Baionaren eta Iruñearen arteko senidetzea ospatu du Lapurdiko hiriburuak bestetako azken egunean. Hala, ohiturari zor, Iruñeko Udaleko ordezkaritza Aturriko ibaiaren hirira arribatu da uztailaren 30 honetan.
Aurten, Iruñeko alkate berri Cristina Ibarrolari egokitu zaio ordezkaritza horren buru gisa Jean-Rene Etchegaray auzapez baionarrarekin batera senidetze ekitaldian parte hartzea.
Baiona beste hiri batekin senidetuta dago: Daytona Beach. Aurten senidetze horren 25 urte bete direnez, ordezkaritza bat etorri da Floridako hiritik, Baionako bestak ospatzeko.
Harrera egin dio delegazio estatubatuarrari Baionako Herriko Etxean kultura, animazio eta senidetzeen aferetako auzapez-ordea den Yves Ugaldek.
Edonola ere, udal agintariek beraiek aitortzen dutenez, askoz sakonagoa da Nafarroa Garaiko eta Lapurdiko hiriburuak lotzen dituen uztarria.
Baionarrek eginiko bisitaren ordez
Sanferminetan izan zen Baionako udaleko ordezkaritzari bisita itzultzeko etorri da, igande honetan, Iruñeko udaleko delegazioa.
San Andres elizan egin den mezan Iruñeko alkate berria eta Etchegaray bata bestearen ondoan eseri dira, bi hirietako beste zenbait ordezkariz inguraturik.
Eguerdia jota, meza bururaturik, txarangen desfilea abiatu da Baiona Tipiko elizaren ataritik.
Marengo karrikatik igaro eta Herriko Etxean amaitu da prozesioa.
Estatu frantseseko txoko ezberdinetatik heldutako banda edo txarangak ez dira izan, ordea, bestetako azken goizari giroa jarri zioten bakarrak, ez da lehenak ere.
Ohi bezala, gaiteroen eta dultzaineroen kontzertuarekin esnatu da Lapurdiko hiriburua.
Pixka bat geroago izan arren, beraiekin batera besta alternatiboen eskutik Kanboko erraldoiak iritsi dira. Ohitura dutenez, sorbaldan euskal presoen etxeratzea galdetzen zuten, ikurrak itsatsirik zituztela.
Karriketatik igaro ondoan, dantzaldi berezia egin zuten Laborarien Txokoan.
Elkartasun bazkaria
Erraldoiek karrikaratu duten aldarrikapen bera aintzat harturik, bestetako azken egunean egin ohi den preso eta iheslarien aldeko elkartasun bazkaria izan dute Patxa plazan, Nat eta Watson musikariek alaitua.
Besta giroan, Patxa plazako harresiek margoen bidez memorian iltzaturiko herri borroka ezberdinetako pasarteak kantuen bidez oroitu dituzte.
Berdin Karrikaldian, Jacques-Portes plazan, zein Patxa plaza zentro nagusietakoa duen gune alternatiboan, Baionako elkarteek egitaraua anitza garatu dute aurten, besta euskaldun eta herrikoak xede.
Era berean, Paul-Bert plazan eta Espainiako Atearen eszenan euskal musikariek tokia egin dute.
Zinez zirraragarria, bestalde, Les Mokos txarangak Haiz Egoaren peñaren aitzinean iluntzearekin eskainitako emanaldia. Beste «momentutxu» horietako bat.
'Txoria txori' k zirrara kolektiboa eragin zuen
Milaka eta milaka bestazaleek kantatu zuten 'Txoria txori' uztailaren 26an, bestetako idekiera ekitaldian, zirrara kolektiboa eraginez Askatasun plazatik harago, baita sare sozialeetan ere.
‘Txoria txori’ desvela una plaza vasca, Baiona https://t.co/kA5tTivnDE
— naiz: (@naiz_info) July 28, 2023
La mítica canción de Mikel Laboa que sonó desde el balcón del Ayuntamiento entonada por miles de voces ha suscitado emoción en las redes@Maite_Ubiria pic.twitter.com/URt8sqDcUI
Karrikan inoiz baino gehiago entzun dira euskal kantak. Mila bat musikarik girotu dute bost egunez Lapurdiko hiriburua, eta Allande Boutin France 3 telebistako kazetariak bere Twitterreko kontuan nabarmendu duenez, horietako batzuk, Angeluko Genets txarangak kasu, Urkoren «Guk euskaraz» kantatu dute.
La banda des Genêts d’Anglet interprétant vendredi midi « Guk euskaraz » d’Urko, hommage à l’artiste donostiarra Aux @Fetes_Bayonne présence de la culture basque Angeluko Banda famatuak Urkoren « Guk euskaraz » ematen joan den ostiralean Baionako pestetan euskal kultura present ! pic.twitter.com/l7cHrd1dIg
— Allande Boutin (@allande_boutin) July 30, 2023