NAIZ

Maison Adam gozotegiak Senperen okupatu duten etxaldea erosteko arrazoiak eman ditu

Donibane Lohizuneko Ganbeta karrikan duen saltokiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten «salmenta espekulatiboa» salatzeko Senpereko Olha etxea okupatu zuten ekintzaileek. Maison Adam gozotegi famatuak bere azalpenak eman ditu bertan garatzekotan den egitasmoari buruz.

Olha etxaldearen okupazioaren testuinguruan Maison Adam gozotegiak Donibane Lohizunen duen saltokiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten ekainaren 29an.
Olha etxaldearen okupazioaren testuinguruan Maison Adam gozotegiak Donibane Lohizunen duen saltokiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten ekainaren 29an. (Patxi BELTZAIZ)

Azkeneko hilabeteetan eztabaida luze bezain sutsua izan da Senperen Olha etxaldearen salmentari buruz.

1,3 milioitan salgai eman den etxean ez da inor bizi. Hobe errana, etxea hutsik zegoen joan zen astean «salmenta espekulatiboa» salatzeko xedez 40 bat ekintzaile bizitokian sartu ziren arte.

Zehazki, ELB laborarien sindikatua, Lurzaindia elkartea, Ostia sarea eta senpertarren kolektiboa izan dira aipaturiko ekintza bultzatu duten eragileak.

Lurraren prezioaren garestitzea eta, horrekin batera, laborantza lurrak galtzeko arriskua. Horiek izan dira ekintza abian ematera eragileak bultzatu dituen kezka nagusiak.

Maison Adam gozotegi eta txokolategi famatuak Donibane Lohizuneko Ganbeta karrikan duen saltokiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, iragan ostegunean.

Protesta horren bidez Senpereko etxaldearen salmenta arbuiatu zuten okupazioaren testuinguruan Soulevements de la Terre sare ekologista legez kanpo uzteko Emmanuel Macronen gogerbuak harturiko deliberoa salatu duten ekintzaileek.

Egitasmo «iraunkor eta jasangarria»

Izan ere, gozogile lohizundarrak agiri bat plazaratu zuen mobilizazio horren biharamunean Senpereko Olha etxaldea erosterakoan bertan «egitasmo iraunkor eta jasangarria» abian emateko duen egitasmoa azaltzeko.

Bere produktuak –txokolatea, euskal pastiza eta, bereziki, ‘macaron’ izeneko gutizia saltzen ditu Adam Etxeak– ekoizteko «labore ezberdinak» sustatzeko asmoa duela zehaztu du aipaturiko enpresak Mediabask hedabideak plazaratu duen albistearen arabera.

Hurrak, pikuak edo gereziak ekoizteko eta baita erlauntzak ezartzeko asmoa luke Donibane Lohizuneko ekoizleak.

Permakultura eta laboreak txandakatzeko irizpideak aplikatuz, «gure kolaboratzaileei eskainitako baratza sortzeko aukera» zehaztu du, bestalde, Maison Adamek.

«Kanpoko eremu batez gozatzeko aukera emateaz gain norberak bere baratza landatzeko, eta beraz etxeko kontsumorako barazkiak ekoizteko parada eskaini nahi diegu deneri», azaldu du.

«Tokiko enpresa familiar bat garen heinean gure ardura da geroaren erronkak aurreikustea, eta ekoizteko modu ekonomiko eta ekologikoa nahi ditugu garatu» gaineratu du «bertako gastronomiaren eragile integrala izateko anbizioz bere ekoizpenarekin jarraitzeko «hornikuntzaren zati baten jabe» izateko helburua finkatu duen ekoizleak.

Hain zuzen hori izango litzateke 50 hektareako lurretan Maison Adam kudeatzen duten Andoni eta Miguel Telleria-Adam anaiek.

Etxearen jabeak ez du prezio merkeagoa jarri

Handik aurrera, Olha etxaldearen jabea ez litzateke salmentaren prezioari buruz bestelako irtenbiderik onartzeko prest izango.

Etxaldea 1,3 milioitan eman du salgai, lurren gaineko espekulazioa saihestea xede duen Safer egiturak eskainitako balorazioa –700.000 euro– errefusatuz.

Adam Etxeak ez lioke atea itxiko Senpereko Herriko Etxearen bitartekaritzaren bidez salmentaren baldintzei buruz negoziaketa berria abiatzeko.

Alta etxaldearen jabeak muzin egin dio aukera horri eta bere salmenta egitasmoari ekin dio Senpereko hautetsien eta etxalde okupatu duten eragileengana haserre bizia eraginez.