Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Androideak, ardi elektrikoak eta pantaila txikia

Adimen artifiziala eta zinema uztartzerako orduan bi bide jorratu daitezke: bata, sormenari dagokiona. Bestea, fikzioan nola landu den gai hori. Azken hori aipatuko dugu gaur: pantaila txikian adimen artifiziala nola jorratu den eta, jakina, horrekin loturiko gomendio interesgarri batzuk.

Adimen artifiziala, gai interesgarria pantaila txikian ere.
Adimen artifiziala, gai interesgarria pantaila txikian ere. (APPLE TV+)

Iragan asteburuan, Azpeitian “IA DENA: adimen artifiziala sorkuntzan” izeneko jardunaldia antolatu zuten. Hitzaldi txiki bat eman nuen bertan adimen artifiziala film eta telesailetan nola landu den azaltzeko. Aitzakia hori hartuta, interesgarria iruditu zait bertako gako eta gomendio batzuk paperera ekartzea. Baliteke, lehenik, aukeratu dudan izenburua ulertu ere ez egitea. “Do Androids Dream of Electric Sheep?” (Amesten dute androideek ardi elektrikoekin?). Philip K. Dick idazleak 1968an argitaratutako zientzia fikziozko eleberria da, 1982an Ridley Scottek “Blade Runner” filma egiteko moldatu zuena. Jorratzen ari naizen gaiaren ordezkari nagusia film hori izan litekeen arren, askoz lehenago ere bazeuden gaiari loturiko izenburuak. 1927. urtean Fritz Lang zuzendari austriarrak adimen artifizialaren eta zinemaren arteko erlazioaren lehen haziak landatu zituen, adibidez. “Metropolis” filma estreinatu zuen; adimen hori zineman islatu zuen lehen filmetako bat izan zen. Istorioa gizarte klaseetan banatutako hiri industrial batean garatzen da, eta haren egitura Maria izeneko robotak dinamizatzen du. Geroztik ehunka izan dira zineman ikusi ditugun adibideak; aipaturiko “Blade Runner”, “Her” edota “Ex Machina”, esaterako. Baina telesailen mundutik atera nahi ez dudanez, bertako gomendio zerrenda ekarri dizuet.

Azken urteotako zenbait izenburu interesgarri.

Devs

DISNEY +

Zeinen zaila den hainbeste zirrara eta sentsazio transmititu dizkidan telesail baten mamia

hitzen bidez transmititzea. Buru-hausgarri existentzial zoragarria iruditu zait, non Alex Garlandek ironiaz gainezka dagoen gidoilari burutsua dela frogatu duen. Zientzia fikzioz mozorrotuta dagoen lan zorrotza eta txundigarria.

Lily eta Sergei bikotea dira eta San Frantzisko hiriko kanpoaldeko enpresa teknologiko batean lan egiten dute, Amaya izenekoan. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs izeneko azpi-proiektu bat garatzen ari den talde bat dago, eta Sergei bertan errekrutatuko dute. Egun batean bera ez da etxera itzuliko, eta Lilyk enpresak bere desagerpenaren inguruan ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela pentsatuko du. Amayaren fatxadaren atzean zer ezkutatzen den eta haren proiektu klandestinoen benetako helburua zein den ikertzen hasiko da, ondorio beldurgarri eta latzekin topo egiten duen arte.

Desafiatzailea, intimoa, dotorea eta bisualki hipnotikoa da. Telesaila abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller moduan egituratua dago. Hainbat kontzeptutan sakontzen du, gainera; hala nola, determinismoa, hautapen askea, ingeniaritza kuantikoa, zer egiten gaituen gizaki eta adimen artifizialaren mugak, besteak beste.

Black Mirror

NETFLIX

Desberdina, suntsitzailea eta azken urteetan ikusitako ekoizpenik original eta probokatzaileena da “Black Mirror”. Charlie Brooker gidoilariaren garun perbertsotik ateratako lana kultuzko bihurtu da; sare sozialen eta pantailen garaiko parabola maltzurra da honako hau. Seigarren denboraldia estreinatu berri, aitortu behar dizuet apur bat aldendu egin dela lehen denboraldiek zuten ausardi eta gordintasun horretatik, baina telesail zirraragarria izaten jarraitzen du. Seigarren denboraldi honetan ere hotzikarak eragin dizkidan atalak topatu ditut. Mahai gainean dugun pantaila, eskuen artean darabilgun mugikorra edo etxeko telebista; ispilu beltz, hotz eta dirdiratsuz inguratuta gaude. Bada, telesaileko atal bakoitza autonomoa izanik ere, guztiek dute oinarrian ideia bat: teknologia berrien erabilera txarrak izan ditzakeen ondorio larri eta konponezinak. Istorio batzuk apur bat muturrera eramanda badaude ere, bizi dugun errealitate teknologiko gordina ezagutzeko ezinbesteko telesaila da. Ikuslea nahitaez pentsatzen jartzen du: gaur egungo zenbat telesail edo filmek lortzen dute hori?

Mrs Davis

HBO MAX

Ia bakarrik saltzen den telesaila dugu hau. Xelebrea, dibertigarria eta hasieran dirudiena baino askoz ere interesgarriagoa eta burutsuagoa. Sortzaileak Tara Hernandez eta Damon Lindelof direla aipatzen hasi nahi dut iruzkin hau, nondik datozen jakinda hobeto ulertuko baitituzu telesail honen tonua, egitura eta generoen arteko dantza. Lehena “The Big Bang Theory” telesailaren sortzailea da; bigarrenak “Lost” eta “The Leftlovers” egin ditu, besteak beste. Telesail horiek uztartzean sor daitekeen konbinazio xelebrea eta ezinezkoa buruan izanda, itzul gaitezen berriro ere “Mrs Davis”-era. Akzioa, abentura, umorea eta zientzia fikzioa bateratzen dituen proposamena da. Mundu guztiak belarrian entzungailu moduko bat duen mundu distopiko bat irudikatzen du. Entzungailu hori adimen artifizial batekin konektatuta dago, eta jainkoa balitz bezala, uneoro pertsonei zer egin behar duten, nola, bizitzan zein helburu izan behar duten eta abar esaten die.

Simone izeneko gure moja protagonistak -moja, bai, ongi irakurri duzu-, munduan kolapsoa eragin baino lehen, adimen artifizial horren aurka borrokatuko du. Gizateriaren fede osoa algoritmo batera bideratua dagoen arren, Simonek aurre egingo dio. Tartean, aipatuko ez ditudan beste azpi-trama zoro batzuk ere topatuko dituzu. Gainditzea ezinezkoa dirudien egoera surrealista baten ostean, beste bat azalduko da, eta horren ondoren beste bat, eta beste bat… Geure egunerokoa eta bizimodua bera teknologiek xurgatu duten garai honetan, oso zoroa dirudien premisa batetik abiatuta, enpatizatzeko oso elementu interesgarria da. Horregatik esan dut hasieran dirudiena baino askoz interesgarriagoa dela telesail hau. Entretenigarria, zoroa eta oso dibertigarria da; zer gehiago behar duzu?

Westworld

HBO MAX

Denboraldiak igaro ahala indar eta koherentzia apur bat galdu duen arren, telesail indartsua iruditzen zait. Gertuko etorkizun batean girotuta dago, goi mailako teknologia jolas parke batean. Muturreko abentura zirraragarriak bizitzeko helburuz, pertsona dirudunak joaten dira bertara. Parkea gizaki itxura duten robotez josia dago eta erromatarren, cowboy-en eta Erdi Aroaren simulazio gisa diseinatua dago. Androide horiek bisitarien fantasia guztiak asetzeko diseinatuak izan diren arren, beren nortasunarekiko kontzientzia bereganatzen hasten direnean, guztia aldatuko da. “Zer” kontatu nahi duten oso erakargarria izanik, “nola” ere modu paregabean landua dago. Telesailak hiru ikuspegi narratibotatik bideratzen gaitu hasieratik. Robotena, parke tematiko horretako langileena eta bezeroena. Trama nagusiaren gainetik, dilema moral eta etikoak ere etengabe egongo dira mahai gainean. Sorpresaz betea eta gidoi aldetik biraketa ugari dituena, mundu ilun eta konplexu batean murgilduko zaitu hasieratik.

Severance

APPLE TV+

Bizitzeko lan egiten dugu ala lan egiteko bizi gara? Gaiarengatik eta zabaldu nahi duen gizarte kritikarengatik iruditzen zait interesgarria oso telesail hau, baina baita ideia hori pantailaratzeko moduagatik ere. Mark Scout-ek lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude -printzipioz borondatez egindakoa-; beraien oroitzapenek lan eremua eta bizitza pertsonala guztiz bereiztea eragiten duen prozedura baten eraginpean, alegia. Hau da, lanean ari diren bitartean ez dute bizitza pertsonaleko ezer oroitzen, ezertxo ere ez; ez dakite non bizi diren, familiarik duten ala ez edo zoriontsu ala triste bizi diren, esaterako. Laneko ateak gurutzatu eta bizitza pertsonalera bueltatzen direnean, aldiz, alderantzizkoa gertatzen da. Badakite fisikoki non egiten duten lan, jakina, beraiek hala nahi dutelako joaten batira bertara, baina ez dakite zer lan mota egiten duten, zeintzuk diren lankideak, lana gorroto duten ala ez, eta abar. Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka makabro eta harrigarri horretan kokatutako esperimentu ausart hau zalantzan jartzen hasten den unean, ordea, Mark misterioz beteriko espiral batean murgilduko da. Gai eta istorio original honi, gainera, Ben Stiller-ek maisuki zuzendutako lehen mailako aktore zerrenda gehitu behar zaio: Adam Scott, Patricia Arquette, Dichen Lachman, John Turturro eta Christopher Walken, besteak beste. Estetika ere txundigarria iruditu zait. Erakargarritasun nagusietako bat Stillerrek mikromundu bat sortzea lortu izana da. Departamentu bakoitza ekosistema propioa da, eta bertan barne iraultzak, liskarrak eta ustekabeko adiskidetasunak ere gertatzen dira. Guztia da hain aseptikoa, hain txukuna, hain garbia, hain zuria, baina era berean jariatzen duen lurrina hain dago faltsukeriaz betea eta hain da artifiziala, ezen ikusle gisa oso deseroso sentiarazten baitzaitu, aztoragarria izateraino. Lagunartean eta familian eztabaidak piztuko dituen harribitxia.

Äkta Människor eta Humans

PRIME VIDEO

“Metropolis” (1927), “Blade Runner” (1982)... Zinemak askotan irudikatu du gizakion eta roboten arteko erlazio bitxia, baina gutxitan Suediako telesai honetan bezala; klase borroka, xenofobia, maitasuna, bakardadea edota zahartzaroa ageri dira zorrotz aztertuta. Gizakiak eta “hubot” deritzen robotak elkarrekin bizi diren orainaldi alternatiboan kokatzen gaitu “Äkta människor” telesailak; halakoetan ohikoa den cyberpunk estetikatik urrun. Familia gehienek etxeko lanak egiten laguntzeko robot horietako bat dute. Istorioa gizakien menpekotasunetik kanpo askatasun bila dabilen hubot talde batean zentratzen den arren, gidoia hainbat tramatan zatituta dago. Adibidez, androidea hondatu zaion aitona bakarti batek berri bat erosteko duen beharra lantzen da istorioetako batean, edo lan egiten duen enpresan robotek langileak ordezkatuko ote dituzten beldur den gizonaren kontakizuna, beste batean. Hainbat azpi-geruzaz osaturiko trama da finean; sekretu, sentimendu eta anbiguotasunez eraikia. Gaiak berriak ez badira, zerk egiten du telesail hau berezi? Gakoetako bat roboten eskubideen tratamenduan datza, apartheid garaiko borrokaz edo AEBetako esklaboen askapenaz ariko balira bezala lantzen baita gaia. Garrantzia ematen zaie roboten eskubideei eta horrela gizatiartu egiten dira. Horrek nahitaez eragiten du ikusleongan, hasieratik identifikatzen baikara pertsonaia guztiekin, gizaki zein robota izan. Makinen iraultza, gainera, ez da gudu eremuetan gertatzen, etxe barruan baizik, arropa lisatzeari edo umeak zaintzari uko egiten dioten momentu “txiki” horretatik aurrera, alegia. Girotzea deigarria da, bisualki guztiz aseptikoa, kolore neutroz josia, ordenatua eta guztia oso garbi dagoen sentsazioa sortzen duena. “Humans” jatorrizko telesailaren Ingalaterrako moldaketa da, eta hori ere gomendatu nahi dizut.

Tales from the Loop

PRIME VIDEO

Hainbat gorabehera esplikaezinek astinduak izan ondoren, herrixka bateko bizitzaren eta bertako biztanleen inguruko gogoeta originala eta geldoa da. Patxadaz gozatzeko telesail berezia. Gorroto ala maitatuko duzuna. Ez dizut gomendatuko egun gutxitan irenstea, ordea, apurka dastatzea baizik. Argazki zuzendaritza txundigarria, plano hipnotikoak, “The Leftlovers” telesaileko Max Ritcher gogorarazten duen Philip Glassen soinu banda liluragarria, kontzeptualki ezin interesgarriagoa iruditu zaidan narratiba eta guztiz ulertu baino gehiago sentitu beharko dituzun atal biribilak. Zientzia fikzioaren erremintak erabiliz, gizakien arteko loturez hausnartzen duen harribitxia.

Silo

Apple tv

Zientzia fikziozko telesail distopiko hau gertuko etorkizun batean girotuta dago. Mundu osoan 10.000 pertsona inguru geratzen dira soilik bizirik eta guztiak lurpean sortu duten komunitate edo hiri moduko batean bizi dira; ehunka solairu dituen silo batean, hain zuzen ere. Kanpoalde toxiko eta hilgarritik babesteko helburuz egin dute siloa, kanpoko mundua toxikoa baita giza bizitzarako. Silo horretako pertsonak, gainera, arauz betetako gizarte batean bizi dira; arau horiek guztiak haiek babestea omen dute helburu. Hori gutxi balitz bezala, jaiotza-neurri zorrotzen menpe bizi dira, baimen berezi bati esker soilik izan baititzakete umeak. Gizarte horren memoria kolektiboa duela 140 urte ezabatu zen, orduan liburuak erre eta artxiboak konfiskatu baitziren. Inork ez daki Siloko leihoetatik haratago benetan bizitzarik dagoen ala ez; hori da sinetsarazi dietena eta kito.

Alde batetik, gizarte erretrofuturista bat aurkezten digute; hau da, etorkizunean girotuta dago, baina badirudi iraganean izozturiko teknologia erabiltzen dutela. Eta misterio-thriller kutsua duen istorioa dago, bestetik. Gizarte horren barruan, jakina, trama orokorra zein misterioa aurrera eramaten laguntzen duten protagonistak daude. Nagusia gertuko pertsona baten hilketari buruzko erantzunak bilatzen dituen eta Rebecca Ferguson aktoreak gorpuzten duen Juliette ingeniaria da. Tim Robbins, David Oyelowo edoRashida Jones bezalako aktore ezagunek ere parte hartu dute. Seriean, edozein gizarte mota zeinen ahula eta manipulagarria den ikusiko dugu. Gidoiak garatzeko denbora hartzen duen argumentua du, baina beharrezkoa iruditu zait hasierako erritmo geldoa, oinarriak ezarri eta pertsonaiak behar bezala garatzen dituelako.