Auzitegi Konstituzional espainiarrak bertan behera utzi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan euskarari lehentasuna ematea eskatzen duen legearen artikulu bat. EAEko Auzitegi Gorenak, Luis Garrido epailea buru zuen auzi batean, Konstituzioaren aurka joan zitekeela planteatu zuen Voxen helegite baten harira. Hori kontuan hartuz, baliogabetu egin du udal legearen 6.2 artikulua Konstituzionalak, «euskara gaztelaniaren gainetik» jartzen duela arrazoituz eta Konstituzioaren 3.1 artikuluaren aurka doala erranez.
Euskalgintzaren Kontseiluak «oldarraldi judizial erreakzionarioaren azken kolpe» hau salatu du, eta «batasunetik erantzun irmoa emateko lanean» ari direla azpimarratu du. Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera animatu du. Azken boladan Auzitegietatik jasotako sententzia sortaren aitzinean, «euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia» gaitzesteko manifestazioa eginen da egun horretan. Maiatzaren 10ean egin zuten deia ehun bat eragilek.
‼️ Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin du udalek euskara hutsean jardun ahal izatea
— Euskalgintzaren Kontseilua (@kontseilua) July 6, 2023
Oldarraldi judizial erreakzionarioaren azken kolpea. Batasunetik erantzun irmoa emateko lanean gaude. Azaroaren 4an Bilboko kaleak beteko ditugu!https://t.co/OvaS9EQXdr @berria pic.twitter.com/rzy5HIrDSZ
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak «kolpe handi bat» izan dela azaldu du.
Oldarraldi judizialaren soka amaigabean kolpe handi bat euskararen normalizazioari, euskaldunon eskubideei, herritarren eta erakundeen erabakimenari, ekitatean oinarritutako elkarbizitzari. Azaroaren 4an denok Bilbora!https://t.co/2vXk3Dherl
— Idurre Eskisabel (@idurreski) July 6, 2023
Lakuak «autogobernua errespetatzeko» eskatu du
Lakuako Gobernuak «euskararen etengabeko judizializazioa» kritikatu, eta «euskal autogobernua errespetatzeko» eskatu du. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Olatz Garamendik, azaldu duenez, epaiak baliogabetu egin du udaleko kideek dokumentazioa gaztelaniaz eskatzeko euskara ez dakitela argudiatu behar izatea. Ebazpenak «euskal autogobernuaren higaduran sakontzen duela» eta euskarari eta gai horren inguruko adostasun sozialari «beste mespretxu bat dakarkiola» uste du.
Cesar Tolosak sinatutako epai honek bertan behera utzi duen artikuluak udaletako dokumentazio aunitz euskaraz idazteko aukera ematen zuen. «Deialdiak, eguneko gai ordena, mozioak, boto partikularrak, akordio proposamenak, informazioa emateko batzordeetako txostenak, akordioak eta aktak», zehazten du araudiak. Hori bai, «euskaraz ez dakiela argudiatzen ahal duen udaleko inongo kideren eskubiderik urratu gabe».
Hizkuntza ofizialen arteko oreka
Konstituzionalaren arabera, «bi hizkuntza ofizialen arteko oreka apurtzen da gaztelaniaren erabilera euskaraz ez jakitearen mende jartzen bada». Horrek, epailearen ustez, «arrazoirik gabe murrizten du herritarrek administrazioarekin komunikatzeko erabili nahi duten hizkuntza aukeratzeko eskubidea».
Epaitegiak oroitu du Konstituzioa «ez doala hizkuntza koofizialaren aldeko politiken kontra; alderantziz, Konstituzioak Espainiako hizkuntz eredu ezberdinak zaindu eta errespetatu nahi ditu». Baina «ez du onartzen botere publikoek hizkuntza ofizial bati lehentasuna ematea ofizialak diren beste batzuen gainetik».
Konstituzionalaren epaiak azaltzen du «EAEko tokiko entitateek, botere publiko gisa, ezin dutela hizkuntza ofizialik lehenetsi». Horregatik, «epaitegi honek behin eta berriro defendatu du herritarrek gaztelania edo autonomia erkidegoko hizkuntza propioa nahi bezala erabiltzeko eskubidea dutela instituzio publikoekin dituzten harremanetan».
Erabakia ez da aho batez hartu. Bi kidek, Laura Diez eta Ramon Saezek, kontra bozkatu dute. Beren ustez, ezeztatu duten legearen artikulu horrek Konstituzioaren jurisprudentzia errespetatzen du.
Lehen ere egin izan da aktak euskara hutsez idaztearen kontra. 2014an, EAEn Gobernu espainolaren ordezkari zen Carlos Urquijok auzitara eraman zituen Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalak arrazoi horregatik, eta 19 udaletako hizkuntza irizpideen aurkako salaketa aurkeztu zuen.
Ostiralean, alkate eta hautetsien agerraldia
Kontseiluaz gain, bertze eragile aunitzek erantzun diote Konstituzionalaren epaiari. Hala mintzatu da UEMA: «Hau ez da euskararen aurkako oldarraldiaren beste katebegi bat soilik. Hau marra gorriak gainditzen dituen erabaki larria da».
Euskaltzaleen Topaguneak kritikatu duenez, «oldarraldi atzerakoi eta erdalzalea indartzen duen erabaki oso larria» hartu du Auzitegi Konstituzionalak.
«Oraingoan, natural egiten duguna ere oztopatu nahi dute», txiokatu du Galtzaundi elkarteak. «Erantzun irmoa eta euskatzaleen batasuna beharrezkoa da egoera hauei aurre egiteko. Aurrera!», erantsi du.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak herritarren eta adostasun zabala biltzen duen borondatearen aurkako epaia dela salatu du. Eta Mertxe Aizpurua Madrilgo Kongresuko koalizio abertzalearen bozeramaileak hala baieztatu du: «Euskara zokoratzeko eta hizkuntz aniztasuna kolokan jartzeko asmo inposatzaileen aurrean, argi eta garbi diogu: Ez zenuten lortu eta ez duzue lortuko!».
«Larria da ultraeskuinaren kexuak aintzat hartzea euskal hiztunon eskubideen gainetik igarotzeko eta gaztelaniari nagusitasuna emateko. Onartezina da bozetan lortu ezin dutena epaileen bidez eskuratzea gehiengo zabalek demokratikoki adostutakoa zapuzteko», gaineratu du.
Herri honetako herritarren eta kontsentsu zabala biltzen duen borondatearen aurkako epaia da. Legebiltzarrean adostasun zabalez onartutako legea indargabetzen du, Voxen eta epaile baten iniziatibaz beste behin ere.
— Maddalen Iriarte Okiñena (@MaddalenIriarte) July 6, 2023
Guk burujabetzaren eta euskararen alde lanean jarraituko dugu! https://t.co/70t2Oe7KmY
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak burujabetzaren beharra aldarrikatu du.
Euskararen aurkako erasoek ez dute etenik. Autogobernuaren kontrakoek ere ez.
— Arkaitz Rodriguez Torres (@arkarodriguez) July 6, 2023
Aski da! Euskarak zein euskal herritarrok burujabetza behar dugu!
Azaroaren 4an denok Bilbora! https://t.co/yQK0kfvoRj
Unai Urruzuno EH Bilduko kideak, aldiz, «berez mutilatua den autogobernuari egindako eraso bat» izan dela idatzi du.
LABentzat, epaia «jauzi kualitatibo larria da», argi erakusten duelako «euskaldunok ezin dugula modu burujabean euskararen egoerak eta euskaldunon hizkuntz eskubideek behar duten politika egokia aplikatu; gure araubidea estatuen borondatearen menpekoa da».
Udalerri euskaldunetako alkate eta hautetsiek balorazioa eginen dute ostiral honetan, 11.00etan Usurbilgo frontoian.