NAIZ

Txernobil inguruan bizi diren 89 haur gaur iritsiko dira Euskal Herrira, uda igaro asmoz

Beste urte batez, Txernobil inguruan bizi diren haurrak Euskal Herrira iritsiko dira gaur, bertako familiekin uda igarotzeko. Aurten 89 izango dira eta bi hilabetez egonen dira.

Txernobileko hainbat haur Euskal Herrian, aurreko urte batean.
Txernobileko hainbat haur Euskal Herrian, aurreko urte batean. (Chernobil elkartea)

Asociación Chernobil elkarteko familiek Ukrainako 89 haur hartuko dituzte uda honetan. Gaur bertan iritsiko dira adin txikikoak Euskal Herrira eta bi hilabetez egonen dira harrerako familiekin. «Herriak bizi duen egoera gorabeheratsua dela-eta», itzulera data ez dute zehaztu, baina abuztuaren amaieran izatea aurreikusten dute.

Haur guzti hauek Txernobileko zentral nuklearrak kutsatutako zonaldean bizi dira eta, elkartetik nabarmendu dutenez, «duela urtebete baino gehiago gerraren ondorioak pairatzen dituzte». Elkartearen iritziz «ezinbestekoa» da «gutxienez bi hilabete inguru seguru eta lasai batean» pasatzea eta zentzu horretan kokatzen dute harrera eta atseden programa berezi hau.

Iritsiko diren 89 haurretatik 49k lehen aldiz hartuko dute parte programan, eta beste 40ak aurreko udararen batean izanak dira Euskal Herrian. 33 haur Gipuzkoan izanen dira, 27 Bizkaian, 23 Nafarroan eta 6 Araban.

Igandean atera ziren autobusak Ivankivetik eta astearte honetako 21:30ak aldera Irunera iristea dago aurreikusia. Bertatik, beste autobus batzuk aterako dira Bilbo eta Iruñera bidean.

Era berean, azken asteetan elkarteak bildutako laguntza humanitarioa banatzen hasi dira Ivankiv hirian. Jakinarazi dutenez, bederatzi tona arropa, botika, higiene produktu eta oinetako bildu dituzte.