aurrean, Mark Gordonek, Wyomingeko gobernadoreak, proposatuko neurriak «ume ez jaioen eskubideak» defendatzeko beharrezkoak direla adierazi du.

Demokratak abortuaren defentsan

Abortu eskubidearen kontrako olatu kontserbadorearen aurrean, demokratek hurrengo hauteskundeetarako kanpainak gaiaren inguruan ardaztu dituzte. Horren adibidea da, Rachel Huntek, Ipar Carolinako lehendakariorde izateko hautagai demokratak, egin duena. Huntek adierazi du jendeak duen haserrea batu behar dutela eta abortu seguru baten alde demokratak bozkatu behar dituztela hurrengo hauteskundeetan.

Horren ildotik, Joe Biden ABEetako presidenteak emakumeen ugalketa-eskubideak babesteko neurri berri bat aurkeztu du gaurkoan; hain zuzen ere, antisorgailuak eskuratzeko aukera erraztuko duena. Neurri horrek azkenengo urtean emakumeei ukatutako osasun eskubidean neurri batean bermatzeko helburua izango dute.