Unai Urruzuno EH Bilduko Mahai Politikoko bozeramaileak gogor kritikatu du Lakuako Gobernuak Etxebizitza Legearen aurka iragarri duen helegitea. «Oso kezkagarria iruditzen zaigu atzoko iragarpena», adierazi du, bereiziki EAJren jarrera salatuz. Izan ere, PSE helegite horren kontra agertu da.
«Ez dadila inor engainatu. Ez gaude eztabaida juridiko baten aurrean, erabat ideologikoa den eztabaida batean aurrean gaude, eta gainera burujabetzaz eta subiranotasunaz gutxi duena. Hemen interesak dira lehenesten direnak. EAJk eta Urkulluren Gobernuak enpresa eraikitzaile handien eta jabe handien interesak defendatzen dituzte. Horien interesak lehenesten dituzte», esan du Donostian egindako agerraldi batean.
Bertan azaldu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan «milaka eta milaka» herritarrek «izugarrizko zailtasunak» dituzte etxebizitza bat eskuratzeko, eta Estatuko lege honek «tresnak eskaintzen ditu etxebizitza eskuratzea errazagoa izan dadin».
Horretarako, Etxebizitza Legeak «bertako udal eta gainerako erakundeei» alokairuen prezioak arautzeko aukera ematen die. «Lege honek jasotzen dituen neurriek lagundu egingo dute jendea etxebizitza duin bat, baldintza duinetan, eskuratu ahal izateko», nabarmendu du Urruzunok.
Tamalez, bere esanetan, «badirudi Urkulluren Gobernuak horri bizkarra emango diola eta lege honen abantailak eta onurak bertan behera uztea bilatzen duela».
Zentzu honetan, gogoratu du 2015ean Gasteizko Legebiltzarrak EAEko Etxebizitza Legea onartu zuela «eta bertatik hona, zortzi urte igaro direnean eta Urkulluren bi legealdi pasatu direnean, esan dezakegu Urkulluren Gobernuak lege honen garapenean ez duela inolako urratsik eman».
«Eta ez emateko arrazoietako bat edo aitzakietako bat izan da espresuki falta izan dela Estatu eremuko arau bat hemengo legea garatu ahal izateko. Eta orain, lege hori dugunean, Urkulluren Gobernuak arau horren aurka jotzea erabaki du», azpimarratu du, ustezko «eskuduntzen inbasioa» aitzakia besterik ez zela ohartaraziz.
Galdera zuzena
Urruzunoren ustez, EAJk eta Lakuako Gobernuak galdera honi erantzun behar diote: «Ados al daude alokairuaren prezioari muga bat jartzearekin? Ados al daude alokairuak erregulatu beharrarekin? Bai ala ez? Eta horri erantzun ezean beste guztia lege hauek ez aplikatzeko aitzakiak baino ez dira».
Egoera honen aurrean, EH Bilduk exijitu dio Urkulluri «behingoz has dadila EAEko Etxebizitza Legeak eta Estatuko Etxebizitza Legeak ematen dizkiguten tresnak herritarron zerbitzura jartzen. Has dadila behingoz Etxebizitza Legea garatzen eta eman diezaiegun milaka eta milaka gazteri, milaka eta milaka herritarri, behar dituzten tresnak etxebizitza eskuratu ahal izateko».
Amaitzeko, EAJ eta PSEren arteko desadostasuna baloratu du. «Horrek erakusten du nolako Jaurlaritza dugun eta nolako aliantzak egiten diren», esan du, maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren halako aliantzak errepikatu direla gogoratuz; «ez zuten programarik lehenetsi».
Kaleratzeak Stop
Kaleratzeak Stop eta EAEko Etxebizitza koordinakundeak ere Lakuak iragarritako helegitea salatu dute. Iragarri dutenez, luzatu egingo dute udaletan mozioak aurkezteko kanpaina, tenkatutako eremuak deklaratu ahal izateko.
«Tenkatutako eremuak jada deklaratzen ez badira, milaka kaleratze izango dira kontratuak amaitzerakoan», azpimarratu dute. «Eta EAJri leporatuko diogu kaleratze isil edo judizial hauen ardura.
EAJren erantzuna
Alderdi eta eragileen erantzuna ikusita, Iñigo Urkullu lehendakariak denbora eskatu du «hausnarketa pausatuagoa» egin ahal izateko.
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, berriz, adierazi du Lakuaren eta Espainiako Gobernuaren artean «ulertzeko eta desadostasunak murrizteko tartea» badagoela.
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Erkorekak errepikatu egin du «eskumen inbasioaren» teoria. Horri aurre egiteko, Etxebizitza Legea Aldebiko Lankidetza Batzordean aztertuko dutela iragarri du, «dauden desadostasunak aztertzeko eta, hala badagokio, xedapen horiek nola interpretatu behar diren erabakitzeko».
«Sei hilabeteko tartea dago elkar ulertzeko, hurbiltzeko, desadostasunak murrizteko, bi aldeak elkar ulertzeko eta Konstituzio Auzitegira jotzea saihesteko ahalegin horri heltzeko», gaineratu du, eta lege honetan EAJ eta PSEren arteko desadostasuna «ezaguna» dela adierazi du.
Hala ere, PSEko idazkari nagusia den Eneko Anduezak EAJren aurka jo du berriro ostegun honetan. «Merkatu librearen aldekoak dira, baina gu tresnak jartzen ari gara merkatua arautu dadin etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzeko», azaldu du, eta «batzuen» nahia «banku eta jabe handiak defendatzea» dela ohartarazi zuen, «espekulazioari bide emateko».