Marta Vieira Brasilgo izarraren azken dantza, Munduko Kopan

Marta Vieira da Silvak (Dois Riachos, Brasil, 1986) bere azken eta seigarren Munduko Kopa jokatuko du 37 urterekin. Duela hogei urte jokatu zuen lehena AEBetan, 2003an. Askorentzat historiako futbolari onena izan da, eta ezin hobeto islatzen du Brasilen ‘Jogo bonito’ jokatzeko modua.

Marta 2019ko Frantziako Munduko Kopan multzoen fasean Italiaren aurka sartu zuen gola ospatzen.
Marta 2019ko Frantziako Munduko Kopan multzoen fasean Italiaren aurka sartu zuen gola ospatzen. (Melanie LAURENT | EUROPA PRESS)

Marta Vieira da Silva Brasilgo jokalariak bere azken Munduko Kopa jokatuko du. Brasildarra Munduko Kopa gehien jokatu dituen jokalaria da, eta Australian eta Zeelanda Berrian jokatzen ari den txapelketan azken aldiz dantzatuko du baloiarekin. Askorentzat historiako futbolari onena izan denak ezin hobeto islatzen du Brasilen ‘Jogo bonito’ deitzen dioten jokatzeko modu alaia. Eta, nola ez, izar handien antzera, hamar zenbakia du bizkarrean.

Martak baloiarekin jolas egiten du, eta izkin egiten trebea da. Baloia hanketan duenean, izan ezkerretik izan eskuinetik, aurkariak atzean uzten ditu maisuki. Berezkoa du baloia abiaduran lokartzeko abilezia, eta horrek gauzak asko errazten dizkio arerioen atea zulatzerako garaian. FIFAk sei aldiz eman dio munduko jokalari onenaren saria (2006,2007,2008, 2009, 2010, 2018).

Brasilgo aurrelaria driblatzaile trebea izateaz gain, gola ere bere zainetan darama, eta ezkerreko oina urrezkoa du. Munduko Kopetan gol gehien eskuratu dituen zerrendan lehena da, hamazazpirekin. Martak jokatuko duen seigarren eta azken Munduko Txapelketa honetan, kopuru hori handitzen ahaleginduko da bere arrastoak luzaroan iraun dezan.

Oraingoz, tronua berea izango da denbora luzez: atzetik dituen jokalari gehienak erretiroa hartu dutelako –Birgit Prinz alemaniarrak eta Abby Wambach estatubatuarrak hamalau dituzte–, eta oraindik jokatzen jarraitzen dutenek, baina erretiroa hartzeko ordua gertu dutenek, bereak eta bi egin beharko lituzketeelako Marta tronutik kentzeko. Horiek dira Alex Morgan eta Megan Rapinoe estatubatuarrak. Lehenak, bederatzi gol sartu ditu, eta, bigarrenak, zortzi.

Australian eta Zeelanda Berrian jokatzen ari den Munduko Kopan ikusi beharko da Marta zer aldartetan dagoen. Izan ere, iaz, maiatzean, ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen, eta, orain, guztiz osatuta badago ere, zalantzak ez dira falta ikusteko zer sasoi duen.

‘Canarinhak’ 2007an lortu zuen emaitzarik onena Munduko Kopa batean. Loria esku-eskura izan zuen Martak, baina atzamarretatik ihes egin zion. Finalean Alemaniaren aurka 2-0 galdu ostean. Txapelketa ezin hobea egin zuen aurrelariak zazpi gol eskuratuta –Munduko Kopa batean lortu duen gol kopururik handiena–, eta Urrezko Baloia eta Urrezko Bota sariak eraman zituen.

Bertan, Marta, Cristiane Rozeira eta Formiga hirukoteak osatzen zuen Brasilgo aurreko lerroa, eta 2007az geroztik, Hego Amerikako selekzioak ez du multzoen fasetik haragoko kanporaketarik irabazi Munduko Kopa batean. 2011n final-laurdenetan AEBetako selekzioak kaleratu zuen penaltietan, eta azken bietan, 2015ean, eta 2019an, final-hamaseirenetan galdu egin du Australiaren (0-1) eta Frantziaren (2-1) kontra, hurrenez hurren.

Noraino irits daiteke?

A priori, Brasilek ez luke arazorik izan behar multzoen fasea gainditzeko. Frantzia, Jamaica eta Panama taldeen aurka jokatuko du. Faborito nagusia Herve Renarden taldea da, eta hurrenak Brasildarrak lirateke. Hortik aurrera, ez du lantegi erraza izango Pia Sundhage hautagaiak zuzendutako taldeak. 2007tik ez dutela lortzen kanporaketak pasatzea, eta hor dute oraindik iltzatuta bolada txar hori. Gai izango al dira hausteko? Astelehen honetan, 13.00etan, Panamaren aurka hasiko dute bidea.

Julia Belas ‘The Guardian’ egunkariko kazetariak Brasilgo emakumezkoen futbolaren berri eman du luzaroan, eta adierazi du Brasilgo entrenatzaileak behin baino gehiagotan esan duela selekzioak kontraerasora jotzen ikasi behar duela: «Agian ez dira faboritoak, baina dakitena egin dezakete eta aurkaria ustekabean harrapatu».

Marta Munduko Kopako prestaketako entrenamendu saio batean. (Thais MAGALHAES | @SelecaoFeminina)

Brasildarrek motibazio berezia dute aurten Munduko Kopa irabazteko. Izan ere, selekzioa berritze prozesu luze batean murgilduta dago, eta Martaren azken aukera izango da munduko garaikur loriatsuena altxatzeko. Horrek hauspoa emango dio ‘Canarinhari’, baita ere aurten lortu dituzten emaitzek.

Hamar partida jarraian galdu gabe egon dira, eta bereziki oso ondo aritu ziren Ingalaterra eta Alemania bezalako selekzio handien aurka. Sarina Wiegman taldearen kontra penaltietan galdu zuten partida serio bat jokatuta Wembleyn, ‘Finalissima’ txapelketan –Ingalaterra iazko Eurokopako txapelduna izanagatik, eta Brasil Amerikako Kopakoa–. Alemaniaren kontra, aldiz, irabazi egin zuten 2-1 Nurembergen.

Munduko Kopaz aparte, Brasilgo selekzioak bi aldiz lortu du zilarrezko domina Olinpiar Jokoetan. 2004ean eta 2008an, bietan, AEBetako selekzioak azpiratuta. Eta zortzi aldiz irabazi du Amerikako Kopa, azkena iaz.

Zelaian lortutakoa, bulegoetara

Selekzioko taldeko jokalari gazteak desiratzen daude Munduko Kopa irabazteko, Martarengatik bereziki, baina baita Brasilgo emakumezkoen futbolean hobekuntzak eskatzeko ere. Izan ere, badakite zelaian lortutakoak eragina izango duela mundu osoko ikusleek, federazioek eta gazteek futbolaz duten irudian. Haien itxaropena da emakumezkoen futbolak inbertsio gehiago jasotzea eta inoiz baino ikusgarritasun handiagoa lortzea. Brasil Europako ligen eta AEBkoaren mailan jar dadin.

Martak ez zuen aukera handirik izan Brasilen futbolean jokatzeko. Historikoki herrialdean emakumezkoen futbolak ez du babes handirik jaso. Martak bakarrik eskukada bat partida jokatu ditu Brasilen, emakumezkoen futbol profesionalaren egiturarik ez baitago. Babesik gabe, herrialdetik kanpo jokatu du futbolean: AEBetan eta Suedian. Orain AEBetako Emakumeen Liga Nazionalean (NWSL) jokatzen du Orlando Pride taldean.