Agintari, epaile edo beste zerbitzari publiko batek ebazpen arbitrario bat ematen du gai administratibo edo judizial batean, ebazpen hori bidegabea eta legearen aurkakoa dela jakinda. Prebarikazioa. Baltasar Garzon epaileak egin zuena.
1998ko uztailaren 15a markatzen zuen egutegiak. Hernaniko Eziago Poligonoan ‘Egin’ egunkariaren errotatiba itxi zuten –desmuntatu eta piezak leherrarazi–. Egin Irratiaren ahotsa isilarazi. 250 langile kaleratu zituzten. “Persiana” operazio polizial-judizialak ez zeukan aurrekaririk 1936ko altxamendutik.
Telefono deiak, autoz Hernanirantz. Ezintasuna.
25 urte joan dira. 5.475 egun. Gaur beste behin «biziko» dugu bertako langileok. Gertakariak fotogramak balira bezala pasatuko zaizkigu begien aurrean. Eta haien eskutik, sentipenak. Tarteka gertakariren bat. Astinaldia gure erraietan. Azkena, Jabier Salutregi zuzendariaren heriotza. «Hainbeste pertsona espetxean egon dira... Horrek ondorioak ditu. 25 urtera zuzendaria joan zaigu», egin du hausnarketa Tomas Arrizabalaga Orain SA enpresa editoreko pertsonal arduradun eta ahaldunak. Ezin ahaztu Zinko Eneako kioskoan goizeko 5.00etan ‘Egin’erako bidean erositako egunkaria eskuan –argia ikusi zuen azkena– protagonista izan zuen irudia.
NAIZ Irratiko mikrofonoaren aurrean Amaia Ereñaga ‘Egin’eko kultur sekzio burua eta Martin Garitano erredaktore burua ere badaude. Salutregirekin batera, ezinbestean, gure artetik joandako hainbat gogoan: Jose Ramon Aranguren, Isidro Murga... Gure herriarekiko konpromisoa bizitzaren ardatz egin zutenak. «Faltan ditudan lagunak dira», adierazi du Garitanok. «Bere garaian asko sufritu zuten, guk baino gehiago segur aski, eta 25 urteren ostean desagertzeak pena ematen dit».
Minez gogoratzen du 1998ko egun malapartatua Arrizabalagak: «Kristoren disparatea egin zuten Garzonek, Aznarrek eta enparauek. Ez dago eskubiderik. Prebarikazio garbia izan zen Garzonen partetik. Eta nola da posible horrelako disparatea egin zutenek inolako erantzukizunik ez edukitzea, demokrazian bagaude? Hori nola konpondu?». Galderak airean.
Atxiloketak, kartzelaldiak... denbora aurrera zihoan. Batzuentzat besteontzat baino mantsoago. Denok gogoan dugu Turkian bidaia ofizialean zela Jose Maria Aznar espainiar Gobernuko presidenteak esandakoa: «Inork pentsatzen zuen ez ginela ausartuko?» ezin argigarriagoa. 2009. urtean ebatzi zuten itxiera ilegala izan zela. «Guk aurrez bagenekien hori», dio Garitanok. Mende laurdena bete da gaur eta itxiera ez du inork ordaindu. «Estatuak onartu bai, baina inork ez zuen ordaindu. Ardura hor dago, ilegalitatea, ez langileen aurkakoak bakarrik, milaka irakurleren eskubideen kontrakoa», salatu du.
«Komunikabide bezala batetik, baina baita pertsonalki kide batzuek kartzelan pasatu zuten kalbarioa ere… Beste askorentzat mozketa suposatu zuen bizitza pertsonalean zein profesionalean», esan du Ereñagak.
Harago doa. «Inbisibilizatu egiten gaituzte, ahanzturan utzi dute. Estatu espainolean dagoen demokraziaren kontzeptua oso kolokan jartzen du. Kazetaritzaren gremioari dagokionez, berriz, erretratuta geratu da denborarekin».
‘Euskadi Información’
‘Egin’eko zuzendaritzako kideak ez ziren besoak antxumatuta geratu. Amorruari eta sumindurari ekintzak hartu zion lekua. Juan Carlos Elorzak –hura ere gure artetik joana, erredakziotik pasatutako askorentzat maisu– garbi ikusi zuen hartu beharreko bidea. «Gu zer gara, kazetariak, ez? Eta herriak zer behar du? Egunkari bat. Ba egin dezagun», esan zuen. «Momentu hartan denok ohartu ginen hura zela bidea», nabarmendu du Garitanok.
Esan eta egin. ‘Euskadi Información’en sorrera etorri zen. «Hainbat pertsonaren laguntzarekin eta herri oso baten babesarekin aurrera egin genuen», dio.
198 ale argitaratzera iritsi zen. 8 orrialderekin hasi eta 32rekin amaitu. Zubia. «Lodituz joan zen, baina etorkizuna beste bat zela ikusten genuen», argitu du Garitanok. Errotatiba bila, ate joka. «‘Deia’k atzera egin zuen azken unean. Jendea ikaratu egiten da. Saiakera asko egin genituen, denek ezezkoa eman ziguten», gogoratu dute.
Berak hartu zuen ‘Euskadi Información’en zuzendari kargua. «Garaiko ‘Euskadi Información’ aldizkarian ni nengoen titular bezala, nahiz eta bertan lanik ez egin. Legezko geneukan bakarra zen. Ez ziren konturatu zenbaki faltsua zela, aspaldi iraungitakoa. Alferkeriagatik ez zuten egiaztatu». Anekdotak aletzen hasi da, solasaldia umorez zipriztinduz. Lucio Urtubiak lapurtu eta egun batean Bidebietako inprentan utzitako Solna inprenta makinaz Sabino Ormazabal gogoratu zenekoa, Adarragak erredakzio inprobisatua arrapaladan martxan jartzeko lokala utzi zuenekoa... Garai zailetan, ilusioa eta kemena. Elkartasuna. «Hernaniko herriak dena eman zuen».
Egoera oso latzei aurre egin ondoren, ekonomikoki bideragarritasuna lortua zuen. «Horrexegatik etorri zen kolpea», dio Garitanok. «Egoera katastrofikoari aurre egin genion, horregatik etorri ziren bortxaz gure aurka». «Baliabide ekonomiko urriekin egin arren, aurreratua izan zen arlo askotan ‘Egin’. Ustelkeria salatu zuen Pepe Reik gidatutako ikerketa taldeak, eta moztu egin zuten. Gaur egun nabaritu egiten da euskal komunikabideetan. ‘Egin’ eta ‘Euskaldunon Egunkaria’ren itxierak ‘aviso a navegantes’ izan ziren», diote.
Egunero gerra txikia
Gatazka politikoa bere gordinean. «Gatazkaren erdian zegoen ‘Egin’, Josu Muguruza eta Xabier Galdeano erail zizkiguten. Habitat hartan trebatu egin ginen, asko ikasi genuen. Munduan ez da izango kazetari askorik gu beste bizi izan duenik. Badira gerran ibili direnak eta dabiltzanak, baina guk gerra txiki bat geneukan egunero. Eta hala ere, bizitza ‘normala’ eginez, zoriontsuak ginen. Gazteak ginen, ausartak, inkontzientzia puntuarekin», gogoratu du Garitanok. Harrotasunez bizi genuen kazetariok. «‘Egin’eko kazetaria izatea bazen zerbait, gure herriaren alde egiten genuelakoan geunden», bere esanetan.
‘Egin’en egin
‘Egin’en egin ginen. Kazetaritza eskola izan zen. Bizitzaren eskola ere bai helduaroa bertan hasi genuenontzat. «Gurea komunitatea zen, bere barealdi eta haserrealdiekin», esan du Garitanok. «Esperientzia profesional bezala oso garrantzitsua izan zen, asko ikasi genuen han», adierazi du Ereñagak.