NAIZ

Kontra duen Ertzaintzaren alde Madrilen lortutako akordioak goraipatu ditu Urkulluk

Ahotsa ozenduta, EAJk Ertzaintzako agenteen baldintzak hobetzeko Kongresuan lortu dituen akordioak goraipatu ditu Iñigo Urkulluk hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. «Guk lortu genuen ertzainen erretiroa 60 urtera murriztea», nabarmendu du.

EAJko alderdikideak, Urkullu, Ortuzar eta Esteban tartean, Getxoko ekitaldian.
EAJko alderdikideak, Urkullu, Ortuzar eta Esteban tartean, Getxoko ekitaldian. (EAJ)

«Euskadik» Frantziako Tourrean «munduari» erakutsi zion «irudi ederra» txalotu du Iñigo Urkulluk eta, horren ondotik, ekitaldi horixe bera boikoteatzen saiatu zen eta Lakuaren kudeaketaren kontra grebara egin duen Ertzainzaren alde Madrilen lortutako akordioak goraipatu ditu.

«Eguneroko bizitzan eragina duten» akordioak lortu ditu bere taldeak Kongresu espainiarrean, Urkulluren hitzetan. Eta adibideak zerrendatu ditu: «Funtzionario publikoak berritzeko tasa lortu genuen. Pandemian, ABEEn (Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedientea) neurria proposatu genuen, enpresei laguntzak ematea proposatu genuen, haien kostuak murrizteko. Kontzertu Ekonomikoa zabaltzen tematu ginen, eta lortu genuen».

Zerrendarekin jarraitu du, eta ahotsa ozenduta, esan du, kontra dituen agenteengana zuzenduz bezala: «Guk lortu genuen ertzainen erretiroa 60 urtera murriztea. Akordioa lortu genuen 8.000 agente izateko eta urtero enpleguaren eskaintza publikoa egitea».

Hirugarren eserlekua jokoan

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ere parte hartu du Algortako metroko geltokiaren aurrean egin den ekitaldian, eta onartu du EAJk Kongresuko eserleku bat gal dezakeela igandeko bozetan. «Lehia estua» izango dela esan du eta nabarmendu du «1.200 boto gehiago» behar dituela alderdiak Bizkaiko hiru diputatuak segurtatu nahi baditu.

Hirugarren aulki hori Imanol Landak hartuko luke, eta Ortuzarrek «azken ahalegina» eskatu die bizkaitarrei hala izan dadin. «Alkate handia izan zen, senatari handia izan da eta diputatu handia izango da. Kongresura eraman behar da berriro», esan du.

EBBeko presidenteak, bestalde, bere alea jarri du pentsioen balio handitzeari buruzko eztabaidan, Alberto Nuñez Feijóo PPren adierazpen batzuen harira –gezurra esan zuen, baieztatu zuenean PPk gobernatu duenero igo duela pentsioen balioa–. Hala gogorarazi du Ortuzarrek: «PPk pentsioak handitu bazituen, EAJk egin zion presioarengatik izan zen».

«Aitor Estebanek eta biok akordio hura itxi genuen Moncloan 2018ko apirilean. Beraz, Feijoo, ez dagokizun dominarik ez hartu», berretsi du.

Bestalde, Aitor Esteban EAJren Kongresurako hautagaiak kritikatu duenez, «Estatuko alderdiek dena Madrilgo begitik ikusten dute: ez dago proposamenik, ez dago Euskadiri buruzko aipamen zehatzik». «Eta besteak –gaineratu du EH Bilduri buruz–, programa txiki batekin, obsesionatuago daude ustezko sorpasso batekin, irudiarekin, inoiz estimatu ez duten euskal erakundeak nola defendatu pentsatzearekin baino».

Gaur 1936ko altxamendu frankistaren urteurrena dela baliatuta, Estebanek gogora ekarri du urte hartan EAJ «herritarren eta askatasunaren alde» lerratu zela. «Leku berdinean jarraitzen dugu», nabarmendu du.