NAIZ

Barandika-Lopez, Zumaian txapeldun Goikoetxeari agur hunkigarria egin zaion egunean

Barandikak eta Lopezek irabazi zuten finala ostiral gauean, 13-15 eta 8-15, inaugurazio egunaz geroztik lehen aldiz goraino bete zen Aitzuri pilotalekuan. Zumaiako herriak omenaldi hunkigarria eskaini zion Goikoetxeari.

Aitana alabak aurreskua dantzatu zion Goikoetxeari eta Iker semeak txapela jantzi.
Aitana alabak aurreskua dantzatu zion Goikoetxeari eta Iker semeak txapela jantzi. (JAI ALAI)

Emozio handiko momentuak bizi izan ziren ostiral gauean Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Zazpi urte eta gero, Inaugurazio egunetik alegia, berriro ere frontoia sarrera gabe geratu zen. Eta ez zen gutxiagorako ere. Bi osagai batu ziren. Alde batetik, plater nagusia: Iñaki Osa Goikoetxearen agurra. Baina horrekin batera, zesta-puntaren haize berria, modernoa eta jai-giroari lotutakoa. Frontoira Goikoetxea ikustera joan ziren asko zesta-punta berriz ikusteko gogoz geratu baitziren.

Jaialdia lagun arteko partidarekin hasi zen, Cosme Agirre eta Unai Uranga zumaiarrak bertan zirela. Aurrelaria nagusitu zen Zabala lagun zuela, eta ondo jokatuta. Ausart eta indartsu aritu zen Cosme errematean eta ikuskizuna eman zuen. Garaipena, 0-2, urdinentzat izan zen (13-15, 8-15).

Jaialdiko partida nagusirako, publiko artetik atera ziren lau pilotariak publikoaren oihu eta txalo artean. Master Serieseko finalean nahi eta ezinean aritu ziren Goiko eta Manci. Atzetik joan ziren markagailuan, Barandika eta Lopezen aurka. Bikote oso sendoa osatzen dute. Edozein frontoitan edozein txapelketa irabazteko modukoa.

2-6 hasi ziren aurretik lehen jokoan eta kosta egin zitzaion Iñakiri partidan sartzea. Baina satu zenean, bi tanto egin zituen jarraian eskuinez (4-8, 5-8) eta txik-txak bikainarekin erantzun zion Barandikak (6-9). Goikoetxearen horma biko batek zutik jarri zituen zaleak (7-9) eta finaleko momentu onenak hortxe bizi ziren.

Ondo aritu zen Manzi. Pilota ondo atzeratuta egin zuen tanto mutrikuarrak (9-11) eta markagailua estutzen jarraitu zuen Goikok, bi pareta, nahita, erdira botata (10-12). Set honen azken txanpan pilota bizitu zenean ikuskizuna eman zuten lau protagonistek, paretan gora jauziak eginez, eskuinarekin goitik behera jokatuz edo aurkaria "zubian" utziz. Barandikak horma-biko perfektu batekin itxi zuen lehen jokoa (13-15).

Bigarren setean, jendeak emozioa nahi zuen baina markagailuak ez zuen lagundu. Urdinek gogor jarraitu zuten, Goikoetxea ahaleginean baina Barandika eta Lopezentzat beti abantaila (0-2, 1-4, 3-6). Defentsa oso ona erakutsi zuen atzo Manzik, hainbat txik-txak eraman zituen eta baita hirugarren koadrora korrika joan eta dejada eraman ere. Atsedenaldian lau tantokoa zen aldea (4-8) eta 8-15 amaitu zen jokoa.

Momentu hunkigarriak bizi ziren Zumaian Goikoetxearen (txapela buruan duela) agurrean. (JAI ALAI)

Partida bukatu bezain laster lehertu zen emozioa. Omenaldi ederra eta hunkigarria jaso zuen Iñaki Osa Goikoetxeak. Arritxu Iribar kazetaria aurkezle lanetan zela, Masterseko sariak banatu ziren lehenik eta ondoren omenaldikoak. Udalarena, zesta-eskolarena eta batez ere seme-alabena. Aitana alabak aurreskua dantzatu zion eta Iker semeak txapela jantzi. Jon Maiak ere argi adierazi zuen zumaiarrek pentsatzen dutena: «Goiko handia izan da baina, handiagoa Iñaki».

Oso berezia azkenik, Mugerzak, frontoian Goikoren lehen maisua izandakoak egin zion oparia. Gaztaina landarea jaso zuen Iñakik, Mugerzaren eskutik. Gaztainondoa, xistera egiteko erabiltzen den materiala.