NAIZ

Jumbo taldeko Olav Kooij esprinter gazteak aurretik eraman ditu arerioak Polonian

Opole hiriko azken zuzengune estura txirrindularirik bizkorrena banako lerroan sartu dira, talde-lanari aukerarik eman gabe. Hala, Herbeheretako txirrindulariak denboraldiko zortzigarren garaipena lortu du. Mohoricek darraio lidergoan, etaparik garrantzitsuenak iritsi bitartean.

Olav Kooij gaztea jaun eta jabe Opoleko helmugan.
Olav Kooij gaztea jaun eta jabe Opoleko helmugan. (@SZYMON GRUCHALSKI)

Jumbo Visma taldea ez da esprintetan sartu zalea, bere helburuak sailkapen nagusiak edo klasika handiak direlako. alabaina, 21 urteko Olav Kooij herbeheretar gazteak denboraldiko zortzigarren garaipena lortu du Jumbo taldearentzat Poloniako Tourreko laugarren etapa eraman ostean. Opoleko helmugan ez du areriorik izan, eta aurkari guztiak aurretik eraman ostean irabazi du, bere atzetik Marijn Van den Berg (EF) eta Matteo Moschtti (Q36) sailkatu direlarik, hurrenez hurren.

Poloniako Tourreko laugarren etapa honek ia 200 kilometro izan baditu ere, sailkapen nagusiari dagokionez ez da ezer garrantzitsurik jazo. Matej Mohoric Bahrain taldeko esloveniarrak darraio lidergoan hurrengo bi etapetan sailkapen nagusia erabakiko duten egunen zain. Astearte honetan bederen, Mohoricek egun lasaia izan du.

Gorabehera leun batzuek izan baditu ere Trzelin eta Opole hirien arteko etapa honek, tropel nagusiak aspertzeko astia ere izan du. Batez beste 45 kilometro orduko abiaduran joan izan ez balira, aspertuko ziratekeen bederen.

Etapan zehar Yevyeniy Gidich , Sebastian Schonberger, Norbert Banaszek eta Patryk Stosz txirrindularien ihesaldiak tropelari ordagoa jo badio ere, honek ez dio aukera handirik eman. Boskotearen abantaila sekula ez da izan arduratzeko modukoa, eta egunak aurrera egin ahala, pixkanaka ihesaldia taldekideak galtzen joan da 25 kilometroren faltan guztiek bat egin duten arte.

Opoleko helmugak beldur apur bat sortzen zuen, batik bat bezperako eguneko esprinta aintzat hartuta. Azken zuzengunea oso estua izan da eta esprinterako hautagai asko egonagatik, talde-lana eta estrategiak pikutara joan dira leku faltaren erruz. Kooij azken bihurgune arriskutsu horretan –90 graduko «botila lepo» tankerakoa– bigarren postuan atera da, arerio baten gurpilari itsatsita. 200 metro falta zirela sekulako erritmo aldaketa egin du eta aurkariek hurbiltzeko ere ez dute ez indarrik ezta adorerik izan. Erorketarik ez da izan eta hori poztekoa da, baina Olav Kooiji itzalik egingo dion inor ere ez da azaldu, ibilbidearen egokierak hala baldintzatuta. Nolanahi, Herbehereetako txirrindulari gazteak talentua baduela erakutsi du garaipen honekin, iaz profesionaletan debuta egin zuenez geroztik pilatu duen hogeita bigarrena.

Poloniako Tourra faserik erabakigarrienean sartzera do. Asteazken honetan Pszczyna eta Bielsko-Biala artean 198,8 kilometroko jardunaldi luzea izango dute txirrindulariek, Lehenengo Mailako bi mendaterekin eta Bigarren Milako beste batekin, nahiz eta azken gailurretik helmugara errekuperatzeko tartea ere badagoen.

Mtaej Mohoricek lider izaten jarraitzen du baina UAE taldeko Joao Almeida eta Rafal Majka 10 segundora baino ez daude Lan txarrak esloveniarrarentzat.

L'Aingo Tourra

Etapa baten faltan, L'Aingo Tourreko lider berria bigarren etapa irabazi eta gero. Education First taldeko txirrindulari hegoamerikarrarekin batera Groupama taldeko Michael Storer australiarra iritsi da Lagnieuko helmugara, esprint oso estu baten ondotik.

Ekuadorko txirrindulariak eta biek oso amaiera estua izan dute eta helmugako marra pasa berritan Storer lurrera erori da. Azkenean, nolanahi, Cepedarentzat izan da garaipena eta lasterketako lidergoa etapa bakarraren faltan.