EH Bilduk astelehen honetan salatu duenez, Donostiako alkatea den Eneko Goiak ez dio «modu ofizialean eskatu Espainiako Presidentzia Ministerioari La Cumbre Donostiako Udalari lagatzeko eta, hala, euskal jendartearentzat hain sinbolikoa den tokia berreskuratzeko».
«Arduragabekeria da alkateak, prozesua hasteko eskumena duen bakarrak, pausorik eman ez izana», salatu du EH Bilduk, izan ere, gogoratu duen bezala urrian amaituko da talde subiranistaren eta Espainiak Gobernuaren artean Memoriaren Legearen esparruan lortutako akordioa gauzatzeko epea.
Juan Karlos Izagirre bozeramailearen esanetan, «aukera hau ez aprobetxatzea arduragabekeria da, baita bera akordioaren parte ez dela aitzakia gisa jartzea ere, akordio honen onuradunak donostiar guztiak eta Donostia garela ahaztuta. Alkatea da haren ordezkari nagusia».
«Akats politiko argi baten aurrean gaude, gure hirian elkarbizitzarako hain beharrezkoak diren proiektuak aurrera ateratzeko alkateak duen ekimen eta perspektiba faltaren aurrean gaude», gaineratu du, eta hilaren 27ko osoko bilkuran kontrol mozio bat aurkeztuko duela iragarri du, alkatea premiatzeko akordio hori gauzatzeko beharrezko urratsak eman ditzan.