NAIZ

Gizon bat atxilotuta, Ondarroako ‘Zapato Azulean’ emakume bati sexu erasoa egitea egotzita

Bizkaiko Ondarroa herriko ‘Zapatu Azule’ festa ezagunetan salatu zuen emakumeak erasoa, uztailaren 2an. Ertzaintzak hiru egunen buruan atxilotu zuen ustezko erasotzailea.

Ondarroa, artxiboko irudi batean.
Ondarroa, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du, Ondarroako ‘Zapatu Azule’ festatan emakume bati sexu erasoa egin izana egotzita.

Lakuako Segurtasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez, erasoa uztailaren 2ko goizaldean izan zen eta egun horretan bertan aurkeztu zuen salaketa emakumeak. Hiru egunen buruan atxilotu zuen Ertzaintzak ustezko erasotzailea, hilaren 5ean, Segurtasun Sailaren arabera.

Jaietan eraso matxistei aurre egiteko herri protokoloaren koordinazio mahaiak jaien balorazioa egin zuen, eta bertan jakinarazi zuen ‘Zapato Azulean’ 2 eraso matxista salatu zirela eta bi aldiz aktibatu zela protokoloa, zegokion erantzuna bideratuz.

Gainera, 5 pertsona kanporatuak izan ziren txosnaguneetatik jarrera desegokiagatik. «Honek ez du esan nahi beste eraso matxistarik egon ez zenik», zehaztu zuen: «Jakitun gara eraso matxisten erradiografia ez dela errealitatera hurbiltzen, soilik salatu diren erasoak zenbatu eta ikertzen direla, eraso gehienak ez direla salatzen edota ez dira eraso matxistatzat hartzen».