Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Nahia Apariciok lehen taldeko fitxa izango du

Gazte tolosarrak apirilean egin zuen debuta Realarekin, bigarren taldean hiru denboraldi eman ondoren. Atzelari hau lehen taldera igota, Natalia Arroyok 15 jokalarirekin hasiko du denboraldi-aurrea hurrengo astean.

Nahia Apariciok 4 zenbakia eramango du elastikoan. Argazkian, Garbine Etxeberria Kirol Zuzendariarekin, Anoetan.
Nahia Apariciok 4 zenbakia eramango du elastikoan. Argazkian, Garbine Etxeberria Kirol Zuzendariarekin, Anoetan. (Real Sociedad)

Realak etxean egin du udako bigarren fitxaketa. Apirilean Valentziaren kontrako partidan debutatu ondoren, Nahia Apariciok (Tolosa 2004) jauzia egin eta lehen taldeko fitxa izango du, klub txuri-urdinak ostegun honetan jakinarazi duenez.

Lehen urratsak Tolosan eman ondoren –infantiletan hasi eta 15 urte besterik ez zituela heldu zen lehen taldera–, atzelari gaztea 2020an heldu zen Zubietara, bigarren taldeko kamiseta janzteko. Bertan eman ditu hiru denboraldi, apirilean 2. Federaziora lortutako igoerarekin ginga jarriz. Lorpen hori ospatu baino egun batzuk lehenago izan zuen Apariciok pozteko beste arrazoi handi bat, apirilaren 22an debuta egin baitzuen lehen taldearekin, Realak Valentziaren kontra Zubietan jokatutako norgehiagokan, 80. minutuan zelairatuz. Beste bi partidetan parte hartu zuen denboraldia amaitu aurretik.

Orain urrats bat gehiago eman du, Realak azaldu duenez, «harrobi-filosofiaren alde egiten jarraitu» nahi duelako, «etxeko jendeari hazteko aukera emanez». Aparicioren kasu zehatzean, «haren aldeko apostua egin nahi» duela esan du klubak, «oraingo eta etorkizuneko proiektu gisa».

Jokalariak berak «lehen taldera iristeagatik oso pozik eta ilusionatuta» dagoela aitortu du. «Eskertuta klubak emandako konfiantzagatik, nere ametsa betetzeko aukera hau emateagatik», gaineratu du, «beti-beti Realekoa izan» dela azpimarratuz. «Niretzat hau izugarria da. Nahiz eta bigarren taldean egon, ez duzu imajinatzen lehen taldera iritsiko zarenik. Beti dago hor baina ez duzu imajinatzen iritsiko zarenik. Esan zidatenean, sekulako ilusioa egin zidan».

Tolosarra, noski, «entrenatzen hasteko gogoekin» dago, «taldekide berriak ezagutzeko eta beraietaz ikasteko». «Orain daukadan helburu bakarrenetakoa –azaldu du–, taldera egokitzea da. Kontziente naiz bigarren taldetik lehenengora pauso handi bat dagoela baina denboraldi-aurrea aprobetxatuko dut erritmoa hartzeko, taldekideez ikasteko eta egurra emateko».

Hambost jokalari

Astelehenean ekingo dio lanari Nahia Apariciok Zubietan, Reala izango baita goiztiarrena Liga Fko talde euskaldunen artean. Ezagun dezente izango du alboan denboraldi-aurreko lehen asteetan, iaz bezala bigarren taldeko futbolariak deitu beharko baititu Natalia Arroyok. Lehen taldeko 15 jokalari besterik ez dira egongo ikasturtearen hasiera honetan, Andreia Jacinto eta Manu Vanegas beren selekzioekin daudela kontuan hartuta, hilaren 20an hasiko den Munduko Txapelketan lehiatzeko.

Apariciorekin batera, Lorena Navarro izango da berritasun bakarra, aurrelaria baita momentuz Realak egin duen fitxaketa bakarra, Alejandra Bernabe bigarren urtez jarraian utzita etorriko baita, kasu honetan Chelsea taldetik.