NAIZ

Jai Alai Summer Season erremonte txapelketa apurtzailea aurkeztu dute Santa Klara irlan

San Fermin Torneoa ordezkatuko du garai berrietara egokitzeko, inoiz ikusi gabeko bikoteak arituko eta larunbatean hasiko da gaueko saioarekin eta beste lau egunez luzatuko da uztailaren 6an, 8an, 13an eta 15ean.

Jai Alai Summer Season txapelketan parte hartuko duten erremontariak.
Jai Alai Summer Season txapelketan parte hartuko duten erremontariak. (Maialen ANDRES | ORIAMENDI 2010)

Oriamendik Jai Alai Summer Season txapelketa berritzaile eta apurtzailea aurkeztu du gaur arratsaldean Donostiako Santa Klara Irlan. Erremonte enpresak apustu sendoa egiten ari da gauzak eraberritzeko eta erremontea garai berrietara egokitzeko. Bide horretan, Jai Alai Summer Season txapelketak San Fermin Torneoa zena ordezkatuko du larunbatean, uztailaren 6an eta uztailaren 8an, uztailaren 13an eta uztailaren 15ean.

Berritasun askorekin dator erremontea uda denboraldian eta Jai Alai Summer Season horren erakusgarri da. Erremontea garai berrietara egokitzeko bide horretan, Oriamendik berritasunak dakartza. Jai Alai Summer Season txapelketa bera berrikuntza bat izateaz gain, aldaketa totala da. Izan ere, «jende edota ikusle desberdinarengana iritsi nahi da, batez ere gazteengana, baina ohiko zaleak ahaztu gabe eta turismoa erakarri nahirik», adierazi dute antolatzaileek.

Aldaketa horietako bat da larunbatetan gaueko 22.00etan antolatuko direla Galarretako jaialdiak uztailaren 1ean, uztailaren 8an eta uztailaren 15ean. Uztailaren 6an eta uztailaren 13an ordutegi eta egun tradizionalean jokatuko dira jaialdiak, ostegunean, arratsaldeko 16.30ean hasita.

Ez da erremontea bakarrik egongo. Gazteek eta jai giroa gustuko duen orok aukera paregabea izango du Galarretan festaz gozatzeko. Erremontearekin batera musika izango baita DJarekin eta pintxopitea ere bai.

Aurkezpen berezia egin dute Santa Klara irlan. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI 2010)

Inoiz ikusi gabeko bikoteak

Kirol arloan behintzat, berritasun nabarmenena da oso konposizio berezian jokatuko dela txapelketa. Inoiz ikusi gabeko bikoteak eta espero gabeko bikoteak ariko dira jokoan. Aldaketak postuekin du zerikusia eta pilotariak bere ohiko lekutik kanpo ariko dira.

Hala, A taldean arituko dira Aldabe-Urriza, Barrenetxea IV.a-Juanenea-Segurola, Segurola-Ansa eta Azpiroz-Larrañaga. Denek denen aurka jokatuko dute. Hiru jardunaldi izango dituzte horretarako: uztailaren 1a, uztailaren 6a eta uztailaren 8a. Partidak set formatuan jokatuko dira eta ligaxkako sailkapena puntuaketa sistemaz izango da.

Lehenego sailkatua zuzenean uztailaren 15eko finalera sailkatuko da eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bat jokatuko dute uztailaren 13an. Partida honetako irabazlea finalera sailkatuko da. Ligaxkako laugarrena kanporatua izango da, baina finalerdietan ordezkorik ez badago edo lesiorik badago, beraiek jokatuko dute.

B taldean, txapelketa pararelo batean, Irazu-Zubiri, Loitegi-Aiestaran VI.a, Zaldua II.a-Eskudero eta Gurrutxaga-Apezetxea bikoteek jokatuko dute. Ez da ligaxkarik jokatuko. Bi finalerdi jokatuko dira. Lehenengoa uztailaren 1ean eta bertan Loitegi-Aiestaran, Irazu-Zubiriren kontra ariko dira. Uztailaren 8an izango da bigarren finalerdia eta hemen Zaldua II-Eskudero, Gurrutxaga-Apezetxearen kontra ariko dira. Bi irabazleak uztailaren 15eko finalera sailkatuko dira. Partidak set formatuan jokatuko dira.