NAIZ

Bilbao Basketek Europan lehiatzen jarraituko du: FIBA Europe Cup jokatuko du lehen aldiz

Aurreko bi urteetan Champions League jokatu ostean, FIBA erakundeak antolatzen duen Europako bigarren txapelketa jokatuko du Bilbao Basketek aurreneko aldiz. «Garrantzitsutzat» jo du txapelketa kontinentalean jarraitzea eta Miribillara doazen zaleen %92k ere berretsi du aukera hori.

Adam Smith, Darussafaka taldearen aurka, FIBA Champions League txapelketan.
Adam Smith, Darussafaka taldearen aurka, FIBA Champions League txapelketan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Surne Bilbao Basket taldeak Europan jokatzen jarraituko du, 2023-2024ko denboraldian FIBA Europe Cup txapelketan lehiatuko baitu, bere historian lehen aldiz. FIBAk antolatutako Europako lehiaketetako bigarrena da, 2015ean sortu zen, eta ASVEL, Brose Bamberg, Cibona, Pau Lacq Orthez, Telekom Baskets Bonn edo Pinar Karsiyaka moduko taldeek jokatu dute.

Bilboko taldeko iturriek jakinarazi dute klubak Europan lehiatzen jarraitu nahi duela txapelketa honetan parte hartuz, eta gogorarazi dute Miribillara doazen zaleen %92k ere berretsi zutela aukera hori. Aurreko bi urteetan FIBA Champions League txapelketa jokatu du, saskibaloiko nazioarteko erakundeak antolatzen duen Europako txapelketa gorena, baina honek bost taldetara murriztu du ACB ligako taldeen parte-hartzea eta beraz, aukerarik gabe geratu zen.

Hala, taldeak «garrantzitsutzat» jotzen zuen Europan jokatzen jarraitzea, ikusgarritasun aldetik erakusleiho aparta delako baina baita eskarmentua hartzeko ere baliagarri delako. Gainera, klubak nabarmendu du Melwin Pantzar (23 urte), Kristian Kullamae (24 urte), Thijs de Ridder (20 urte), Sacha Killeya-Jones (24 urte), Tryggvi Hlinason (25 urte), Tomeu Rigo (26 urte) edo Unai Barandalla (21 urte) jokalari gazteentzat aukera ederra dela.

Bilbotarrekin batera, oraingoz beste 12 taldek lortu dute beren ligetan txapelketako fase erregularrerako sailkapen zuzena: Bahcesehir (Turkia), ERA Basketball Nymburk (Txekiar Errepublika), BCM Gravelines Dunkerque (Estatu frantsesa), Hapoel Galil Elion (Israel), Anwil Wloclawek iazko txapelduna (Polonia), Niners Chemnitz (Alemania), PGE Spojnia Stargard (Polonia), BC Balkan (Bulgaria), Arconic-Alba Fehervar (Hungaria), ZZ Leiden (Herbehereak), Sporting CP (Portugal) eta ABC CSU Sibiu (Errumania).

Orotara 40 taldek jokatuko dute txapelketa, eta FIBA Champions League-ko aurretiko fasea gainditzen ez duten 20 taldeek eta urriaren 3tik 5era jokatuko diren aurretiko zazpi faseetako irabazleek osatuko dute parte hartzaileen zerrenda osoa.

2023-2024ko denboraldiko FIBA Europe Cup txapelketaren lehiaketa launa taldeko multzoen fasearekin hasiko da, eta oraingoz ez da zehaztu ondorengo faseen formatua zein izango den.