NAIZ

Bilaketa lana indartu dute Berlinen, aske dabilen «animalia basati handia» aurkitzeko

Aske dagoen animalia handiaren bilaketak indartu dituztela jakinarazi du Berlingo poliziak. Hedabide ugari lehoi bat dela jakinarazi arren, poliziak zehaztu du, momentuz duen informazioarekin, soilik «katuen familiako tamaina handiko animalia» dela jakin ahal izan duela.

Bilaketa lanak ondoko basoetan ari dira garatzen.
Bilaketa lanak ondoko basoetan ari dira garatzen. (Telebistatik hartutako irudia)

Berlingo Hegoaldean aske dabilen katuen-familiako animalia handia bilatzen jarraitzen du poliziak. Ostegunean lekuko batek sareetara igo zuen bideoa dela eta hasi ziren «tamaina handiko animalia» bilatzen. Momentuz ezin izan dute zehaztu zein animalia den, komunikabide ugarik lehoi bat dela jakinarazi arren.

«Ustezko lehoia» bilatzeko dronak eta helikopteroak erabili dituztela jakinarazi du Beate Ostertag poliziak. «Animalia aurkitu arte jarraituko dugu bilatzen», baieztatu du Ostertagek. Bilaketa Berlingo hego-mendebaldeko zonaldean martxan jarri dute, bertan dauden basoetan, alegia.

Lekukoak igo zuen bideoaz gain, zonaldetik zeuden bi poliziek eta inguruko zenabit bizilagunek ere animalia ikusi dutela adierazi dute.  Oraingoan, bilaketa martxan jartzean, animalia nondik ihes egin duen ere ikertzen dabil poliziak. Momentuz Ostertagek jakinarazi du ez dela falta animaliarik Berlineko eta inguruetako zoologikoetan edo mota horretako animaliak dauden guneetan.

«Honek ezin du gehiago iraun», adierazi du Kleinmachnow hiriko alkateak, bilaketa ardaztu den zonaldeko hiretako bat, alegia. Bertako eta inguruetako hirietan poliziak eta suhiltzaileek biztanleei etxetik ez ateratzeko aholkua eman diete.

Momentuz bilaketa Zehlendorf, Steglitz, Tempelhof, Kleinmachnow, Marienfelde, Buckow eta Rudow hirietan martxan dago, baina inguruko hirien biztanleei ere adi ibiltzeko eskatu die poliziak.