Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

«Inor ez da profeta bere herrian»: Herve Renard, horri buelta ematen

Herve Renardek (Frantzia, 1968) jaioterritik kanpo hartu du ospea prestatzaile gisa. Qatarreko Munduko Kopan Saudi Arabiarekin lortu zuen oihartzuna; loria, ordea, Afrikan dastatu zuen: Zambia (2012) eta Boli Kostarekin (2015) Afrikako Kopa altxatuta. Orain Munduko Kopan Frantziako hautatzailea da.

Herve Renard Frantziako hautatzailea Munduko Kopako estreinako partidan, Jamaikaren aurkakoan, jokalariei aginduak ematen.
Herve Renard Frantziako hautatzailea Munduko Kopako estreinako partidan, Jamaikaren aurkakoan, jokalariei aginduak ematen. (Nigel KEENE | EUROPA PRESS)

Herve Renardek 30 urte zituela futbolari izateari utzi zion, eta garbitzaile gisa lan egiten hasi zen. Goizaldeko ordu bietan esnatzen zen eta, batez ere, zaborra biltzen eta apartamentu bloke bat kudeatzen aritzen zen. Futboleko entrenatzaile izateko bideari ekin zion arte. Gogor lan egin behar izan du gaur dagoen tokira iristeko, Frantziako hautatzailearen ibilbidea behetik gorakoa izan baita.

Qatarreko iazko Munduko Txapelketan lortu zuen oihartzuna, Saudi Arabiarekin, multzoen fasean Messiren Argentinari 1-2 irabazita –Argentinak altxatu zuen iaz munduko koparik preziatuena, eta, beraz, lortutakoak meritu handiagoa du–.

Erakusleiho aparta izan zen Munduko Kopa frantziarrarentzat, eta horrek, kontuan hartzeko entrenatzaileen eszenatokian kokatu zuen. Inor ez da profeta bere herrian, eta Frantziako selekzioaren deia iritsi arte Renardek bere herrialdetik kanpo eman behar izan ditu pausoak entrenatzaile gisa. Orain, esaera horri buelta emateko aukera paregabea du.  

Iragan martxoan jakinarazi zuen Frantziako Futbol Federazioak selekzioko entrenatzailea Renard izango zela, Corinne Diacre kargutik bota ostean. Selekzioko jokalari garrantzitsuenek, besteak beste, Wendie Renard kapitainak, Marie-Antoinette Katotok eta Kadidiatou Dianik, hautatzaile ohiaren lan egiteko moduak zalantzan jarri zituzten.

Renard Munduko Kopa batean emakumezkoen eta gizonezkoen talde bat zuzendu dituen aurreneko entrenatzailea da. Frantziarekin zeregin bat du: oilarra ikur duen selekzioa onenen olinpora eramatea. Frantziarrak finalerdietara iritsi ziren 2011n. Azken bietan, 2015ean eta 2019an, ez zuten lortu final-laurdenetatik pasatzea.

Renardek hori izango du erronkarik handiena, eta bere herrialdearekin arrakasta izateko nahia baduela erakutsi du. Izan ere, Saudi Arabiako hautatzaile kargua utzi zuen, Frantziakoa hartzeko, soldata %75 jaitsita.

Frantziarrak berezkoa du karisma, zelaian itxura akasgabea erakutsi arren. Eta, hori, behin baino gehiagotan ikusi da. Qatarreko Munduko Kopan, Argentinaren aurka, atsedenaldian jokalariei emandako hitzaldia birala egin zen –markagailuan 0-1 atzetik zihoazela–. «Messik zelai-erdian baloia duenean, zuek geldirik zaudete. Nahi baduzue, har ezazue sakelako telefonoa, eta egin argazki bat Messiri», esan zuen ironikoki Renardek. Jokalariak amorrarazteko egin zuen, eta estrategia horrek fruituak eman zizkion: atsedenalditik bueltan, Saudi Arabiak markagailua irauli zuen, 1-2 aurrea hartuta.

Afrikako kopa birritan irabazi du

Oihartzuna Munduko Kopan Saudi Arabiarekin lortu bazuen ere, loria Afrikan dastatu zuen; Zambiarekin (2012) eta Boli Kostarekin (2015) Afrikako Kopa altxatuta. Hori bi herrialderekin irabazi duen entrenatzaile bakarra da. Zambiarekin irabazitako Afrikako Kopan, Renardek bere izaeraren beste ezaugarri bat erakutsi zuen.

Finala jokatu baino hiru egun lehenago Librevillera eraman zituen jokalariak, 1993an Zambiako selekzioko hemezortzi jokalari hil zirelako han hegazkin istripu batean. Sentimenduz beteriko eremua zen, herrialdeko historiarekin bat egiteko, eta indarra hartzeko, finalari begira. Emozioen kudeaketan lider ona zela erakutsi zuen Renardek.

Renardek bere kirol ibilbidea Frantzian hasi zuen, amateur mailan. SC Draguignanen bi sasoi egin zituen, eta taldea Frantziako seigarren mailatik laugarrenera igo zuen. 2001ean bere bizitza aldatuko zuen deia jaso zuen: Claude Le Roy Frantziako jokalari ohiak bere laguntzailea izatea proposatu zion, Le Roy Shanghai Cosco taldeko entrenatzailea zela.

Gerora, Ingalaterran, Vietnamen eta Frantzian egon zen. Eta, 2006an, berriro ere, Le Royk, Ghanako selekzioko hautatzailea zela, Renard izendatu zuen fisikoa lantzeko laguntzaile. Hor ireki zitzaizkion ateak Afrika kontinentera.

Gaur, Panamaren aurka (12.00)

Munduko Kopako lehen lehian Jamaikak sustoa eman zion Frantziari, partida hutsean amaituta. Bigarrenean, baina, txapelketako lehen garaipena lortu zuen, Brasilgo selekzioa 2-1 mendean hartuta. Gaur jokatuko du Frantziak partida erabakigarria, Panamaren aurka, Munduko Kopan bizirik jarraitzea ahalbidetuko diona. Haien esku dago sailkatzea: irabazten badute, final-zortzirenetan izango dira.