NAIZ

Alabaman luzamendua altxatu zenetik injekzio hilgarriaren bidezko lehenengo exekuzioa egin dute

James Barber izeneko presoa exekutatu dute ostiral honetan Alabaman. Injekzio hilgarriekin gertatutako arazo bat zela-eta ezarritako luzamendua altxatu zenetik mota honetako lehenengo exekuzioa izan da. Fiskal nagusiaren hitzetan, «justizia egin da».

Aurten 15 preso exekutatu dituzte Estatu Batuetan.
Aurten 15 preso exekutatu dituzte Estatu Batuetan. (Getty Images)

Hilketagatik kondenatutako gizon bat exekutatu dute ostiral honetan Alabaman (AEB) injekzio hilgarri batekin, iaz estatu honetan hainbat exekuziok huts egin ondoren.

James Barber hiltzat jo dute ostiraleko 01.56an (07.56 Euskal Herrian) Alabamako Atmore hiriko Holman zentro korrekzionalean, Steve Marshall Estatuko fiskal nagusiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Barber Alabaman kondenatu zuten 2003an bi urte lehenago gertatutako lapurreta batean 75 urteko Dorothy Epps mailu batekin hil arte jotzeagatik.

«Justizia egin da. Gaur goizean, James Barber duela bi hamarkada egin zuen krimen izugarriagatik, Dorothy Eppsen hilketa anker eta gorrotagarria, exekutatu dute», adierazi du Marshallek.

Alabamako gobernadoreak, Kay Iveyk, exekuzioei luzamendua ezarri zien iaz injekzio hilgarriekin sortutako arazoengatik.

Kasu batean, 2022ko uztailaren 28an, Joe James Jr.-en exekuzioan, hiru ordu behar izan ziren zain barneko bidea jartzeko. Arazo honengatik beste bi exekuzio eten egin ziren.

Luzamendua aurtengo otsailean altxatu zen eta Barber izan da estatu honetan exekutatutako lehenengo presoa. Oklahoma estatuan Jemaine Cannonena hil zuten ostegunean metodo bera erabilita, agintariek adierazi dutenez, eta 2023an 15 exekuzio egin dituzte Ameriketako Estatu Batuetan.