Jon Ormazabal
Entrevista
Oier Etxebarria
Aspeko pilotaria

«Orain dudan lana gustukoa da eta nik uste dut pilotak ez didala jaten emango»

25 urterekin, ostiral honetan lau urte eta erdiko pilotari profesional ibilbidea amaitutzat emango du atzelariak. Duela bi urtetik hona, Ormazabal enpresan dihardu ingeniari gisa eta, pilotan egin beharrekoak eginda eta bi lanak bateratzea oso zaila egiten zaiola ikusita, gerrikoa eskegiko du.

Oier Etxebarria.
Oier Etxebarria. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Azkeneko partida bertan da, nola zaude?

Oraingoz nahiko lasai nago, azken partida da baina erabakia nahiko barneratuta daukat eta gogoekin nago partida jokatzeko.

Pilota uztearen erabakia hartzea asko kosta zaizun erabaki bat izan da?

Nik ikusten nuena zen bi gauzetan ondo ibiltzea oso zaila dela. Azkenean kirol profesionalean dedikazioa ia esklusiboa izan behar da eta, horri laneko orduak gehituz gero, nahiko zaila da biak ondo bateratzea. Erabakia pentsatutakoa izan da. Orain dudan lana gustukoa dut. Nik uste dut pilotak ez didala jaten emango, eta hortik hartu dut erabakia.

Profesionaletara jauzia eman aurretik ere ikasketak lehenetsi zenituen.

Etxean beti argi izan dugu ikasketak lehenengoa zirela, hortik jango dudala eta, egia esan, oso gustura. Asperi eta izan dudan taldeari oso eskertua nago lau urte eta erdi polit hauengatik baina uste dut pilota munduan egin beharrekoa egin dudala.

Duela gutxi Uriondok utzi zuen antzeko arrazoiengatik. Ez dakit hauxe den pilotaren errealitate berria, punta puntakoa izan ezean, oso zaila dela ibilbide luze bat egitea.

Uriondoren kasua antzekoa izan zen. Azkenean, pilotarekin egunerokotasunerako ondo, baina aurrera begiratuz gero... Imajinatu esperientziarik ez duen 30 urteko gazte bat, enpresek esperientzia oso kontuan hartzen duten zerbait izanda, lan munduan sartzea ez da batere erraza izango. Pilotari ibilbidea gaur egun nahiko laburra da; uste dut Aspeko taldeko zaharrena Jose [Zabaleta] dela, 32 urterekin. Urte txar bat, eskuko arazo bat, eta beti zaude kolokan, ze kontratuak laburrak baitira.

Eta beterano guztiak izarrak edo izarrak izandakoak dira. Erdi mailako pilotarientzat oso zaila da jarraitzea.

Zuk esan moduan, erdi bidekook, promozio mailakoek, normalean kontratu laburrak izaten ditugu, eta urte txar bat, lesio bategatik ezin zurea eman eta azpitik norbait indartsu badator, ba, badakizu: sartzen direnak, irteten direnen ordez.

Azkenaldian hala izan da. Eta Garmendia, Martinez Ugalde... pilotari batzuk egon dira denbora gutxi egin zutenak profesionaletan, eta iruditzen zait enpresek ere denbora apur bat gehiago eman beharko luketela. Esan bezala, lehen mailara egokitzea batzuei gehiago kostatzen zaie, beste erritmo batera jokatzen da afizionatu mailarekin alderatuta. Eta gero, bada, eskuetako arazoekin zaudenean oso zaila da buelta ematea, berriz ere konfiantza hartzea eta zure mailara itzultzea.

Zure promozioko bi txapeletan lehena Aitor Elordirekin atera zenuen, bera ere kinka larrian izan zen eta begira orain non dagoen.

Pazientzia gehiago izan behar denaren adibide garbia da, hain justu, Aitor. Egia esan niretzat ezusteko handia izan da, baina asko merezitako txapelak lortu ditu. Langile ikaragarria da, teknikoki beti izan da oso ona, bolea eta gantxo oso onak izan ditu, tantoa amaitzeko berezko erraztasun hori izan du eta azken urteetan fisikoki asko gogortu da; defentsan ikaragarri ikasi du, eskutik fresko atera zaio beti pilota eta, egia esan, Aitor ezagutzen dugunok asko poztu gara beragatik.

«Nik uste azken urtean ez dudala aurrerantz egin; entrenamendu askotan nekatuta iritsi edo aste osoa lan egin ostean ostiralean jokatzea nahiko gogorra zen»

Eta zure kasuan, beste lan batean arituta, sentitzen duzu hobekuntza hori izatea are zailagoa dela? Pilotara bakarrik dabilen batek beste erraztasun batzuk izango ditu horretarako.

Nik uste azken urtean ez dudala aurrerantz egin. Entrenamendu askotan nekatuta iritsi edo aste osoa lan egin ostean ostiralean jokatzea nahiko gogorra zen, gainera 23.30etan hasten ginen jokatzen eta aste osoa goiz jaikita gogorra egiten zen nahiz eta siestatxoa bota. Bai da zailagoa, baina nik hartutako erabakia da.

Nolakoa izan da zure azkenaldiko egunerokoa?

Orain justu nahiko ondo, ekaineko bigarren astetik iraileko bigarren astera lanaldi trinkoa baitugu, eta goizeko zazpietatik ordu bietara lan egiten dugu, edo zortzietatik hiruretara. Gainerakoan, normalean zortziak inguruan sartzen nintzen lanera, eta 17.30ean irten; zerbait jan eta entrenatu, afaldu, telebista pixka bat ikusi, telesail bat ikusi eta ohera. Zortea izan dut, ze bai Aspek eta bai Ormazabalek, biek, bi lanak uztartzen utzi didate, eta astean behin goiz batean lanetik irteten nintzen Jokinekin [Etxaniz] entrenatzeko.

Pilotako lau urte eta erdi hauetatik zerekin geratzen zara?

Ezagututako jendearekin geratzen naiz, lagunen eta etxekoen babesarekin. Partida pila batera joan dira, egunerokotasunean ere sekulako babesa sentitu dut eta hori ere pozgarria da eta bete egiten nau. Batez ere ni horrekin geratuko nintzateke, bizitako momentuekin eta jendearen jarrerarekin.

«[Lehen mailan ez jokatzeagatik] Ez da frustraziorik izan, ze nik badakit zein den nire jokoa eta badakit, nire mailarekin, gorago aritzea oso zaila dela. Fresko egon naizenetan, abantaila pixka batekin, izarrekin partidaren bat jokatzea gustatuko zitzaidan»

Egiteko zerbait geratu zaizu? Arantzaxoren bat? Estelarren bat gehiago jokatzea, adibidez?

Pare bat arantzatxo baditut, esaterako, Iker Salaberriarekin bi txapelketa oso on egin genituela eta ez ginela finalera heldu nahiz eta ligaxkan oso emaitza onak lortu. Eta gero, ondo egon naizenean ikusten nuen beste partidutxoren bat edo izarrekin jokatzea ondo egongo zela. Ez naiz kolpedun pilotaria, baina Fresko egon naizenetan, abantaila pixka batekin, izarrekin partidaren bat jokatu izana gustatuko litzaidake.

Bi txapel irabazi promozio mailan eta gero pauso bat gora egitea falta, erdibide horretan geratzea ez da apur bat frustragarri?

Niretzat ez da frustraziorik izan, ze nik badakit zein den nire jokoa eta badakit, nire mailarekin, gorago aritzea oso zaila dela. Fresko egon naizenetan, abantaila pixka batekin, izarrekin partidaren bat jokatzea gustatuko zitzaidan eta ibilbide guztiarekin oso balorazio positiboa ateratzen dut.

Pilotan jarraitzeko asmorik bai edo nazkatu zara?

Ez dakit. Egia esan oraintxe lasai hartuko dut, ez daukat lehiatzeko beharrik. Egunen batean bai jarriko ditudala takoak eta Lemoako klubekoekin, lehengusuarekin edo anaiarekin, entrenatzen joango naiz, bigunarekin ere ziur jokatuko dudala, baina printzipioz ez dut horrela partidak jokatzeko edo lehiatzeko intentziorik.