NAIZ

Helburuak lortuta, Aldak amaiera eman dio Biarritzen eginiko okupazioari

Joan zen astelehenean Biarritzeko erdigunean kokatzen den apartamenduan sartu ziren Alda elkarteko kideek amaitutzat eman dute ekintza «helburu guztiak lortu ondoren». Baimenik gabe pisu turistiko gisara eskaintzen zen bizitokia urte osorako alokagai emanen du jabeak.

Ekintzaileek behin-behineko garaipena ospatu dute.
Ekintzaileek behin-behineko garaipena ospatu dute. (@Alda_EH)

Joan zen astelehen goizean Biarritzeko Pestre etorbidearen 6. zenbakian kokatzen den bizitoki batean sartu ziren Alda elkarteko 20tik gora lagun.

Aitzinetik 450 euro ordaindu zuten pisu turistiko gisara jarduteko Euskal Elkargoak finkatu zuen konpentsazio araua betetzen ez zuen etxebitza horretan hiru eguneko egonaldia egin ahal izateko.

Iragan martxoan indarrean sartu zen konpentsazio arauak hala aginduta, alokairu turistikoa eskaintzen duen orok bigarren ondasuna behar du merkaturatu.

Metro karratuko mila euroko isuna hartzeko arriskua hartzen du etxebizitza turistikoen hazkundeari aurre egiteko araua betetzen ez duen maizterrak. Bere ekintzaren bidez araua hori betearazteko borondatea eskatu du Alda elkarteak.

Bart plazaraturiko agiriaren bidez Biarritzen jardun zuten ekintzaileek jakitera eman zutenez, «heburu guztiak lortu ostean» amaitutzat ematen dute etxebizitza turistikoen alokairuaren merkatuan sortzen duten desoreka salatzeko eginiko protesta.

Urte osorako alokatuko da bizitokia

Lehenik eta behin okupatutako apartamenduaren jabe den Elimala SARL sozietateak aipaturiko etxebizitza urte osorako alokairu gisara eskaintzeko urratsa egin duela baieztatu du Aldak.

«Bere jatorriko funtzioa berreskuratuko du bizitoki horrek Biarritzen etxe alokairuan lortzeko itxaron zerrendan dagoen herritar baten mesedetan», goraipatu du elkarteak.

Era berean, etxebizitza turistiko ilegal hori ez dela agertzen gehiago Gites.fr webgunean eta ezin dela ez da ere Booking.fr-en bidez alokatu -nahiz eta iragarkia guztiz ez den desagertu- jakitera eman du Aldak.

Biarritzeko Herriko Etxera joko du Aldak tokiko erakundeak bigarren webgune horrengana jo dezan «bete behar dituen ardurak» argi eta garbi uzteko.

Edonola ere, Aldak hirugarren helburua bete du, hain zuzen Booking.fr webguneak egonaldi labur batentzat apartamendua «alokatu» zuten ekintzaileei 450 euro horiek bueltatu dizkielako.

Okupazioaren denboran eraikin berean bizi den beste herritar batek jaso duen desmasiaren berri izan zuen Aldak, etxe-jabe berak alokatzailearentzat kaltegarria zen kontratua sinaraztea egin ziolako.

Abokatu batengana jo du elkarteak adineko emazte horrek ordaindu duen gehiegizko alokairua berreskuratu dezan eta bere kontratua aldatua izan dadin.

Laburbildurik, Aldak okupazioari amaiera eman dio baina ez, ordea, etxebizitzaren aldeko kanpainari.

Hala, elkarteak oroitarazi duenez, Biarrizko Herriko Etxea berak onartu duenez, mila bat bizitokik ez dute gaur gaurkoz betetzen konpentsazio araua Lapurdiko kostaren hirian.

Aldak emandako datuen arabera egun 1.600 eta 2.000 bizitoki turistikok ez lukete konpentsazio araua beteko Ipar Euskal Herrian. Bizitoki horien jabeek, legez, eskualde berean antzeko ezaugarriak dituen bigarren bizitokia urte osorako alokagai eman behar dute.

Legetik at diren etxebizitza horiek lehenbaitlehen berreskuratzeko bidean araua zorroztasunez aplikatu dezaten galdegin die Aldak bai Euskal Elkargoari baita tentsiopeko gunean kokatzen diren 24 herrietako tokiko agintariei ere.