NAIZ

Statkraft enpresak ingurumen azterketa saihestu nahi du, Sañu Bizirik plataformaren arabera

Sañu Bizirik plataforma herritarraren arabera, Azpeitia, Errezil eta Zestoako lurretan parke eolikoa eraiki asmo duen enpresa norvegiarrak ingurumen azterketa egin gabe aurrera egin nahi du bere proiektuaren tramitazioan.

Sañu Bizirik plataformaren agerraldia.
Sañu Bizirik plataformaren agerraldia. (SAÑU BIZIRIK)

Azpeitia, Errezil eta Zestoako lurretan parke eolikoa eraiki nahi duen Statkraft enpresak ingurumen azterketa saihestu nahi duela ohartarazi du Sañu Bizirik taldeak ostiral honetan eman duen prentsaurrekoan.

Plataforma herritarraren arabera, Ukrainako gerrak eragindako zailtasunak arintzeko onartu Madrilek onartu zuen 6/2022 Errege-Dekretuan hartuko du babes enpresa norvegiarrak ingurumen azterketa egin gabe proiektuaren tramitazioarekin aurrera egiteko. Dekretu horrek zenbait salbuespen jasotzen ditu; horietako bat da energia berriztagarrira bideratutako proiektuak ingurumen ebaluaziotik salbuestea.

Sañu Bizirik-ek segurtatu duenez, Stakraft-ek bere proiektuari dekretu hau aplikatzeko eskaera egin du. Horren ondorioz, plataforma honen esanetan, «ez da egongo informazio publikorako eta herritarren parte hartzerako espaziorik» eta administrazioek enpresak berak egindako ingurumen inpaktuari buruzko azterketa soilik izango lukete oinarri proiektuaren eraginak neurtzeko.

«Hau da, finean, Statkraft multinazionalak bilatzen duena dekretuaren aplikazioa eskatzerako orduan. Energiaren sozializazioa eta demokratizazioa ekartzera zetorkigun enpresak, baimenen tramitazioan bertan oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen dituen salbuespenezko legedia aplika dakiola eskatu du», ohartarazi du taldeak.