NAIZ
Baiona

Emazte batek bortxatua izan dela salatu du Baionako komisaldegian

Emazte batek bortxaketagatik salaketa ezarri zuen ostiralean. Euskaldunen Plazan azaldu zen, goizean, aurreko orduetan gertatu zitzaionari buruz oroimen argirik gabe. Poliziaren ikerketa abian da. Bart, bestalde, Baionako bestetan zerbitzuan zen CRS polizia batek bere buruaz beste egin zuen Angelun.

Bortizkeria sexistaren aurkako lelo hau ezarri dute Baionako besta eremuan.
Bortizkeria sexistaren aurkako lelo hau ezarri dute Baionako besta eremuan. (Guillaume FAUVEAU)

Emazte batek bortxaketagatik salaketa ezarri zuen ostiralean, goiz erdialdean.

Baionako Euskaldunen Plazan azaldu zen, goizean, emaztea, aurreko orduetan gertatu zitzaionari oroimen zehatzik gabe, ‘Sud Ouest’ kazetak larunbat honetan plazaratu duen informazioaren arabera.

Poliziak ikerketa ireki du, nahiz eta «erasoa ez duen guztiz frogatutzat jo».

Oroitzearren, Pirinio Atlantikoen Prefekturak ostegun goizean plazaratu zuen bestetako lehen gaualdiari buruzko bilanean emazte bat artatu zutela Samu zerbitzuek jaso zuen. Orduan ere erasoa «guztiz frogatu gabe» zela adierazi zuen Estatuaren delegazioak.

Horren harira, ostegunean emazte batek plenta ezarri zuela azaldu du aipaturiko egunkariak, baina Baionako Fiskaltzak ez diola jarraipenenik eman eta salaketa artxibatu duela gaineratu du.

Tirabirak autobus eta tren geltokian

Ostiral gaualdiari dagokionez, gaur goizean Prefekturak igorritako oharrean ez da sexu erasorik jasotzen.

Alta, ondoren atzeman zuten herritar batek, spray bat baliatuta, CRS konpainiako bi poliziari gaza jaurti ziela jakinarazi du Prefekturak.

Estatu delegazioak aitortu duenez, berdin autobus zein ren zerbitzuetan ilara luzeak izan dira eta horrek tentsio uneak sortu zituela bart azaldu du.

Egoera ikusita, Baiona eta Donibane Lohizune lotzen dituen gaueko azken zerbitzua eman behar zuen gidari batek ibilgailutik ateratzea deliberatu zuela dozena bat bestazale kalean utzita zehaztu du Prefekturak. Gogoratu behar da Txik txak sareko autobus gidariek grebari ekin ziotela asteazkenean, soldata emendaketa eta segurtasun baldintzak eskatzeko.

Sorospen zerbitzuek, bestalde, ziztadak pairatu zituztelakoan larrialdi zerbtzuetara bertaratu zen dozena bat herritar artatu zituzten.

Orotara 280 lagun artatu zituzten, gehienetan zauriak edo kolpeak zituztela, sorospen zerbitzuetan.

CRS batek bete buruaz beste egin du

Prefekturak igorritako bilanaren gehigarriz, bart bere buruaz beste egin zuen poliziaren familia eta lagunei zuzenduriko dolu mezua idatzi du Estatuaren delegazioak.

Baionako bestetako segurtasun planaren baitan egunero egunero 900 bat agente –poliziak, suhiltzaileak, osasun langileak– karrikaratzen dira.

Bart, Cantau lizeoaren inguruan, Angelun, CRS 13. konpainiako agente batek zerbitzuan sartu baino lehen bere buruaz beste egin zuen.

55 urte zituen polizia Saint-Brieucen bere egoitza duen CRS konpainiako kide zen. Baionako besten karietara Hexagonoko bazter ezberdinetatik heldutako poliziek jarduten dute.

Heriotza gertatu ondoren konpainia osoa zerbitzutik kanpo utzi eta psikologoek haien kargu zituzten hildako poliziaren kideak artatzea.