NAIZ

Melillako sarraskiaren urteurrenean EBko migrazio politika salatu dute Baionan eta Donostian

Herritar multzo bana elkartu da Baionan eta Donostian, Melillako sarraskiaren lehenengo urteurrenean. Egun Europar Batasunean indarrean dagoen migrazio politika salatu dute eta «bereizketarik gabeko harrera» aldarrikatu.

Melillako sarraskia gogoratu eta salatu dute Baionan.
Melillako sarraskia gogoratu eta salatu dute Baionan. (Patxi BELTZAITZ)

Gaur da urtebete Maroko nahiz Espainiako segurtasun indarrek Melillako hesi txarrantxaduna gurutzatzen saiatu ziren ehunka pertsonen kontra eraso egin zutenetik. Ondorioz, GKEen zifren arabera, 37 pertsona hil ziren eta beste 77 desagertu. Sarraskiaren urteurrena migrazio politika hiltzaileak salatzeko eta «bereizketarik gabeko harrera» aldarrikatzeko baliatu dute Baionan eta Donostian.

Asteartean izan zen Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna eta egun horretan mobilizazioak izan ziren Bilbon eta Gasteizen. Larunbat honetan, aldiz, Lapurdi eta Gipuzkoako hiriburuetan elkartu da hainbat herritar, elkarte eta plataforma ugarik deitutako mobilizazioak babestera, hain zuen, Melillako sarraskiaren lehenengo urteurrenean. Gogora ekarri dute urtebete igarota ere «inork» ez duela erantzukizunik bere gain hartu. Kontrara, 470 pertsona migrante kanporatu zituzten, asilo esakerak egiteko aukerarik eman gabe. Fiskaltzak legezkotzat jo zituen kanporatzea eta kasua artxibatu zuen.

«Melillako sarraskia salatzen dugu, bai eta estatuek Europaren atarian ez ezik Europako herrialdeen artean ezarri dituzten traba eta mugak ere, milaka errefuxiaturen heriotza eragiten baitute», adierazi dute Baionako ekitaldia deitu duten plataformek.

Donostian, ildo beretik migrazio gaietan antzematen duten «noraez politikoan erabateko aldaketa» egin behar dela aldarrikatu dute, besteak beste, «asilo bila dabiltzan pertsonen eskubideak betetzeko». Halaber, Europar Batasuneko mugetan gertatzen diren heriotzek arduradunak dituztela gogoratu dute eta erantzukizunak hartzea galdegin dute.