NAIZ
Baiona

Bortizkeria sexistaren aurkako prebentzioak ezin du jairik hartu

Indarkeria sexistak ekiditeko, prebentzioa ezinbesteko tresna izaten da urte osoan zehar, baita Baionako Bestei begira ere. PAF alternatiba feminista baten aldeko kolektiboak formakuntza saioak proposatu ditu, bestetako eragileak sentsibilizatzeko.

Erakunde zein elkarte feministetako ordezkariek kudeatzen dute Maina zerbitzua.
Erakunde zein elkarte feministetako ordezkariek kudeatzen dute Maina zerbitzua. (Guillaume FAUVEAU)

«Sorospen lehen laguntzak bezalakoak dira, ez aplikatzea espero da eta ez dakigu nola erreakzionatuko dugun, baina ezagutza batzuk izateak lasaitasuna ematen du», azaldu du Claire Latailladek, PAF kolektibo feministako kideak. Bortizkeria sexisten prebentzioaz aritu da, Baionako Besteei begira “Mediabask”-ekin.

2009az geroztik Ipar Euskal Herrian aplikatzen den prebentzio eredu horren eragile nagusia da PAF. Roland Barthes zabalgunean arratsaldeko 16.00etik eta 21.00etara «emazteak entzutea» proposatzen duen Maina gunearen animatzaileetariko bat da.

«Protokolo bat ezarri genuen 2017an, gauza handirik ez zen une batean. Bagenekien beste leku batzuetan protokoloak bazirela eta Baionako Bestetarako bat egin behar zela pentsatu genuen. Beraz, beste leku batzuetan egiten zena hartu eta egokitu dugu», gehitu du.

Formakuntza

Baionako Bestetan hainbat neurri plantan eman dituzte azkeneko urteotan, erasoa pairatzen duten emazteek norengana jo izan dezaten. Pundu morea duen afixa gero eta toki gehiagotan ikusten da, eta peña askok beraien egoitzak «safe toki» (toki seguru) gisara identifikatzen dituzte. Dena da beharrezkoa, formaziotik hasita.

Aurten, hiru formazio saio egin dira uztail hastapenetik. Hamar bat egiturak eta hogei bat pertsonak esku hartu dute.

Helburua da pertsona horiek gero erreferente gisa balio izatea beren tabernan edo peñan. Zizpa Gaztetxean, adibidez, indarkeria sexisten prebentzioa urtean zehar jorratua da, beste bortizkeria edo diskriminazio moduen pare.

Latailladek zehaztu duenez, «lehenik eta behin, eraso sexista bat zer den definitzen da, jendeak jadanik horri aurre egin dion ikusiz. Legezko definizioa ematen da, baina ohartzen gara horren atzean dena biziki subjektiboa dela. Esku bat sorbaldan jartzea batentzat ez da ezer, eta beste batentzat jasanezina da. Gorputzarekin harreman estua du. Txiste sexisten bilduma osoa ere bada, erasoek molde ezberdinak har baititzakete».

Zer nolako erreakzioa ukan horrelako jokamoldeen aitzinean? «Esplikatzen dugu entzun behar dela, pertsonari sinetsi behar zaiola, eta, batez ere, ez epaitu. Ez dago irtenbide perfekturik, baina tresnak ematen ditugu, horrelako erasoetan dagoen indar korrelazioa hausten saiatzeko. Ez gara psikologoak edo suhiltzaileak, laguntzaile bat besterik ez. Eta formazio hauetara etortzen diren pertsonak lasaitu nahi ditugu, erranez ez direla superheroiak, nahiz eta ahal duten guztia egin behar duten».