NAIZ

Osakidetzako Larrialdietako plantillak protesta egingo du, zuzendariaren jarrera salatzeko

Osakidetzako Larrialdi zerbitzuetako langileek elkarretaratzea egingo dute ostegun goizean, Donostiako Gipuzkoa plazan. Oscar Aller Osakidetzako Larrialdietako zuzendari kudeatzaileak ekainaren 5ean Legebiltzarrean egin zuen hitzartzeak hasarrea piztu du beharginengan.

Osakidetzaren anbulantziak, Basurtuko Ospitalean aparkatuta.   (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)
Osakidetzaren anbulantziak, Basurtuko Ospitalean aparkatuta. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

Osakidetzako Larrialdi zerbitzuetako langileek elkarretaratzea egingo dute ostegunean Donostian, zerbitzu honetako zuzendari kudeatzaileak beharginekiko duen jarrera salatu eta haien lana defendatzeko.

Pasa den ekainaren 5ean, Oscar Aller Osakidetzako Larrialdietako zuzendari kudeatzailea Gasteizko Legebiltzarreko Osasun batzordera agertu zen. Bere hitzartzean esandakoak, zerbitzu honetako langileen ustez, beharginen egoeraren eta zerbitzuaren beraren ikuspegi «guztiz irreala» erakutsi zuten.

Allerren adierazpen «osatu gabeak eta nahasiak» salatu eta haien «ondoeza» helarazteko asmoz, Osakidetzako Emergentziak erakundeak gutun bana bidali zien zuzendari kudeatzaileari, Victor Bustamante Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariari eta Lakuako Osasun Saileko sailburu (Gotzone Sagardui) nahiz sailburuordeari (Jose Luis Quintas).

Beharginen gutun horri beste gutun batekin erantzun diote arduradun publikoek, baina, idatzi horrek ez ditu Oscar Allerren hitzak zuzentzen, ez eta Osakidetzako Emergentziak taldeko langileek eskatzen zituzten zenbait erantzun ematen ere: ez du zehazten udarako plan estrategikoa zein izango den.

Larrialdietako zuzendariaren ekainaren 5eko hitzartzea deitoratu dute, datu estadistiko «partzialak» erabili zituelako eta larrialdi zerbitzuetako langileen lanaldiaren inguruko gezurrak zabaltzeagatik, lan orduak berez direnak baino gutxiago direla esanez. «Ez dezagun ahaztu urteko 365 egunetan eguneko 24 orduetan gure geografiako edozein tokitan pazienteei arreta ematen dien zerbitzua dela gurea», argitu dute.

Egoera hau salatzeko Larrialdi zerbitzuetako langileak Donostiako Gipuzkoa plazan elkartuko dira ostegunean, 11.00etan.