Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Lehen aldiz 21 urtean, Irungo alkateak harrera egin dio balkoitik Alarde parekideari

Hogeita bat urtetan muzin egin ostean, Irungo alkate Jose Antonio Santanok lehen aldiz harrera egin dio udaletxeko balkoitik Alarde parekideari. «Aurrerapauso bat» eman nahi izan du, eta pozik hartu dute duela 25 urtetik jai inklusiboen alde borrokan ari direnek. Udala antolaketan sartzea nahi dute.

Hogeita bat urte daramatza alkate gisa PSEko Jose Antonio Santanok Irunen, eta urte hauetan guztietan emakumeak kantinera gisa bakarrik onartzen dituen Alarde pribatuari egin dio harrera, baina sekula ez Alarde parekide eta publikoari.

Aurten, lehen aldiz, udaletxeko balkoira atera da Santano Alarde parekidea San Juan plazara iritsi denean, eta txaloka hartu ditu, udalbatza osoarekin batera. Une horretan, lehendik emozioz eta pozez kargatuta zetorren giroak eztanda egin du.

«Guztien alkatea» dela adierazi du Santanok. «Agintaldi berri bat hasten ari gara, eta kalean normaltasuna dagoela ikusita, azkena nahiko nukeena da instituzioa edo Udaletxeko balkoia izatea beti, urtez urte, zatiketarako, albisterako edo politizaziorako arrazoia».

Gutun bat plazaratu du. Bertan, azken bi hamarkadetan hirian Alardearekin lotutako «une zailak eta aurrez aurreko jarrerak» egon direla oroitu, eta «zorionez gaur egun egun hau bizitzeko bi moduak jai giroan eta hiriko kaleetan elkarrekin bizi direla» azaldu du.

Bere iritziz, sasoia da «istilu politikoak» uxatu eta «inporta duen bakarra irundarren jaia» izateko, «ez baita ona politikatik Alardea erabiltzea». Horregatik, «pauso bat» emateko asmoz atera da balkoira Alarde parekidea agurtzera.

 

 

Bi mila lagun inguru ari dira parte hartzen aurten Alarde parekidean. Gainera, 19 urteko Antxon Jauregi izan da lehen kantinera gizona; Santiago konpainia berriarekin desfilatu du, eta hedabideen aldetik arreta handia jaso du.

Bidasoa konpainiak egin dio harrera hiriko banderari, Oihana Briones Irungo Udaleko EH Bilduko bozeramailearen eskutik, udaletxeko arkupeetan. Bertan izan dira, besteak beste, Maddalen Iriarte eta Mertxe Aizpurua, koalizioko batzarkide eta diputatua; Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko batzarkidea eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria. Arartekoaren erakundearen ordezkari gisa Ines Ibañez de Maeztu Arartekoaren ondokoa izan da. Herritarrak bezala, hunkituta ageri ziren haiek ere.

Arartekoak «ontzat» jo du udalbatzako talde politiko guztiek Alarde parekideari egindako harrera. Nabarmendu duenez, Ibañez de Maeztu «desfile parekidearen ekitaldi guztietara joan da, han egonda erakutsi nahi baitu Ararteko erakundea Irungo jaietan emakumeek berdintasunez parte hartzeko eskubidearen alde dagoela».

«Nahiz eta berandu etorri... ongi etorri»

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak ere ongietorria egin dio Santanoren keinuari, baina berandu datorrela gogora ekarri du. «Nahiz eta berandu etorri, izan dadila ongi etorria, eta izan dadila pauso bat Udala ere antolakuntzan sartzeko», eskatu du.

«Festetan gaude, festek guztientzat izan behar dute. Beraz, lehenengo eta behin irundar guztiak zoriondu nahi ditut, eta festa onak pasa ditzatela opa», esan du Aizpuruak. «25 urte dira Alardean emakumeak parte hartzen hasi zirela, mende laurden pasatu da eta bi alarde egotea ez da normala, hainbat agintarik normaltzat ematen badute ere».

Joan den ekainaren 22an zenbait emakume erasotu zituzten San Juan Plazan festa egiten ari zirela, eta horri egin dio erreferentzia EH Bilduko kideak. Bere ustez, erakundeek agerian jartzen duten jarrera horrek ekarritako ondorio bat izan zen eraso hura. «Momentu hartan emakumeek plaza hartu zuten eta beren eskubidea zen zerbait egiten ari zirenean irainak eta erasoak hasi ziren».

Azaldu duenez, ez da neutroa erakundeek egiten dutena eta, horren ondorioz, «segregazioak eragiten dituen irainak eta egoera ezerosoak» bizi izan ditugu. «Bada garaia Alarde bakar bat egoteko, horrek emakume eta jende guztien eskubideak babestuko dituelako», defendatu du.

«Agintariek eta instituzio guztiek bermatu behar dute eskubide horiek egikaritzea, eta legezkoa den betebehar eta ardura bat ere badute. EH Bilduren aldetik bideak irekitzeko eta pausoak emateko prest gaude, bai udal honetatik, bai lehen indarra izan garen Gipuzkoatik, bai Madrilgo Kongresu eta Senatutik».

Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako batzarkide Miren Echeveste ere Alarde parekidearen alde mintzatu da. Helburua «denborarekin» alarde publiko eta bakar batera heltzea dela esan du.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria lehendabiziko aldiz izan da ekitaldian eta berarentzat «oso pozgarria eta hunkigarria» izan da. «Sarritan Alarde mistoa deitzen da eta nik ikusi dudana izan da andre-gizonez osatutako Alarde berdinzale bat. Horixe da Emakundetik bultzatzen duguna eta horixe da etorkizun laburrean izango den Alardea», adierazi du.

Aldaketak herriz herri... baita Irunen ere

Aldaketa asko sumatzen ditu Elgarrestak herriz herri. Emakundek egin zuen ikerketan nabari ziren hainbat herritan egindako aldaketak eta Irunen ere badira seinaleak. «Oso inportantea da. Datozen belaunaldiei ezin diegu pasatu herri gatazkatsu bat, baizik eta eskubide eta berdintasun printzipio hori errotzea».

Joan den ekainaren 22ko erasoari buruz, esan du «gauza puntual bat» izatea eta hortik harago ez joatea espero duela. «Herri kohesionatu bat dagoela ikusten dut, tradizioak bateratu egiten du herria, eta zentzu horretan iruditzen zait konato txiki bat izan dela. Momentuz ez dago zantzu gehiagorik esateko hori nagusitzen dela».

Lehenengoz gizonezko kantinera bat atera izana «bidezkoa eta zuzenbidezkoa» iruditzen zaio, jai giroan askatasunez bizi behar dugulako denok eta bakoitzak aukeratzen duelako zein roletan sentitzen den erosoen.