Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Josu Martinez
EHUko NOR ikerketa taldeko kidea

«70eko hamarkadan Hegoaldeak zuen antzeko egoeran dago Iparraldea zinemagintza alorrean»

Ipar Euskal Herriko sei erakundek hala eskatuta zinemagintzak egun bizi duen egoerari argazkia egin dio EHUko NOR taldeak. Lan mardula da Baionan aurkeztu berri dena. Dena dago egiteko. Josu Martinezen hitzetan pilota erakundeen teilatuan dago orain.

Josu Martinez, zinema ikerlaria eta zinemagilea.
Josu Martinez, zinema ikerlaria eta zinemagilea. (Guillaume Fauveau)

Azken urteotan aurrerapen nabarmenak egin dira Ipar Euskal Herrian zinemagintzaren eremuan. Batetik, lehen aldiz, lurraldea kokaleku duten ekoiztetxeak sortu dira. Bestetik, zinemagile gazte belaunaldi batek Parisera joan ordez etxean bertan lan egiteko hautua egin du eta sektorea egituratzeko bidean jarri da.

Galdera honekin abiatu zen joan den ostiralean Baionan zinemagileak, ekoiztetxeak, erakundeak eta unibertsitateko ordezkariak mahaiaren inguruan bildu zituen jardunaldia: ‘Zinema Ipar Euskal Herrian. Urrats bat aurrera?’. Hiru faktoreok baikor izatera gonbidatzen dute Josu Martinez (Bilbo, 1986).

Eñaut Castagnetek, Maia Iribarne-Oihagaraik, Itziar Leemansek eta Elsa Oliarj-Inesek –laurak belaunaldi berri horretakoak– zinemagintzan bizi duten egunerokotasuna kontatu zuten. «Lehen aldiz Leemansen film laburra Kimuak katalogoan sartu dute, Castagneten eta Fuchsen ‘Non’ filma Zinemandian izan zen... horrek erakusten du ari direla gauzak sortzen», esan du.

Ondoren izen kontsakratuen txanda izan zen. Safy Nebbouk, frantziar Estatuan punta-puntan dabilen egileak, euskararen alde hitz egin zuen bere esperientziatik abiatuta. «Kontatu zuen euskaraz filmak egitea izan zela nazioarteko jaialdietan atea ireki ziona, ikuspegi unibertsala eman ziona. Eugene Greenek –amerikarra, Parisen bizi da eta hirugarren filma bat euskaraz egiteko proiektua dauka– hizkuntza txikien balioa nabarmendu zuen. Eta Bretainian bizi duten egoeraz aritu zen Fred Premel ekoizlea», gogoratu du. Josu Martinezek eta Graxi Irigaraik zuzendu zuten jardunaldia. Patxi Azpillaga eta Ramon Zallo ere –EHUko NOR taldeko kideak– izan ziren sei erakunderen enkarguz egindako ikerketaren aurkezpen publikoan. Duela urte eta erdi jaso zuten eskaera eta joan den abenduan amaitu.

«Urte askoan ez da posible izan euskal zinema egitea Ipar Euskal Herrian, lekuko jendeak zinema egitea. Agian bere industria izaeragatik. Baina, era berean, zinemaren hastapenetik Iparraldea zinemari oso lotuta egon da. Leku gutxi egongo dira munduan hain txikia izanik hainbesteko harremana izan dutenak zinemarekin. Eta orain gauzak mugitzen hasi dira», adierazi dio GARAri Martinezek.

Hala nabarmendu zuen Patxi Azpillagak saioan: ez da aukera bat, leku guztiak ari dira zineman eta ikus-entzunezkoan inbertitzen eta euskararentzat eta lurraldearentzat inportantea da. «Iraultzarik handiena ikus-entzunezkoena izango da. Euskarak eta Euskal Herriak, ez Iparraldeak bakarrik, hartu behar dute tren hori, bestela gureak egin du», Martinezen hitzetan.

Ikerlariak aurretik esana da arazoa dela kultura ornogabea dela gurea, egituratu gabea. Dena dago egiteko. Erakundeei dagokienez, atomizazioa eta elkarren arteko saretze gabezia dira gainditu beharrekoak. Harkor daudelakoan da Martinez. «Ikusten dut gogoa eta kontzientzia egin beharrekoa denaren kontzientzia. Iparraldeko instituzioen egoera politikoa ez da konparatzen ahal Euskal Autonomia Erkidegoko boterearekin eta horrek zer ekarriko duen ez dakit, denborak esango du», esan du.

Orain arteko bidea norbere borondateari eta kemenari lotua izan da, diseinatutako estrategia bati baino. Erakundeei iritsi zaie elkarrekin bidaia-orria zehazteko unea. «Badute seiren elkargunea den mahaia, eseri eta ados jartzetik hasi beharko lukete. Guk uste dugu instituzioetako batek hartu beharko lukeela lidergoa».

Lehenengo pausoa, norabidea zehaztea. «Euskarak ardatza izan behar du. Hasteko, hizkuntzagatik beragatik –defendatu egin behar da– baina ez da kontu ideologikoa bakarrik; horrez gain euskarak ekonomikoki aukera gehiago ematen du. Euskara da Hegoaldearekin Iparraldeak daukan lotura. Eta ekonomikoki euskarazko produktuak egitea aukera da Iparraldeko produktuak ETBri aurkezteko».

Oreka

«Kanpoko enpresa gero eta gehiago etortzen dira filmatzera, baina oreka bilatu behar da lekuko zinema sektorea sortzearekin. Ez dadila gerta kanpoko enpresak etorri, filma egin eta alde egitea berriro. Horrek ez baitu ekonomia sortzen. Fred Premelek jardunaldian zera esan zuen: ‘Guk badugu ezagutza eta zuek ez, baina zuek daukazue beste inork ez daukana, bestaldean koprodukzioan egiteko kristoren aukera’. Nik beti diot espainolak izatearen alde txar guztiak ditugula, baina frantziarrak izatearen alde onak ere eduki genitzake, ezta? Espainolak izatekotan izan gaitezen frantziarrak ere; muga izatearen alde onen bat ere balia genezake», bota du.

Egoeraren diagnosia osatzearekin batera politika publikoak ezartzeko gomendioak eman dituzte egileek lanean. «Politikak aurrera eramateko, kultur eta ekonomia politiketan esku hartzea izango lukeen erakundeen arteko bulegoa sortzea. Kultura eta ekonomia eskutik ulertu behar dira zineman. Osaketa mistoa izango du gizarte zibilaren parte hartzearekin, eta horrekin batera dirulaguntza funtsa sortzea. Banaketari ere erreparatu behar zaio, askotan Hegoaldeko filmak Iparraldera heltzeko zailtasunak daude... Ongi legoke behatokia ere sortzea politika horien guztien ebaluazioa egiteko», laburbildu du.

«Orain arte bakoitza bere aldetik ibili denez eta euskarari inolako kasurik egin ez zaionez, oso zaila izan da jakitea azken hamar urteotan zenbat euskarazko film aurkeztu diren laguntzetara Akitanian, esaterako. Horregatik da inportantea datuak eguneratuak izango dituen behatokia sortzea, eta politiken ebaluazio jarraia egingo duena urtez urte txostena eginez gardentasuna eta praktika onak bermatzeko. Ez hori bakarrik, euskarazko filmak gordeko dituena ere bai. Behar bada, Euskadiko Filmategiarekin pentsa daiteke akordioa», esan du.

Baionako jardunaldian parte hartutako zinema sektoreko kideetako batzuk. (Guillaume Fauveau)

Martinezek garbi du. «Distantziak distantzia, 70. hamarkadan Hegoaldeak bizi zuen antzeko egoeran dago Iparraldea orain. Momentu hartan kristoren eztanda egon zen zinemaren inguruan, Ikusken garaia zen... Jaurlaritza sortu eta haren eskutik politikak garatu zirenean bideratu zen hori guztia. Bide bat hartu zuen euskal zinemak edo Antxon Eceizak zioen bezala ‘cine vasco’-ak. Dena zen posible. Baita euskal zinemarekin amestea ere, euskal zinema euskarazko zinema izango zela. Eta Iparraldean momentu horretan gaude. Asmatu behar da ondo zein politika publiko jarriko diren martxan ez dadin gertatu Hegoaldean gertatu zena, gauza batzuk bidean geratzea, adibidez, euskara».

Esperientzia

Hego Euskal Herriko esperientziak, jorratutako bideak, erakutsi behar du nondik jo eta nondik ez jo. «Oso inportantea da gure ikerketa taldean Patxi Azpillagaren eta bereziki Ramon Zalloren parte-hartzea. Azken hau Ibarretxeren gobernuan kultura aholkulari izan zen eta asko esatea izango da gaur egungo euskal zinema bere politiketatik atera zela, baina hala da pixka bat. 2005ean hasi zen hauspoa hartzen euskal zinema, aldatzen delarik dirulaguntza sistema, ETB behartzen delarik bere betebehar finantzarioak betetzera... eta momentu hartan erredaktatu zuen Zallok ‘El libro blanco del audiovisual’. Instituzioek badakite ez garela gazteluak zeruan eraikitzen ari, ondo egin diren gauzen esperientziatik hitz egiten dugula».

90eko hamarkadan dirulaguntzak ematen hasi zen Jaurlaritza, baina baldintzak produkzioari oso lotuak ziren: lantaldearen zatia Euskal Herrikoa izatea eta halako kontuak. Egin ziren 35 filmetatik 34 espainolak ziren eta horri erreparatu egin behar zaio. Garai hartan Jaurlaritzaren lehen dirulaguntzak oso baldintza onean ziren eta jende asko etorri zen. Egile haiek, dirua bukatu zenean, Madrilera itzuli ziren: Imanol Uribe, Montxo Armendariz... jendea lurraldeari lotzeko estrategia bat pentsatu behar da eta lurraldeari eta bere berezitasunari balioa eman. Dirua behar da, noski, baina ez du dena konpontzen», amaitu du Martinezek.