NAIZ

Locarnoko nazioarteko zinema jaialdian estreinatuko da ‘Negu Hurbilak’ filma

Negu Kolektiboak Locarnoko nazioarteko zinema jaialdian estreinatuko du bere fikziozko lehen film luzea, ‘Negu Hurbilak’, abuztuaren 9an. «Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari» buruzko film honek ihesaldi baten istorioa kontatzen du eta Zubietako herritarrak ditu protagonista.

‘Negu hurbilak’ filmeko fotograma.
‘Negu hurbilak’ filmeko fotograma. (NEGU KOLEKTIBOA)

Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolak (ESCAC) elkartutako lau zuzendarik, Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak, osatzen dute Negu Kolektiboa eta abuztuaren 9an estreinatuko dute beren fikziozko lehen film luzea, ‘Negu hurbilak’.

Filma Maluta* films eta Cornelius Films ekoiztetxeek ekoitzi dute filma eta Bartzelonako D'A Film Festival zein L ’Alternativa, Tarragonako REC, Xixongo Semilleru LAB edota Palmako Atlantida Film Fest jaialdietako industria sailetatik igaro ostean iritsiko da Suitzako jaialdira. Zehazki, Cineasti del Presente sailean lehiatuko da, mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa atalean. ‘Negu hurbilak’ filmaren teaser-a ere aurkeztu dute.

Ohar bidez azaldu dutenez, «isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari» buruzko filma da ‘Negu hurbilak’ eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Zubietan burutu dituzte errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan: Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban. Haiekin batera, Jone Laspiur izango du lanak aktore profesional bakarra, protagonistaren azalean.

Sinopsiak aurreratzen duenaren arabera, ETAk jarduera armatuaren behin betiko iragarpena egiten duen unean hasten da filma: «Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru». Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da eta, «mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du». «Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da», amaitzen da sinopsia.

Negu Kolektiboa

Orain lau urte sortu zen Negu Kolektiboa eta euren lehen proiektua Euskal Herrian filmatutako ‘Erroitz’ filma izan zen. 16 mm.-tan filmatutako ‘Uhara’ metraje erdiko pieza ere egina dute eta baita Kataluniako errealitateaz mintzo diren zenbait lan ere, tartean ‘A rabassa morta’.

Ibilbide horren ondoren kolektiboa «inoiz baino indartsuago» dagoela azaldu dute: «Gogoa eta grina batzen jarraitzen dugu, bizitzaren konplexutasunaz eta benetakotasunaz hitz egiten duten proiektuak eraikitzen eta sortzen jarraitzeko», ziurtatu dute.

‘Negu hurbilak’ da Negu Kolektiboaren fikziozko lehen film luzea.