NAIZ
Iruñea

Iruñea Antitaurinak «urrats bat» emateko eskatu die peñei, zezenketekin behin betiko amaitzeko

Entzierroari buruzko eztabaida alde batera utziz, Iruñeko peñei «urrats bat» eman dezatela eskatu die Iruñea Antitaurinak eta «animalien aurkako tratu txarrak sar ditzatela herritar gehienok nahi dugun jai ereduari buruzko eztabaidan».

Iruñea Antitaurinako kideek agerraldia egin dute nafar hiriburuan.
Iruñea Antitaurinako kideek agerraldia egin dute nafar hiriburuan. (Iruñea Antitaurina)

«Gure hiritik eta sanferminekiko maitasunetik, uste dugu pauso bat eman behar dela zezenketekin amaitzeko. Festa ezin da aitzakia izan animalia bat heriotzera arte torturatzeko», adierazi dute Iruñea Antitaurinako kideek gaur nafar hiriburuan egindako agerraldian.

Iruñea Antitaurinako kideek pauso bat aurrera eman dute, entzierroari buruzko eztabaida alde batera utziz «uste baitugu entzierroa ezin dela alderatu zezen plazan gertatzen den ikuskizun ankerrarekin». Honela, argi dute «zezenketak amaitu egin behar direla».

BBVA Fundazioaren datu batzuk oinarri hartuz, gogora ekarri dute «herritarren %80 basakeria horren aurka» dagoela. «Ezin dugu ez ikusiarena egin zezen plazan gertatzen den torturaren aurrean, eta ezin diogu bizkarra eman gizartearen gehiengoari».

Era berean, iruindarrak «festazaleak eta ez zezenzaleak» direla nabarmendu dute. Horren eredu jarri dute «sanferminetako zezenketak urteko bakarrak» direla, urte osoan ez dela besterik antolatzen. «Horregatik, zezenketara joaten diren herritarrei eskatzen diegu zezenari erreparatzeko: ireki ditzatela begiak, ikusteko nola torturatzen duten, labana behin eta berriz sartuz, haren sufrimendua hogei minutuz luzatuz. Animalien tratu txar legeztatua da: dibisa, eztenak, banderatxoak, ezpata, estokea eta puntilla, azken hori debekatuta dago hiltegietan bere krudelkeriagatik».

Modu horretan, Iruñeko peñei zuzendu zaizkie. «Urrats bat eman dezatela eta animalien aurkako tratu txarrak sar ditzatela herritar gehienok nahi dugun jai ereduari buruzko eztabaidan».

Iruñea Antitaurina taldearen iritziz, «etorkizuneko Sanferminetan ez dago lekurik animalien aurkako tratu txarrentzat eta, ondorioz, ezta zezenketentzat ere».

Eztabaida horri bultzada emateko, aurreko urteetan bezala, uztailaren 7an, ostiralean, kalejira egingo dute, 19:00etan, Udaletxeko plazatik abiatuta. 3indarrok Eletrotxarangak girotuko du ibilbide osoan zehar. «Kalejira horrekin, jaietan ongi pasatzeko beste modu bat posible dela aldarrikatuko dugu. Kalejira 2017 urtean egin genuen lehendabizikoz eta geroztik nabarmen hazi da. Gero eta jende gehiago hurbiltzen zaigu musikaz eta jai giroaz gozatzeko».