Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevista
Enaut Andueza
Braulia erraldoiaren gidaria

«Barruan zaude, bueltaka, jendea oihuka, animatzen. Eta zuk ezin duzu gehiago. Baina segi»

Enaut Andueza, Iruñeko Braulia erraldoia dantzatzen duen burlatarra.
Enaut Andueza, Iruñeko Braulia erraldoia dantzatzen duen burlatarra. (Iñigo URIZ | FOKU)

Enaut Andueza burlatarra aurkitzen dugu Brauliaren soinekoaren azpian. 24 urte daramatza, bizitza erdia baino gehiago, konpartsan, aitarengandik jaso zuen afizio bati segida emanez. Enaut da, baina egun hauetan Braulia, izan ere bere sanferminen %80a «edo gehiago» eskaintzen dio eginkizun honi. Maissonave tabernan du hitzordua NAIZekin, "Lehortegi" konpartsako kideentzako, bertan jotzen duen haizearekin lehortzen dutelako izerdia behin erraldoien eguneko egitaraua amaitzean, barruak bustitzen dituzten bitartean.

Noiz sartu zinen Konpartsan?

1999an, baina beno, txikitatik beti hor egon naiz. Aita 25 urtez egon zen eta han jaio nintzela esan daiteke. Baina lau anai-arreba gara. Kontua da ni nintzela hau gogoko nuena. Aita baino lehenago esnatzen nintzen, harekin erraldoietara joateko.

Aita gainditzeko puntu-puntuan zaude ba.

Bai... Beno, orain aldatu egin da. Lehen jendeak konpartsan 25 urte betetzen zituenean utzi egiten zuten. Hori zen muga. Beste batzuk gehiago ere egon ziren. Dagoeneko gurekin ez dagoen Andoni Iribarren, adibidez. 60 urterekin oraindik erraldoiak dantzatzen zituen. Hil zitzaigun, baina hor geratzen dira Andoniren dantzak.

18 urte zenituela hasi zinen. Jarautan egoteko garaian.

18 urte dituzunean, etxera goiz joatea hurrengo egunean ondo egoteko... Asko gustatu behar zaizu. Utzi kuadrilla hortik eta elkartu haiekin goizean igotzen zarenean...

Zuk aita zenuen, baina zaila da konpartsaren parte izatea edo mito bat da?

Pozten nau galdera honek. Ez da egia. Lehen, Internetik ez zegoen garaian, norbait ezagutu behar zenuen "aizu, apuntatu nazazu" esan ahal izateko. Baina gaur egun nahikoa da elkartera korreo elektroniko bat bidaltzearekin. Hortik aurrera, hutsuneak sortzen direnean, zerrenda horretatik elikatzen da konpartsa.

«Haurrek erraldoien bideoekin gosaltzen dute! Baditut lagunak esaten didatenak "nazkatuta nago zu ikusteaz, egunero". Zure errua da»

Sartu zinenean gaur egun dagoen "erraldoimania" existitzen al zen?

Inondik inora. Lehen bakar-bakarrik ateratzen ginen autobus geltokitik. Honen "erru" parte handi bat sare sozialek dute. Eta zu, orain, aita zarela, ukatu ezazu. Haurrek erraldoien bideoekin gosaltzen dute! Baditut lagunak esaten didatenak "nazkatuta nago zu ikusteaz, egunero". Zure errua da.

Bideoak eta panpinak ere.

Baten batek ideia ona izan zuen eta, librea denez, negozioa ikusi zuen hor ere.

Zure kasuan, Brauliarekin, pop ikono baten modukoa zara.

Barruan zaude, bueltaka, eta jendea oihuka, animatzen. Eta zuk ezin duzu gehiago. Baina segi egin behar duzu. Hau eramaten dugun hiruek erotasun puntu bat daukagu eta gorputzak eskatzen digu. Seguraski beste edozein eramango bagenu gauza bera egingo genuke, baina bakoitzak bere berezitasunak ditu. Errege europarrarekin ezin da saltorik egin, burua oso tentea delako eta sufritu egingo luke, erregina europarrak lepoko bat dauka eta kolpeekin hautsi egin liteke... Beltzak, azken finean, ez duenez halako ezer, saltsa berezi bat emateko eta, azkenak goazenez, berandu iristeko askatasuna dugu.

Adibide bat jartzearren. "El negro José". Jendeak galdetzen digu ea noiz den. Ez da protokoloa. Haiek hor sartzen dira, urte batean txantxa bat egin genielako. Eta halako batean sortu zen, ezer ezetik. Eta hemen Iruñean, badakizu, behin egiten duzuna betirako da.

Enaut Andueza, entizerroaren hesian, erraldoien irudia atzean duela. (Iñigo URIZ / FOKU)

Braulia izateko ere prestatu beharra dago.

Braulia edo beste edozein izateko. Egia da erraldoietan fisikoa garrantzitsuagoa dela, baina zaldiko bat ere eraman egin behar da eh! Nire kasuan entrenatzeko ohitura daukat, futbola utzi berri dut eta fisikoki mantendu egiten naiz. Eta orain mendian eta aldapetan entrenatu egiten dut, hanketako potentzia lantzeko.

Dantzak ere entsaiatu beharko dituzue.

Bai, bai. Koreografia bat ikusten duzuenean entsegu asko dago atzean. Normalean Aste Santua pasata hasten gara, astean bi egunez.

Eta beti berdinak dira?

Helduek kontatzen diguten istorioa kontatuko dizut. Sevillako EXPOra joan ziren eta konturatu ziren zerbait egin behar zutela eta koreografiak egin behar zirela konturatu ziren.

Ordurarte inprobisatu egiten zen?

Ordurarte "a la bola" esaten dioguna zen, inprobisatu. Oraindik ere hainbat dantza horrela egiten ditugu, modu librean. Eta orain dagoeneko 22 koreografía ditugu eta zaharrenak ‘Cenon’ eta ‘Dominguera’ dira. Baditugu ere ‘La longaniza’, ‘El percebe’, ‘El cogollo’, ‘Txantxigorri’... Berrienak ‘El membrillo’ eta ‘El Perucci’ dira.

Izenena...

‘Huevoscon’ eta ‘Ajoarriero’ ere baditugu. Orain ‘El Membrillo’ egokitu dugu.

Ez bakarrik dantzekin. Erraldoien izenak ere...

Hori bere garaian Baleztenak egin zuen ipuin batetik dator. Izen hauek jarri zizkioten. Konpartsan, gure artean, europarrak, turkiarrak, afrikarrak eta amerikarrak bezala ezagutu ditut beti nik.

Eta izen horiek dantzatzeko dantzaria izan behar zara?

Txikitan zerbait bai egin nuen, Jaso ikastolan. Baina horrekin jaio egiten da. Badago kasu oso deigarri bat. Ez dut izenik emango, baina irakurtzen badu, barre egingo du. Nire dantza irakaslea izan zen ikastolan, Iruñeko dantza talde bateko dantzaria izan da eta ez da erraldoia hartu eta dantzatzeko gai izan.

Irudikatu dezagun zure egun bat.

Normalean entzierroa ikusteko igotzen naiz, korrika egiten duten hainbat lagun ditudalako. Gero Kale Nagusian elkartzen gara gosaltzeko, aurreko eguneko jokaldiak komentatzen ditugu. Erraldoiekin amaitzen dugunean hemen, Maissonaven, egoten gara. "Vermouth torero" egiten dugu eta zonaldetik bazkaltzera goaz. Lehen zezen plazara joan ohi ginen, baina dagoeneko ez dugu egiten. Iruñean milaka ekimen daude. Suak ikusi eta, gehienez, 01:00ean etxera.

«Egunen batean pentsatzen duzu "zer egiten dut nik hemen?" Baina beno, hori dira sanferminak. Drogasek dioen moduan, "estar en modo a gusto"»

Parrandarako tarterik ez dago orduan?

Egunen batean okertzen zara, baina biharamunean larrutik ordaintzen duzu.

Ajearekin bueltaka ibiltzea...

Bai, ziurtatzen ahal dizut gogorra dela, oso gogorra. Egunen batean pentsatzen duzu "zer egiten dut nik hemen?" Baina beno, hori dira sanferminak. Drogasek dioen moduan, "estar en modo a gusto".

Sanferminetako hitzetako bat "momentiko" da. Zein da zurea?

Gogoko dut uztailaren 7ko bat, erraldoitik kanpo bizi ohi dudana. Brauliaren ondoan. San Antonetik jaisten garenean txuriz jantzitako jendetza ikusten duzu, balkoiak jendez lepo eta giroa oso berotuta gu iristen garenerako... oso hunkigarria da.

Zinemara ere egin zenuten salto ‘Black is beltza’ pelikularekin.

Istorioa kuriosoa da eta Ferminek (Muguruzak) ere kontatu ohi du. Sanfermin txiki batean, Aldapa kalean geldialdi bat egin genuen. Neska batzuk zeuden, musika ekipo batekin, eta ‘Nikaragua sandinista’ jarri zuten. Abestia hasi zen eta barrutik atera zitzaidan dantzatzea. Bideo hori Ferminen eskuetara iritsi zen gau horretan bertan, oraindik ‘Black is beltza’ argitaratu gabe zegoen... Bizitzan ematen diren kointzidentziak. Estreinaldira gonbidatu gintuzten.

Horren harira, mezutxo bat. Toko-toko eta Braulia ez dira oraindik Nueva Yorken egon. Agian joan beharko gara.

Eta erraldoiak gordetzeko momentu hori?

Hor pena eta tristura bukatu izanaren sentsazio onarekin nahasten dira. Egun horretan mundua jatera ateratzen zara, etxera itzultzeko inongo asmorik gabe. Ba 41 urte ditut eta ez naiz sekula Villavesaren entzierrora iritsi...

Aurten despedida hori gainera desberdina izango da.

Bai, behartuta, Gaztelu plazan egingo dugu. Iaz, gure harridurarako, esan ziguten Udaletxe plazatik atera eta Gaztelu plazara eraman nahi zutela. Konpartsak ez du aldatu nahi. Bere garaian autobus geltoki zaharrean egiten genuen, eta hori zen ideala. Etxeko giro oso polita egoten zen. Autobus geltoki berrira eraman gintuzten eta desastrea izan zen, oso hotza. Beste zerbait egin beharra zegoela ikusi zen eta Udalarekin hitz egin zen, plazan egiteko. Konpartsa guztiari ematen zaio protagonismoa bertan. Eta tokiz aldatu gaituzte, jendetza biltzen dela argudiatuz. Jendetza. Sanferminetan. Orduan txupinazoarekin zer egiten dugu?

Ez da guk nahi duguna, baina egingo dugu, ahalik eta hobekien, beti bezala. Ez dezala jendeak Udalaren akats hau ordaindu.