San Miguel elizako balkoian, Gasteizko erraldoiekin batera, Maider Etxebarria alkateak eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak aurtengo Andre Mari Zuriaren jaien egitaraua «ilusio handiz» plazaratu dute. Jaiak «jasangarriak, pluralak eta erasorik gabekoak» izatea espero dute Etxebarriak eta Diaz de Corcuerak.
Andre Mari Zuriaren jaiak «gorriz markatutako» datak dira gasteiztarrentzat. Bertan adin tarte guztientzako 400 ekintza baino gehiago egongo direla adierazi du Etxebarriak; besteak beste, kontzertuak, umore ikuskizunak, haurrentzako antzerkiak, bertso saioak, dantza plaza edo piroteknia ikuskizunak. Egun hauetan hiriko «bertsiorik onena» ikusteko irrikan dagoela adierazi du alkateak.
Sonia Diaz de Corcuerak egitarauren inguruko nondik norakoak azaldu ditu. Jaien eskaintza osatzerakoan «bertako taldeek lekua izatea» bermatu dutela adierazi du Kultura zinegotziak; hala, Falerina lorategian Umami, Christian Brown eta DJ Kea artistak egongo direla jakinarazi du. Horretaz gain, «txoko guztietan» euskarazko eskaintza egongo dela eta emakume artisten presentzia «nabaria» izango dela nabarmendu du Diaz de Corcuerak.
«Lehenengo aldiz egitaraua gasteiztarren proposamenekin osatu dugu», azaldu du Maider Etxebarriak. Aurkezpenean jakinarazi dutenez, urte hasieran Udalaren sare sozialen bitartez egindako inkesten bidez gasteiztarrek beren musika talde gustukoenak bozkatzeko aukera izan zuten. Gehien bozkatutako hamar taldeak Gasteizko plazetan egongo direla jakinarazi du alkateak; horien artean, Lagrimas De Sangre, Rotten XIII, Dupla eta Kai Nakai.
Horretaz gain, musika talde oso entzutetsuak izango dira aurtengo jaietan, «publiko gazte zein nagusiagoentzat», gehienbat Foru Plazan. Horien artean ETS, Camela, Lagrimas de Sangre, Huntza eta Victor Manuel. Azken bi artisten kasuan, haien azkenetariko kontzertuez «gozatzeko» aukera izango dute gasteiztarrek.
Zozketa Zeledonen jaitsiera eta txupinazoa balkoitik ikusteko
Bestalde, lehenengo aldiz Udalak zozketa bat abiarazi du Zeledonen jaitsiera eta txupinazoa San Miguel elizako balkoitik «bizitzeko aukera izateko»; hain zuzen ere, 2 pertsonarentzat 50 gonbidapen zozketatuko dira, astearte honetatik hilaren 18ra abiaraziko den zozketan. Webgunean bertan edo 010 telefonoaren bitartez parte hartzeko aukera izango dute adinez nagusi den eta Herritarren udal txartela duen pertsona orok. Uztailaren 21ean «ahaztu ezin den esperientziaren» irabazleak jakinaraziko direla azaldu du Etxebarriak.
Haurrentzako eskaintza ere «ugaria» izango dela esan du Diaz de Corcuerak. Arriaga parkean, antzerkiak, txotxongiloak, Gargantua eta puzgarriak egunero egongo dira. Horretaz gain, Zeledon eta Edurne txikiren egunean, abuztuaren 7an, gasteiztar txikienak «jaien protagonistak» izango direla adierazi du zinegotziak. Gainera, herritarren eskakizunak kontuan hartuta, aurten suzko zezena orduerdi lehenago izango dela jakinarazi du.
Jada Gasteizko Udalaren webgunean ikusgai dago Andra Mari Zuriaren jaien egitaraua, baita Santiago egunekoa eta jaien aurreko astean antolatutako ekintzenak ere.