NAIZ

Estebanek dio AHTaren lanak EAJk azkartu dituela, PPk eta PSOEk haren botoa behar izan dutelako

Lehenik PPk, EAJren botoak behar zituelako azkartu zituen AHTren lanak, Aitor Estebanen ustez. Orain, PSOErekin gauza bera gertatzen ari dela esan du.

Aitor Esteban, EAJren Kongresuko bozeramailea, Bilbon egindako agerraldian.
Aitor Esteban, EAJren Kongresuko bozeramailea, Bilbon egindako agerraldian. (EAJ)

EAJren Kongresuko bozeramaileak, Aitor Estebanek, kritikatu egin du Abiadura Handiko Trenaren atzerapenak Madrilen errua direla eta esan du lanak azkartzeko neurriak legegintzaldien amaieran bultzatu dituztela PPren nahiz PSOEren gobernuek, EAJren botoak behar dituztelako.

Bilboko Zorrotzako Feve geltokiaren ondoan astelehen honetan egin duen agerraldian, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak aldarrikatu du EAJ izan dela, eta «ez beste talde batzuk», EAEko trenbide sarean hobekuntzak lortzeko Kongresuan «borrokatu» duena. «EAJ ez balitz egongo, inork ez lituzke gai hauek mugituko Madrilen», baieztatu du.

Estebanen ustez, EAJk «hobekuntza garrantzitsuak» lortu ditu azpiegiturei dagokienez, eta adibide modura jarri ditu Zorrotzako Renferen geltokia lurperatzea edo AHTren inguruan lortutako akordioak.

AHTaren lanen atzerapenak onartu ditu, baina Gobernu espainiarrari egotzi dio errua. «Atzerapenak egon dira, zeren Madrilgo administrazioak oso motelak dira erabakiak hartzeko orduan», deitoratu du. Zentzu horretan, esan du Madrilgo Gobernua, berdin PPren edo PSOEren esku egon, «EAJren botoak behar dituenean» soilik mugitzen dela.

PPren aurreko Gobernuarekin ere atzerapen «nabarmenak» izan zirela gogoratu ondoren, esan du EAJk legegintzaldiaren amaieran gaia mugitzea lortu zuela, eskuindarrek EAJren botoak behar zituztelako. Orain gauza bera gertatzen da PSOErekin, agertu duenez. «Horregatik dira beharrezkoak EAJren botoak Madrilen», adierazi du.

Trenbideen arloko eskumena

Aitor Estebanek esan du bere alderdia «tematu» egin dela Zorrotzako geltokia lurperatu dadila eskatzen eta ziurtatu du obrak talde jeltzaleak «Espainiako Gobernuari presio eginez lortu duen konpromisoaren ondoren egingo direla».

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko trenbide sarean egindako aldaketak aldarrikatu ditu diputatuak; nolanahi ere, azpimarratu du EAJren helburua «trenbideen arloko transferentzia lortzea» dela. «Uste dugu dena gehiago azkartuko litzatekeela eta hobeto kudeatuko litzatekeela. Baina, bien bitartean, lineen maiztasunean inbertsioak eta hobekuntzak eskatuko ditugu. Gure ibilbideak abalatzen gaitu, gure akordioak betetzen ari dira eta horrek erakusten du boto erabilgarria, Euskadiren ahotsa, EAJren botoa dela», berretsi du.