Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Bermeok asteburu borobila izan du eta Castron beste kolpe bat eman du laugarren bandera lortuta

'Bou Bizkaia' ontziak erakustaldia eman du estropada hasi eta buka. Lidertza sendotu du. Hondarribia izan da bigarren eta Zierbena hirugarren. Oriok estropada bikaina egin du bigarren txandatik, laugarren postua lortuta. Baita Kaikuk ere: lehen txandatik seigarren denborarik onena egin du.

Urdaibaiko trainerua atzoko Sesatoko estropadan.
Urdaibaiko trainerua atzoko Sesatoko estropadan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eusko Label Ligak urdin kolorea du. Urdaibaik laugarren bandera irabazi du, eta beste kolpe bat eman du sailkapenean, bakarka lider jarrita (76). Hondarribia du puntu batera eta Zierbena laura. Castroko itsasoan erakustaldia eman du Iker Zabalaren taldeak, eta atzoko garaipenarekin, asteburu borobila osatu dute bermeotarrek. Hasi eta buka azkarrenak izan dira.

Hondarribiak egin du bigarren. ‘Ama Guadalupeko’ ontziak gauza on bat du: bandera lehiatu ezin duenean, bigarren postuari eusten diola. Erregularrak direla, alegia. Atzo ihes egin zion bigarren postuak azken kolpean, Zierbenaren aurka. Gaur, ordea, ez du hutsik egin, eta Urdaibairen atzetik sartu dira. Bigarren dira sailkapen nagusian, puntu batera dutela lehena. Estropada eremu gogokoa zen Hondarribiko ontziarentzat, azken bi urteetan irabaztea lortu duelako. Gaur, Urdaibaik kendu dio garaipena.

Ohorezko txandatik kanpo, Oriok estropada bikaina egin du, eta azkenaldian izan ez duen konfiantza berreskuratzeko lehen pausoa eman du. Bigarren txandatik estropadako laugarren denborarik onena egin du, Donostiarrari aurrea hartuz. Ander Etxegoien Orioko traineruak hau adierazi du estropada bukatu berritan: «Gu garena erakutsi dugu, eta gure maila berreskuratu nahi dugu».

Kaikuk atzo etxean osatutako estropada ahaztu, eta gaur lehen txandako denborarik onena markatu du, eta estropadako seigarren ontzi onena izan da. Estropada txukuna egin du Jose Luis Kortaren eskifaiak, aldaketa asko eginda hamalau arraunlariren multzoan. Istribor aldeko ia denak aldatu ditu, hankakoa izan ezik. Iker Jimeno patroiak etxean egin du arraun, Castron.

Donostiarra atzean geratu da

Eusko Label Ligako 8. jardunaldia jokatu dute arraunlariek Kantabriako itsasoan. Ohorezko txandan, Urdaibaik erakustaldia eman du estropada hasi eta bukatu. Orain arte ez bezala, normalean azken luzean aldeak handitzen zituztela, Gorka Aranberri patroiak gidatutako ontzia gaur hasieratik jarri da aurretik. Hondarribia eta Zierbena zituen atzetik. Dani Perez ‘Galipo’-en entrenatzaileak aldaketak egin ditu eskifaian. Istriborreko tostan inork ez du errepikatu. Ababorrean, aldiz, bakarrik aldaketa bat egon da. Patroi lanetan gaur Aitor Lazkanoren aldeko apustua egin du prestatzaile galiziarrak.

Hasieratik atzean geratu dena Donostiarra izan da. Hiru oilarren aldetik urruti zegoen ‘Torrekua II’ ontzia, lehen ziabogan hamabi segundora, hain zuzen ere. Txandako beste hiru traineruen ubera jarraitu ezinik ibili dira, denbora ezin berreskuratu, eta aurrera begira baino atzera begira jarri dira, Oriok bigarren txandan egin duen denbora hobetu nahian. Azkenerako, 'mirotzek' aurrea hartu die, eta hurrengo asteburuan ohorezko txandan egingo dute arraun, denboraldi honetan bigarrenez.

Estropada aurrea zihoala, Urdaibaik aldeari eusten jarraitzen zion, ‘Ama Guadalupeko’ traineruak eta Zierbenakoak hozka egin ezinik egon dira. Tartea mantendu bai, baina murriztu ez. Iker Zabalaren taldeak azken luzean eman du kolperik handiena, eta lidergoa sendotu du.

Beste bi oilarrak, bigarren postuari begira jarri dira, eta bandera irabazi ezean, sailkapeneko bigarren koskari nola edo hala heltzeko borroka estua izan dute, atzo bezala. Gaurkoan, baina, Mikel Orbañanosen taldeak eraman du saria.

Orio, konfiantza berreskuratzen

Oriok eman du eguneko beste albiste pozgarria; ligan orain arte izan ez dituen sentsazio gozoak berreskuratuta, eta laugarren postua eskuratuta. Poparean izan dituzte arazorik handienak 'mirotzek', baina agur mamu txarrak uxatu, eta, brankaz ez ezik, poparean ere bikain aritu dira. Erreferentziak ere onak zituzten, poparean Getariari lau segundo atera dizkiote.

Hirugarren luzean Jon Salsamendiren taldeak beste sei segundo atera dizkio ‘Esperantza’-ri, eta azken luzean gozatu ederra hartu dute arraunlariek. Azkenaldian konfiantza galduta zuten oriotarrek, eta gaur pauso bat eman dute hori berreskuratze aldera. Hurrengo estropadan, Getxon, ohorezko txandako ontziekin egingo dute arraun mirotzek.

Bigarren txandan lehia estua izan dute Getariak eta Cabok: batek jo besteak eutsi. Ematen zuen Cabo iritsiko zela lehena, baina azken paladetan Unax Eizagirre patroiak gidatutako taldeak estutu egin du. Helmugarako argazkian, baliza parean, 10 ehunen Caboren alde. Beraz, ‘Esperantza’ atzetik ailegatu da. Ondarroa iritsi da atzetik, 23 segundora. Atzo estropada ona egon egin zuten ondarrutarrek bigarren xtandarako sailkatuta, baina gaur atzera egin dute, estropadako azken-aurreko denborarik txarrena eginda.

Kaikuk eta Lekittarrak puntuen arrantza

Kaikuk ez ezik, Lekittarrak ere puntu arrantza ona egin du gaur. Kaikuren atzetik iritsi da, eta estropadako zazpigarren denborarik onena egin dute. Lehia estua izan du Santurtzirekin. Brankaz ‘Sotera’-ko trainerua hobeto hasi da, baina bigarren luzetik aurrera, Isuntza haien pare jarri da. Azkeneko luzean Santurtzi Kaikuren ubera aprobetxatu nahian, Lekittarraren parean jartzea lortu du, baina gero, atera egin da bizkaitarren uberatik, eta ez du lortu Isuntzako ontziari gailentzea. Estropada bukaeran irudi tamalgarria ikusi da ‘Sotera’-ko ontzian; arraunlari bat eta patroia mutur-joka hasi baitira.

Samertolameu izan da txandako ontzirik motelena, alde handiz, gainera. Lan erditan jada 22 segundoko galera zuen, eta amaitzean 45 segundo atzetik iritsi da. Atzo ere azkenak izan ziren, eta azken postuan hondoratzen ari dira.

 

XI. Bandera CaixaBank

1. Urdaibai 19:46.02

2. Hondarribia 19:54.90

3. Zierbena 20:00.02

4. Orio 20:03.76

5. Donostiarra 20:10.80

6. Kaiku 20:14.30

7. Lekittarra 20:20.28

8. Cabo 20:20.50

9. Getaria 20:20.60

10. Santurtzi 20:21.66

11. Ondarroa 20:33.84

12. Samertolameu 20:59.86

 

Sailkapen nagusia:

1. Urdaibai 76 puntu

2. Hondarribia 75

3. Zierbena 72

4. Donostiarra 56

5. Orio 47

6. Getaria 44

7. Cabo 42

8. Lekittarra 39

9. Kaiku 34

10. Ondarroa 26

11. Santurtzi 22

12. Samertolameu 13