NAIZ

EAEko 532 ikaslek atzerrira bidaiatuko dute «hizkuntzetan trebatzeko»

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 532 ikaslek Ingalaterra, Irlanda, Frantzia eta Alemanian igaroko dute udako denboraldi bat Lakuako Gobernuak antolatutako hizkuntza ikastaroen baitan. Hiru asteko ikastaroak dira, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleei bideratuak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 532 ikaslek atzerrian burutuko dituzte hizkuntza-ikastaroak udan zehar.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 532 ikaslek atzerrian burutuko dituzte hizkuntza-ikastaroak udan zehar. (William Potter | GettyImages)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 532 ikaslek hiru astez atzerriko hizkuntzetan trebatzeko aukera izango dute aurtengo udan, Ingalaterrara, Irlandara, Frantziara eta Alemaniara bidaiatuz Lakuako Gobernuak finantzatutako kurtsoetan. Ingelesa, frantsesa eta alemana sakonago ikasteko eta trebatzeko bidaiatuko dute ikasleek. Orotara Lakuako Gobernuak 1,3 milioi euro bideratu ditu hizkuntza ikastaro hauetara.

Atzerriko ikastaro hauek uztaila eta abuztuan burutuko dituzte eta DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta daude. Bertan, astean zehar hizkuntza eskolak izango dituzte eta arratsalde eta jaiegunetan ekintza ugari burutzeko aukera izango dute.

Ekainaren 2an, joan den igandean, frantses ikastaroa hautatu duten 50 ikaslek Saint-Malo hirira bidaiatu zuten. Bretainiako ipar-ekialdeko hiri oso turistikoa da. Aldiz, alemaneko ikastaroa burutuko duten 20 ikasleak abuztuan joango dira Wiesbadenera, Rin ibaiertzeko hiri batera, Alemaniako hego-mendebaldean kokatutakoa.

Ingalaterrara bidaiatuko dute ikasle gehienek; hain zuzen ere, 264 gaztek bertako 5 hiritan igaroko dituzte udako hiru aste; besteak beste, Nottingam, Pterborough edo Eastbourneko hirietan. Bestalde, 198 ikaslek hautatu dute Irlanda ingelesean trebatzeko.

Bertan, astelehenetik ostiralera goizean zehar burutuko dituzte hizkuntza klaseak. Taldeak murriztuak izango direla jakinarazi du Lakuako Gobernuak, 15 pertsona ingurukoak, alegia. Eskolak antolatzeko lehen egunean ikasleek bere maila zehazteko test txiki bat egin beharko dute.

Horretaz gain, ekintza eta txango ugari egiteko aukera izango dute ikasleek. Astean zehar kirola edo kulturarekin zerikusia duten ekintzak izango dituzte; besteak beste, kirol txapelketetan parte hartzea edo museo edo intereseko lekuak bisitatzea. Gainera, asteburuetan egun osoko hainbat txango aurrez antolatuak dituzte.