Euskal Herriko pentsiodunak udako etenaldian daude, baina ez oporretan. Beti eta beti beren eta ondorengoen biziraupen duina aldarrikatzeko edozein abaguneri adi, Estatu espainoleko Gorteetarako hauteskunde kanpaina betean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak iragarri zituen. Joan den astean Iruñean bezala, gaur manifestazio bana izan dira Gasteizen eta Donostian, pentsiodunen aldarrikapenak «behingoz egia bihur daitezen». Ohiko aldarrikapena da hori, eta pentsioak defenditzearen aldeko ohiko leloak entzun dira bi manifestazioetan; hala ere, gaurko mobilizazioetan berri bat ere entzun da: «Hay que recordar a la hora de votar» (bozkatzerakoan, gogoratu behar).
Izan ere, ohiko mobilizazioen etenaldian ere eta hauteskunde koiunturan, aurkeztu diren alderdi politikoei eskaera zehatz bat egin diete, Pentsiodunen Mugimenduaren aldarrikapenekin bat egiteko «konpromiso argi eta publikoa» adieraz dezatela, hain zuzen.
Lorpenak eta
Manifestazioen amaieran, gogorarazi dute bukatzear den legealdian erakutsi duten mobilizatzeko gaitasuna, eta haren ondorioz lortu dutena: 2013ko PPren erreformaren bi elementu nagusiak indargabetzea, pentsioen 0,25eko «errebalorizazio makurra», euren erosteko ahalmena % 20 baino gehiago murriztuko zukeena, eta pentsio berriak areago murriztuko lituzkeen Iraunkortasun Faktorea.
Borrokatu dira, halaber, PSOEren erreformaren alderdi atzerakoiak indargabetzeko, baina ohartarazi dutenez, erreforma hori indarrean jarraitzen du funtsean, hala jarraitzen baitute erretiro adina atzeratzea eta pentsioa kalkulatzeko epearen luzapena, besteak beste.
Diotenez, alderdi politiko batzuek beren aldarrikapenei emandako babesak ez du behar besteko ordezkaritzarik izan, horregatik aldarrikapen horietako batzuk ez dira onartutako erreformetan sartu.
Beren aldarrikapenekin bat egiteko konpromiso argia
Hauteskunde egunerako astebete falta dela, konpromiso «argia» eskatu diete alderdi politikoei: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta genero arrakala bukatzea; urteko konpentsazio ordainsaria berreskuratzea, pentsiodunen erosahalmenaren galera berdintzeko; alargun pentsioa %100era iristea; 40 urte kotizatuta dituztenen erretiro aurratuaren koefiziente murriztalilaeak indargaztetzea, eta 2011 eta 2021eko pentsioen erreformaren murrizketak indargabetzea.
Horrenbestez, uztailaren 23a pentsiodunentzat mobilizazio eguna dela nabarmendu dute, botoa baliatuko baitute «pentsioen murrizkearen alde egiten dutenek berriro horrelakorik egin ez dezaten» eta pentsiodunen aldarrikapenak behingoz «egia bihur daitezela» eskatzeko.
Hilaren 3ko eta gaurko mobilizazioei segida emanez, astelehenean Bilboko kaleetara eramango dituzte pentsiodunek, aldarrikapen berak, 12:00etan Plaza Eliptikoan abiatuko den manifestazioan.