Euskal Herrian Barter bat sortzeko aukerari buruz eginiko ikerketaren emaitza plazaratu dute astearte honetan Mugaz Gaindiko Udako Unibertsitateare baitan (UNUM), Baionan.
Iazko udako ikastaroetan mugaz gaindi Barter bat -enpresen arteko elkarlan eremua eratzea ahalbidetzen duen sistema- sortzeko hipotesiari buruz galdera pausatu zuten eta, urtebetez luzatu den ikerketaren lehen fasea amaituta, gaur behin behineko erantzuna heldu da.
Euskal Herri mailan mugaz gaindiko harreman ekonomikoak ahulak badira ere, horiek garatzeko martxan diren esperientziak zein geroari begirako garapen aukerak aintzat hartuta Eusko Barter bat sortzea «egingarria dela» baieztatu duen txostenaren emaitzak aurkeztu dituzte Arteen Hirian igaro den 'Lurralde-garapen solidarioa, antolaketa eta lege-moduak eta lurraldearen zerbitzurako lankidetza' izenburpean eginiko ikastaroaren amaieran.
Goizean zehar hainbat hitzaldi izan dira kooperatiba sistematik hasita eta klusterren garapeneraino gertuko zein kanpokoen ereduen gainean gogoetatzeko aukera eman dutenak.
Arratsaldeko lan saioei bide emanez Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) irakasle eta ikerlaria den Fabienne Pinosek eta Xabi Larralde ekonomiako doktoreak eta Bihar institutuaren sustatzaileak Eusko Barter egitasmoari buruz disziplina ezberdinetako dozena bat irakasleren laguntzaz eginiko ikerketaren lehenengo emaitzak ezagutzera eman dituzte.
Lau erakunderen sostengua ukan du hamabi ikerlarien lanak
Euskal Elkargoak, Udalbiltzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Akitania Berriako Eskualdeak diruztatu duten ikerketaren xehetasunak 400 bat orriko txosten batean jaso dituzte.
Tokiko moneta oinarri gisara harturik mugaz gaindiko Barter sistema sortzea posible litzatekeela baieztatu ahal izan dute ikerlariek, besteak beste, Baionako Industria eta Merkatal Ganberarekin auzolanean Bidasoaldeko bi aldeetan ematen diren fluxu ekonomikoak aztertu ondoren.
Nazioarte mailan martxan diren ereduak miatu ondoren -Suitzako Wir eta Sardiniako Sardez Barter ereduak aipatu dituzte- Euskal Herri mailan 1.500 bat enpresen bultzadapean eraturiko sarea irudikatu dute, bere baitan hiru azpi sare jasoko zituena.
Ipar Euskal Herriko 500 enpresa, Gipuzkoako 600 eta Nafarroako 400, horra hor ikerketan aipatzen den balizko eraketa bat.
Mugaz gaindiko Barter bat sortzeari begira arazorik ez legoke, merkatal araudiaren babespean mugaz gaindiko eremuan posible delako eremu ezberdinen arteko lankidetza tresnak sortzea.
Gobernantzaren ereduari dagokinez, ikerlariek kooperatiben eredua hobetsi dute.
Aktibitate piloto bat martxan emateko 645.000 euroko diru-laguntza
Barter sistema eratzea arnas luzeko egitasmoa izanik ere -aktibitate piloto bat martxan emateko gutxieneko 645.000 euroko dirulaguntzaren beharra aurreikusi dute ikerketa lanaren egileek- tarteko geltoki posible bat zehaztu dute gaur Baionan.
Hala mugaz gaindi baliabide monetarioen koordinazioa ahalbideratzeko konsortzio edo partzuergo bat sortzeko proposamena mahai-gainean jarri dute.
Behin behinean Eusko tokiko monetaren sarea eta Donostialdea eta Baztango eragileak elkarlanean jarriko lituzkete egitura berri horretan.
«Tokiko kolektibitateei ekonomia garatzeko eta norbanakoei zerbitzuak lortzeko aukera bikoitza eman behar du Barter batek», laburbildu du Pinosek.
Hasiera batean enpresen arteko elkarlana sustatuz geroari begira gizarte zibilaren ekarpenari bidea emango lioke Eusko Barterrak, finean Ipar Euskal Herriko Euskal Monetaren bultzadapean abian eman zen ibilbideak gizartean dauden baliabide guztiak hartu behar dituelako kontuan.
«2013an sortu zen Eusko Ipar Euskal Herrian eta hasieratik beste euskal lurraldetara zabaltzeko aukera aipatu genuen», oroitarazi du Xebax Christi Euskal Monetaren lehendakariak txostenaren emaitzak aukeztu ondoren izan den mahai-inguruan.
«Lurralde ezberdinetako gizartetik horrelako ekimena sortzen bada, tokiko moneten arteko elkarlan esparru bat sustatzea posible egingo luke kontsorzioak», gehitu du.
Olatukoop-eko kooperatiben federazioko ordezkari den Beñat Irasuegik azpimarratu duenez, aurrera begira irudikatzen den «bidea bera da interesgarria».
«Barter bat sortzera iritsiko ez bagenu ere, lurraldea, balio-katea, interkooperazioa.. hainbat balotre zaintzen dituzten enpresekin lan egitea, eta sarea indartzea, berez onuragarria izango litzateke».
Burujabetzaren ikuspegitik, eta pertsonak erdigunean jarriko duen ekonomia eraldatzailea garatzeari begira, guztiz baliagarritzat jo du berdin Hendaian zein Elizondon hainbat eragileek ondu dituzten harremanetan oinarrituz urrats berriak ematea.
«Harreman zuzena da gure ildo nagusia» baieztatu du, bestalde, Hemen elkartearen izenean Francis Carricartek.
Biek ala biek banku baten sorrera irudikatu baino, Eusko Barter baten norabidean, «dagoeneko existitzen diren eta etorkizunean heldu daitezkeen egiturekin lankidetzan aritzeko baliabideak bermatuko dituen kontsorzioaren sustapena balioztatu dute.
«Nahikeria erakutsi, saretzean sakondu eta tresnak berritu..hori da gure lan egiteko modua eta, horrendako, ez dugu banku sistema zaharkitu bat irudikatzen, Barter bezalako sistema bat eraginkorragoa izan daitekeelako», borobildu du Ipar Euskal Herriko tokiko erakundeen zein norbanakoen ekarpenez tokiko garapena helburu duen Hemen elkarteko ordezkariak.