NAIZ

Etxean irekiko dute Liga Bera Berak eta Beti Onakek Granollers eta Guardesen aurka

Super Amara Bera Berak Granollers hartuko du irailaren 2an Josean Gasca kiroldegian, Guerreras Iberdrola 23-24 Liga irekitzeko, eta Beti Onak, aldiz, Atletico Guardesen aurka arituko da Atarrabian. Liga erregularra etxean ere amaituko dute bi taldeek, martxoaren 23an, Valladolid eta Eldaren aurka.

Bera Berak eta Beti Onakek urriaren 21ean jokatuko dute lehen derbia 2023-2024 denboraldian.
Bera Berak eta Beti Onakek urriaren 21ean jokatuko dute lehen derbia 2023-2024 denboraldian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Espainiako Eskubaloi Federazioaren egoitzan egin da astearte goiz honetan Guerreras Iberdrola 2023-2024 denboraldiko egutegiaren zozketa. Super Amara Bera Berari 10. zenbakia egokitu zaio, beraz, etxean hasi eta amaituko du lehiaketa, Beti Onak talde nafarra bezala. Gogoratu behar da bi hauek izango direla euskal talde bakarrak, Zuazok maila galdu baitzuen azken denboraldian.

Gauzak hala, Bera Berak KH7 BM Granollers hartuko du irailaren 2an Josean Gasca kiroldegian, lehenengo jardunaldian, eta Beti Onak, aldiz, Atletico Guardesen aurka arituko da Atarrabian.

Lehen partidaren ondoren, irailaren 5ean, asteazkena, Eldara joango da talde donostiarra, Urrezko Mailatik igo den talde baten aurka jokatzeko. Hala ere, partida hori alda daiteke irailaren 9-10eko asteburuan bi partidatara jokatuko litzatekeen Iberiar Superkoparen arabera. Beti Onaken bigarren partida etxetik kanpo izango da, eta beste aurkari zail bat izango du aurrean: Malaga.

Bera Beraren kasuan, irailaren erdialdetik aurrera, aldapa igotzen hasiko da; izan ere, Mecalia Atletico Guardes hartuko baitu (irailaren 16an), irailaren 23an Malagara joango da –ziurrenik Europako txapelketan murgilduta aurkaria edo biak–, hurrengo astean Porriñok Gasca bisitatuko du, eta lehen etenaldiaren aurretik, urriaren 7an, Elxen aurka neurtuko ditu indarrak.

Urriaren 21ean iritsiko da lehen derbia 7. jardunaldian. Donostian jokatuko dute bi taldeek eta bigarren itzuleko beste derbia 2024ko otsailaren 17an izango da, 18. jardunaldian, Atarrabian.

Bigarren itzuliaren hasiera abenduaren 22an izango da. Bera Berak Granollersen jokatuko du eta Beti Onakek Guardesen etxean. Liga erregularreko azken partidak, aldiz, martxoaren 23an izango dira.

Apirilean, 2024ko Europako Txapelketara sailkatzeko bi partida jokatuko ditu Espainiako selekzioak; apirilaren 12tik 14ra, Olinpiar Jokoetan parte hartzeko sailkatze fasea eta apirilaren 20an eta 27an Ligako final-laurdenak. Finalerdiaren joanekoa maiatzaren 4an izango da, maiatzaren 10etik 12ra Kopa, maiatzaren 18an finalaurrekoaren itzulera eta finala, joan-etorrira ere, maiatzaren 25ean eta ekainaren 2an.