NAIZ

Adi jarraitzen dute Gipuzkoa eta Lapurdiko hondartzetan, karabela portugaldarren ziztadengatik

Gipuzkoa eta Lapurdiko hainbat hondartzatan karabela portugaldarrak atzeman dituzte. Hainbat pertsona ziztatu dituzte eta gaur, esaterako, bandera gorria ezarri dute Donostiako Zurriolan, 7 pertsona artatu behar izan baitituzte ziztadengatik. Bizkaian oraingoz ez da marmoka horien ziztaden berririk.

Karabela portugaldarrak Zarautzen, 2011n.
Karabela portugaldarrak Zarautzen, 2011n. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Euskal Herriko hondartzetan adi jarraitzen dute, azken egunetan karabela portugaldar direlakoak agertu baitira; Gipuzkoan, behintzat, hainbat pertsona ziztatu dituzte. Astearte honetan, esaterako, 7 pertsona artatu dituzte Donostiako Zurriolan, ziztadengatik. Hori dela eta, bandera gorria jarri eta uretan zeudenei irteteko eskatu diete sorosleek. Udalaren arabera, arazoak izan dituzte surf eskola batzuetako irakasleekin, ez baitzuten uretatik atera nahi. Zarautzen, Getarian eta Hondarribian ere izan dira ziztadak.

Lehenengoak igandean atzeman zituzten Donostian, eta hiru pertsona artatu zituzten ziztadengatik: bi Ondarretako hondartzan eta beste bat Santa Klara uhartean. Horregatik, bandera horia jarri zuten sorosleek, Donostiako hondartzetako garbiketa ontziak ikuskapena egin eta marmoka gehiagorik antzeman ez zuten arte. Hori egiaztatuta, bandera berdea jarri zuten berriz.

Eneko Goia Donostiako alkateak prentsaurreko batean azaldu duenez, Kontxako badia «garbi» dago momentuz, Santa Klara uhartean eta Zurriolan baino ez dituztelako hildako karabela portugaldarrak aurkitu.

Ez da Donostiako hondartzetan karabela portugaldarrak agertzen diren lehen aldia, gogorarazi du Goiak, eta gaineratu du «kontuz ibiltzeaz gain, ezer gutxi» egin daitekeela arazo horren aurrean. Hala ere, udal zerbitzuak eta sorosleak «oso adi» daude karabela portugaldarrak bainu eremuetan agertuko balira haiek atzemateko eta erabiltzaileei dagozkien abisuak emateko bainu baldintzak arautzen eta adierazten dituzten banderen bidez.

Zarautzen, Udalak jakitera eman duenez, joan den igandean marmoka batek ziztatutako pertsona bat artatu behar izan zuten, eta atzo itsasertzean «zenbait ale» eta ziztatutako pertsonen «kasu batzuk» izan ziren, horregatik egun osoan zehar bandera gorria jarri zuten, eta hareatza osoan bainatzea debekatu zuten.

Gaur, ordea, sorospen zerbitzuek bainu guneak arakatu dituzte goizean goiz, eta kai inguruan, Zarauzko hondartzaren muturretako batetik gertu, ur gainean, «ale bat baino ez da atzeman eta kendu». Hori dela eta, bandera horia jarri dute, eta bainua «kontuz» har daiteke, bertan ere izan baitira ziztadak.

Hondarribiko hondartzan eta Getariako bi hondartzetan sorospen zerbitzuaz arduratzen den Gurutze Gorriak jakitera eman duenez, gaur goizean bandera berdeak daude hiru hareatzetan. Atzo bandera horia izan zuten jarrita, hainbat pertsona artatu behar izan baitzituzten ziztadengatik.

Bizkaian ez da ziztaden berririk izan, baina karabela portugaldar batzuk ikusi dituzte hondartzen inguruan.