Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Aitzol Aramaioren lagunak

«Jaialdi formatuan ez bada ere Marabillik urte askoan jarraitzea espero dugu»

Hamabi urte dira Aitzol Aramaio zendu zela. Marabiilli Festibalak agur esango du aurten jaialdi formatuan baina bere izpirituak bizirik jarraituko du urtean zehar prestatuko dituzten ekitaldien bitartez.

Aitzol Aramaioren senitartekoak, lagunak eta Ondarroako alkate Urtza Alkorta.
Aitzol Aramaioren senitartekoak, lagunak eta Ondarroako alkate Urtza Alkorta. (Mikel Santiso)

«Bizitza marabilli re!» sinetsita zegoen Aitzol Aramaio. Makina bat aldiz irten zen esaldia bere ezpainetatik eta halaxe entzun zioten lagun eta senitartekoek. 2011ko apirilaren 24an, 40 urterekin, zinemagilea galtzean haren ohorez eta haren bizipoza gogoan kultur ekitaldi sorta antolatzea otu zitzaien. Marabilli Festibala sortu zen.

Seigarren urtea du. Azkena. Hala iragarri dute sustatzaileek. Azken festibala, baina ez Aramaio gogoan egindako bidearen amaiera. «Jarrituko dugu Marabilli gure lagunari eskaintzen. Jaialdi formatuan ez bada ere Marabillik urte askoan jarraitzea espero dugu», argitu du Josu Eizagirrek.

Urtean zeharreko egitaraua izango da aurrerantzean. «Lasaixeago egingo dugu, formatu txikiagoan», adierazi dio NAIZi.

Norabide aldaketaren arrazoiez galdetuta, hauxe erantzuna: «Atzetik ez dator antolakuntzan inplikatuko den inor, erreleborik ez dago. Eta pandemiaren ondoren taldeko kideoi kosta egiten zaigu Marabilli bezalako proiektu handiarekin jarraitzea».

Penaz hartu duten arren, naturala ere badela ikusten dute. «Herri mugimenduetan eta ibiliak gara baina gu ez gara profesionalak. Aitzolen lagunak gara eta ahal dugun hobekien egiten dugu», dio.

Lan handia

Egitarauak, gero eta mardulagoa izanik, ahalegina eskatzen du. «Festibal handia bihurtu da eta lan asko eskatzen du. Bi urtetik behin egiten dugu. Urte bat etxekoei eskeintzen diegu eta bestea jaialdiari. Izan ere, urte osoa behar dugu egitaraua prestatzen».

Seigarren edizioa izango da hau. «Hasieran bultzatu gintuen arrazoia gogorra zen, lagun bat galtzea. Zeozer egin behar genuela eta batu ginen, baina ez genekien zer egin. Aitzolek esparru artistiko asko zituen gustukoak. Sormenari lotuta zegoen. Omenaldia egin nahi genien sormenarekin zerikusia zuen jaialdi batekin. Gutxinaka hasi ginen gaur egun finkoak diren espazioak sortzen: 10 Minutu, sekuentzia kuttunak, zinema proiekzioak, antzerki emanaldiak... Formatua finkatuta daukagu dagoeneko».

Behetik hasi eta goruntz joan zen. Bosgarren edizioan goia jo zuen jaialdiak. «Topera iritsi ginen», dio Josu Eizagirrek. 

Bi egunetako jaia

Urriaren 6tik 7ra iragarri dute aurten Marabilli Festibala Ondarroan. Bi egunetako festa zinema, antzerkia, musika eta literaturaz oparo datorrena. Aramaioren lagunak, etxekoak –bere ama Manolita Bengoetxea tartean–, eta Ondarroako alkate Urtza Alkorta egon ziren astelehenean egindako aurkezpen ekitaldian.

Marabilli Paraderek emango dio hasiera aurtengo egitarauari. «Herritarrak eta kanpotarrak gonbidatuta daude modu askean parte hartzera», esan du.

Beste bi ekitaldi aipatu ditu: 10 Minutu eta Maste Classa. «10 minututan eskatzen diegu sortzaileei azaltzeko sormena nola ulertzen duten, zergatik duten gustukoa. Oso gauza polita da sinesten duen hori esplikatzen entzutea maisua. Sortzaile bakoitzak gustukoa duen proiektua azaltzea, hori marabilla bat da», nabarmendu du.

Master Classaz zera dio: «Fermin Muguruzak eta Arantza Santestebanek ordubete inguruan beraien zinema sekuentzia kuttunenak kontatuko dizkigute. Zein eragin izan duen sekuentzia horrek beraien bizitzan eta zinema zergatik egiten duten... azalduko digute».

Aipatu sortzaileez gain beste hainbat izen nabarmentzen dira egitarauan: Belako, Moonshine, Tapia eta Leturia, Amets Arzallus, Esti Urresola –oraindik konfirmatzeke–, Asier Altuna eta Joseba Sarrionandia, besteak beste.

Elkarri eskua emanda

Marabilli Festibalak ezaugarri bat badu diziplinartekotasuna da. Ez da zinema, musika, literatura edo antzerki jaildia. Dena batera da. «‘Aitzoli zer gustatzen zaio? Zinema. Baina antzerkia ere bai. Eta musika...’ eta diziplinak gehitzen joan ginen, –gogoratu du irribarrez–. Antolakuntza taldean ere hainbat arte diziplinatan dabiltzan kideak daudenez horrela egitea pentsatu genuen.

Balantzea ezin hobea da. «Herri izaera du jaialdiak. Diruz ordaindu ezin duguna beste era batera egiten dugu, gurekin bazkaldu, herria ezagutu eta jaialdiak irauten duen egunetan gurekin egotera gonbidatzen ditugu. Dagoeneko lagunak bihurtu dira. Asier Altuna eta Txintxua ekoiztetxeko kideak, esaterako, etxekoak dira jada». Familia handituz doa.

Urteotan egindako bidea ikusita Aitzol gustura egongo zatekeen galdetuta, erantzuna, baiezkoa. «Familiakoek horixe transmititu digute, oso pozik daudela. Eta guretzako kristoren ohorea da hori». Modu berezian dute gogoan denek Aramaio jaialdia egiten den egunetan.